Ding Liren

Ausart jokatu eta emozioak kudeatu

Ding Liren xake jokalari txinatarrak irabazi du Munduko Txapelketa, finalean Ian Nepomniaxtxi errusiarra mendean hartuta. Gaizki hasi zen Ding, baina behetik gora eginda nagusitu da.

Josu Tornay.
2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
«Nire helburua ez zen munduko txapeldun izatea, ahal zen ondoen jokatzea baizik», esan zuen Ding Lirenek herenegun (Wenzhou, Txina, 1992), munduko txapeldun izan berritan. Minutu batzuk lehenago, taula aurrean, berdinketa hausteko laugarren partidan, Ian Nepomniaxtxi errusiarrak etsi zuenean, txinatarrak bi aldiz eman zion eskua. Jarraian, denbora luzez geratu zen eserita. Asteetako presioa eta emozioak kudeatzen ari zen, eta txapelduna izatera egokitzen.

Berdinketa hausteko laugarren erdi-bizkorra kudeatzeko modua bi jokalarien izaeren isla izan zen. Biek ondo jokatu zuten, momentu ezberdinetan abantaila txikia izan zuten, eta egoerak eskatu zuenean ondo defendatu zuten beren burua. Baina denboraren estutasuna heldu zenean, agerian geratu zen zailtasunen aurrean txinatarrak ausardiarako joera duela eta errusiarrak, berriz, lur jota geratzekoa. Taulan posizioa berdinduta zegoen, eta Nepomniaxtxik berdinketa behartzeko jokaldi sekuentzia bat martxan ipini zuen. Esatariek ere horrela ikusi zuten: Dingek bere erregea zortzigarren lerrora mugitu beharko zuen; Nepomniaxtxik berriro bere damarekin xake eman, eta hiru errepikapenen ostean, berdinketa. Hortik aurrera, txapeldun bat edukitzeko, partida bizkorrekin jarraitzeko beharra legoke. Baina Dingek ez zuen erregearekin ihes egin, eta, denen harridurarako, gaztelu g6 jokatu zuen, erlojuan soilik minutu bat edukita bere gaztelua arriskuan ipiniz. Argigarria izan zen zer aurpegi jarri zuen errusiarrak. Apustu arriskutsua zirudien, baina ,hortik aurrera, errusiarrak doitasunik gabe jokatu zuen. Txinatarrak, berriz, makina baten moduan egin zituen mugimendu denak, bizkor eta akatsik gabe.

Final ikusgarria jokatu dute Astanan. Erritmo klasikoan jokatutako hamalau partidetatik soilik zortzi izan dira berdinketak. Ding gaizki hasi zen: lehen partida ozta-ozta berdindu zuen, eta bigarrena, galdu. Burumakur azaldu zen. Harrigarria izan zen horrelako puntako lehia baten norbaitek bere ahultasun psikologikoa hain argi denei azaltzea. Baina, agian, arazoa kudeatzeko eta gainditzeko era izan zen hori. Eta funtzionatu du.

Dingek modu zoragarrian irabazi zuen laugarren partida. Lehia ikusgarria hasi zuten biek: batek partida irabazi, eta besteak hurrengoa. Arrisku handiak hartu zituzten. Horrenbeste, esatari batzuek jokoaren maila kritikatu baitzuten. Magnus Carlsenen izena azaldu zen berriz, haren ordezkoen doitasun falta argudiatuta. Baina errealitatea da oso partida konplexuak planteatu zirela, eta horrelakoetan onenek ere huts egiten dutela.

Mugarria, 12. partida

Akatsik erabakigarriena hamabigarren partidan gertatu zen. Nepomniaxtxik puntu bateko abantaila zeukan hiru partida bakarrik geratzen zirela. Hirurak berdinduz gero, txapeldun zen. Baina partidako etengabeko kolpe trukeek kalte egin zioten Nepomniaxtxiri. Galdu egin zuen partida, eta hurrengo bietan, berriz, berdindu egin zuten, baita berdinketa hausteko lehen hiru partida erdi-bizkorretan ere. Laugarrenean, Dingen ausardiak eta luzaroko gogoratuko den haren gaztelu g6 jokaldiak Nepomniaxtxin hartu zuten mendean. «Norgehiagoka hau nire arimaren sakontasunaren isla izan da», esan zuen Dingek.

Modu bitxian irabazi du. Ez zen sailkatu hautagaien torneorako, baina Sergei Karjakin errusiarra ordezkatu zuen, hark Ukrainako gerrari buruzko adierazpen batzuk egin eta zigortua izan eta gero. Ez zuen irabazi hautagaien torneoa ere, baina Carlsenek bere koroa defenditzeari uko egin eta gero, finalerako sailkatu zen. Finalean, berriz, beti joan da atzetik edo berdinduta, azken unean kolpe erabakigarri bati esker nagusitu arte. Lehen aldiz, txinatar bat da txapeldun maila irekian. Emakumezkoetan, Ju Wenjun da txapelduna. Txinatarrak emakumeen xakea menperatzen hasi ziren 90eko hamarkadan. Maila irekian zailagoa ikusten da hori gertatzea, baina lehen pausoa emana dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.