Josean Olaskoaga, 'Aizperro'. Orioko entrenatzailea

«Aurtengo Orio ibili egingo da oraindik»

Orio ez dabil entrenatzaileak uste bezain ondo, baina aitortzen du ez daudela indartsuenen pare ibiltzeko oraingoz. Hala ere, oriotarra nahiko ziur da hobetu egingo dutela hemendik aurrera.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Aro berriari ekin zion Oriok aurreko udazkenean, Josean Olaskoaga Aizperro(Orio, Gipuzkoa, 1974) buru zuela. Neguko lanarekin konforme geratu ziren, eta bazuten itxaropena ondo ibiltzeko udan, baina emaitzak ez dira ari izaten nahi bezalakoak. Hala ere, Aizperro lasai antzean dago, eta badu itxaropena hobera egiteko. Entrenatzailea lasai egotea ez da seinale txarra.

Uste baino okerrago al dabil Orio?

Bagenekien zaila izango zela, baina ez gabiltza espero bezala. Orio batek ohorezko txandan egon behar du, eta kostatzen ari zaigu. Bigaren txandan gabiltza, eta borrokan, gainera, txanda horretakoekin.

Orio Zarauzko estropadatik aurrera aritzen zen lehen ondoena, irailera begira.

Bi astez egon ginen lehiatu gabe, San Miguel ligako etena baliatuta, eta Zarautzen lan ona egin nahi genuen. Larunbatean, estropada ona osatu genuen, baina, igandean, azkeneko minutu eta erdian joan zitzaigun aurretik egindako lan guztia. Emaitza txarra izan zen igandekoa, urteko txarrena. Ez genuen gure estropada egin, eta gauza batzuetan huts egin genuen. Badakigu zer hobetu behar dugun, eta horretan ari gara. Taldea gogoz dago gorantz egiteko, eta irrikaz gaude asteburuko bi estropadak jokatzeko, itsasoan; ea gai garen gure benetako maila emateko.

Zergatik ari zaizue hainbeste kostatzen ondo aritzea?

Tira, neguan, prestakuntza garaian, arraunlari asko ibili genituen traineruan, eta gazteenei ere aukera eman genien traineruan sartzeko. Etorkizunera begirako lana da hori. Ez genuena espero zen hainbeste kostatzea lehian ibiltzea. Badakigu ez daukagula talde irabazlea, baina gorago ibiltzeko moduko taldea gara.

Berez, orain da garaia goranzko pausoa emateko, ezta?

Horrela geneukan zehaztuta. Denboraldiaren lehen erdian, arraunlari guztiei eman diegu aukera lehiatzeko, eta hor ibili gara, laugarren, bosgarren... Uste genuen taldea finkatzen genuenean —orain, alegia— gorantz egingo genuela, baina Zarautzen, behintzat, ez dugu lortu.

Aurkarien maila onak ere badu eraginik zuen emaitzetan?

Begira San Juani, adibidez. Sekulako saltoa jo du azken bi asteetan, Espainiako txapelketatik aurrera, eta ez genuen halakorik espero. Ezustean hartu gaitu, baina ikusi dugu zaila egongo dela ohorezko txandan sartzea.

Zein da Orioren maila onena?

Laugarren lekuan ibiltzea. Beste koska bat gorago daude Hondarribia, Urdaibai eta Kaiku.

Garai onik ez dago emaitza txarrak ateratzeko, baina Zarautzen gertatzea ez al da unerik arriskutsuena?

Hala da, baina taldearen barruan zalantzarik ez dago. Gosez gaude, eta aztertu dugu zergatik ez dugun arraunean ondo egiten. Badut itxaropena Kontxaren aurreko lau estropadetan maila ona emateko; horretarako gai gara, eta horrek emango liguke konfiantza Kontxara begira. Lasaitu ez gara egingo emaitza onak lortzen baditugu, Kontxarako lehia oso estua izango da eta. Baliatu egin behar ditugu lau estropada hauek taldea lasaitzeko, ikus dezaten gai direla lau onenen artean sartzeko.

Kontxarako sailkatzea arriskuan ikusten duzu?

Ez, baina edozer eta edozeini gerta dakioke zerbait. Hori bai, oso garbi daukat gure lana egiten badugu barruan izango garela. Beti izaten da ezusteren bat, eta espero ez den talderen bat sartzen da, baina, hala ere, gurea eginez gero, barruan behar genuke.

Emaitzak dira zure taldearen alderdi ilunena sasoi honetan, baina gauza onak ere badira. Esaterako, arraunlari gazteak lekua egiten ari dira traineruan.

Hala da. Iazko taldeko hiru indartsuenak falta zaizkigu, eta horrek ere desorekatu egin du taldea. Indarra badugu taldean, baina arraunlari arin asko ez ditugu. Datorren urtera begira, beste pare bat gaztek ere lekua izango dute taldean, eta aurten sartu direnak ere zaildu egingo dira. Azkenean, gauza asko uztartu behar dira trainerua erregulartasunez ibiltzeko, eta zenbait kontutan denbora behar da.

Orioko plaza ez da errazena lanean aritzeko, talde garailea izan delako ia beti. Ingurua nola ari da barneratzen gazteei aukera ematea, batetik, eta emaitzarik ez iristea, bestetik?

Kezkagarriena litzateke taldearen barruan arraunlariak gustura ez ibiltzea. Herrian denetik ari naiz entzuten: batzuentzat, ondo ari gara, eta beste zenbaitentzat, ez. Zuzendaritza lasai dago, eta arraunlariak ere bai. Igandeko emaitza txarrak min eman digu; hori hor dago, baina astelehenean bertan uretara bota genuen trainerua, eta gustura ibili ginen. Taldea itxaropentsu dago. Orio hau ibili egingo da oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.