Anna van der Breggen eta Julian Alaphilippe

Ausardia ortzadarrez jantzi da

Erasoko txirrindularitza eginda irabazi dute Van der Breggenek eta Alaphilippek Imolako Munduko Txapelketa. Herbeheretarra errepidean eta erlojuaren kontra nagusitu da. Frantziarra, berriz, «gailurrera» iritsi da, proba kutuna irabazita.

BERRIA.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Zerua ukitu dute Julian Alaphilippek (Saint-Amand-Montrond, Frantzia, 1992) eta Anna van der Breggenek (Zwolle, Herbehereak, 1990) Imolako Munduko Txapelketan, Italian. Erasoko txirrindularitza goratu, eta ostadarraren jabe egin ziren. Paparrean eramango dute datorren urtera arte, egindako balentrien lekuko. Handiena herbeheretarrak egin zuen, emakumezkoen errepideko proban. Urrutitik eraso egitekoa zalea da, eta larunbatean helmugatik 40 kilometrora apurtu zuen lasterketa, 2018ko aldian bezalaxe. Ez zuen aurkaririk izan: bakarrik abiatu zen, eta helmugan 1.21 atera zien Annemiek van Vleuten herrikideari eta Elisa Longo Borghini italiarrari. Alaphilippek, berriz, aurrenekoz kolkoratu zuen urrezko domina gizonezkoen lasterketan. Frantziarrak azken igoeran piztu zuen sua, 12 kilometroren faltan, eta herio batean egin zituen amaierara bitartekoak. Garaipen agonikoa izan zen. Harekin batera, Wout van Aert belgikarra eta Marc Hirschi suitzarra igo ziren podiumera.

Arrakasta bilduma paregabea dauka Alaphilippek. Besteak beste, bost etapa irabazi ditu Frantziako Tourrean, iaz bi astez jantzi zuen elastiko horia, bitan gailendu da Fleche Wallonnen, eta behin Milan-Sanremon, Donostiako Klasikoan eta Strade Bianchen. Ordea, balio berezia aitortu dio igandean lortutako garaipenari. «Hau nire ametsetako lasterketa bakarra izan da beti. Nire ibilbidearen gailurra da. Ikaragarri desiratu dut, eta orain oso sentsazio berezia daukat». 2017an, hiru kilometro eskasera gelditu zitzaion loria. Hiru urteren buruan, ordea, helmugara iritsi da.

Frantziako selekzioaren desioa ere ase zuen. Izan ere, 23 urte zeramatzan Munduko Txapelketa irabazi ezinik, Laurent Brochard Donostian nagusitu zenetik. Luze ari zen jotzen lehortea, baina aurtengoa urrezko aukera zen, ia 5.000 metroko desnibel metatuarekin eta bederatzi aldiz igo behar ziren bi mendate pikorekin: Mazzolano —2,2 kilometro eta %7,1eko pendiza— eta Gallisterna —2,3 kilometro eta %7,3—. Azken horrek %15eko maldak zituen, eta hamar kilometro pasa zeuden gainetik helmugaraino. Toki egokia zen Alaphilippek bere erritmo aldaketa bortitz horietako bat egin zezan. Arbelean marraztutakoa goitik behera islatu zen errepidean.

Frantziarrek 60 kilometroren faltan hartu zuten aginte makila, liderraren joaldia pixkanaka prestatzeko. Bat guztientzat, guztiak batentzat. Geroago, Tadej Pogacarrek eta Belgikako selekzioak bereganatu zituzten begirada guztiak. Mikel Landa ere saiatu zen zeresana ematen. Haatik, azken kilometroetan ekimena berreskuratu zuten Alaphilipperen taldekideek, eta Gallisternan berea egin zuen Deceuninck taldeko txirrindulariak. Akabo agorraldia. Frantziari bederatzigarren munduko txapelketa eman zion.

Tourrean falta izan zitzaion txinparta eduki zuen hanketan Alaphilippek. Bazuen arantza bat ordutik, azken bi urteetako mailatik oso urrun aritu baitzen, etapa bat irabazi eta hiru egunez maillot horia jantzi arren bidoi bat behar ez zen tokian hartzeagatik galdu zuen. Igandean, berriz, Tourrean punta-puntan ibilitako ziklista guztiak menperatu zituen. Egutegiaren birmoldaketak balio berezia eman dio aurtengo Munduko Txapelketari1994an jokatu zen azkenekoz Tourra bukatu berritan, eta horregatik, aspaldiko ostadarrik distiratsuena eramango du soinean frantziarrak. Hark ere emango dio distira, ziklista ipurtarina baita. Hasteko, Ardenetako klasikoetan erakutsiko du.

Jeannie Longoren pare

Italiako errepideei ondo baino hobeto hartu die neurria Van der Breggenek: Giroa irabazi zuen orain dela bi aste, eta andre eta jabe izan da Munduko Txapelketan. Ostegunean bere lehen urrezko domina eskuratu zuen erlojuaren aurka, azken bost aldietatik lautan bigarren izan eta gero. Chloe Dygerten erorikoa baliatuz igo zen podiumeko koska gorenera. Aurkarien akatsak aprobetxatzen aditua da, aurtengo Giroan bertan eta 2016ko Olinpiar Jokoetan erakutsi bezala. Annemiek van Vleutenen erorikoengatik izan zen garaile bi horietan.

Herenegun, ordea, ez zuen inoren ezbeharrik behar izan errepideko proba irabazteko. Indartsuena izan zen argi eta garbi, eta bakarkako erakustaldi batekin gozarazi zituen Imolako zirkuituan bildutako zaleak. Van Vleuten ez zegoen bere onenean, Giroko erorketaren ondorioz, baina horrek ez dio inolako meriturik kentzen. Txapeldun handien gisara irabazi zuen.

Oso gutxiren esku dago aldi berean errepideko eta erlojupeko probak irabaztea. Jeannie Longo izan zen hori lortzen azkena, 1995ean. Van der Breggenek errepikatu egin du frantziarraren balentria, eta hartara, motibazioz gainezka iritsiko da Ardenetako probetara. Espezialista handia da: bost bider irabazi du Fleche Wallonne, bitan Lieja-Bastogne-Lieja, eta behin Amstel Gold Race.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.