6.000 emakumek parte hartuko dute aurtengo Lilatoian, inoiz baino gehiagok. Joan den urtean, adibidez, 5.000 parte hartzaile egon ziren. Donostian eginen da, martxoaren 5ean. Athletico San Sebastian kirol klubak zortzi urte daramatza ekitaldia antolatzen, eta aurten ere ez du hutsik egin. Gaur egin dute lasterketaren aurkezpena.
Ander Eizagirre klubeko zuzendariak egitaraua zein izanen den azaldu du: «9:40an, beroketa eginen dugu, zumba saio batekin. Proba 10:30ean izango da. Esku bizikletako modalitatekoak aterako dira lehenengo, eta gero irtengo dira korrika parte hartuko dutenak. Jarraian, 11:30 aldera, udaletxeko balkoiean sari banaketa egingo da». Gogoratu du, gainera, aurten Lila Poteoa delakoa berreskuratuko dutela: 12:30ean egingo da, Parte Zaharreko kaleetan barrena.
Joan den abendu bukaeratik aurrera zegoen parte hartzeko aukera, baina antolatzaileek atzo jakinarazi zuten izen emateak itxi dituztela. Parte hartzaileek dortsalak eta kamisetak jasotzeko hamar leku dituzte eskuragarri. Material horiek prestatzen, eta egunean bertan lanean, orotara, 250 lagun inguru arituko dira boluntario gisa.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten ere errefortzuko tren bat egonen da ekitaldira joateko. Zerbitzua lasterketaren parte hartzaileendako eta haiekin joaten direnendako soilik izanen denez, ordutegia ez da Renferen webgunean egonen ikusgai, Lilatoiaren Twitter kontuan baizik.