Ernesto Valverde hasia da sasoi hasierako taldea diseinatzen, eta, behin jokalariak fitxatuta, deialdietatik kanpo gelditzen direnak dira albiste. Hiru jokalarirena da kasu deigarriena: Gaizka Toquero, Kike Sola eta Jon Aurtenetxe. Iragan astean ez ziren sartu Borussia Monchengladbachen aurkako lagunartekorako deialdian, ez eta atzo Atenasen Olinpiakosen aurka jokatzekoan ere. Valverdek berak esana zuen partida horietatik egingo zuela sasoirako jokalari entresaka. Beraz, mezua argia da: gauzak aldatu ezean, hiruek oso zail izango dute jokatzea.
Aurrelariaren auziak zeresan handia eman du Bilbon. Bost dira, eta zerrendako lehena zein den argi dago: Aritz Aduriz. Orain arte ikusitakoaren arabera, lehen ordezkoa Borja Viguera da. Taldeak ekainean fitxatu zuen, milioi bat euroren truke, eta denboraldi-aurrean poliki jokatu izan du.Guillermo da hirugarrena zerrendan. Harrobiko jokalaria apurka zailtzea nahi du klubak, eta,oraingoz, Bilbon bertan, bigarren taldearekin tartekatuz. Testuinguru horrek egoera zailean uzten ditu Toquero eta Sola. Bien artean, dena den, Solak du, printzipioz, gelditzeko aukera handiena.
Soldata handia du Solak, eta horrek zaildu egiten du taldetik irtetea. Iragan sasoian, belauneko lesioa larria izan zuen, eta hiru partida baino ez zituen jokatu. Toqueroren egoera deserosoagoa da. 2016ra arteko kontratua duen arren, azken sasoietan asko jaitsi da San Mameseko zaleen kutunak taldean duen pisua. Iragan sasoian, 590 minutuan jokatu zuen, 20 partidatan banatuta. Ekainean, Eibarrera utzita joan zitekeela zabaldu zen, baina bi taldeek aukera hori ukatu zuten.
Aurtenetxen kasua ezberdina da, eta bitxia era berean. Iragan sasoian, Celtan utzita egon zen, eta 27 partida jokatu zituen, hegalerdiko atzelari postuarekin tartekatuz. Athleticera itzulita, ez du tokirik Valverderen eskemetan. Dena den, Balentziagari atsedena emateko, taldean dagoen eskarmentudun ezker hegaleko atzelari peto bakarra da. Sorpresa litzateke taldea uztea.
Aurtenetxe, Sola eta Toquero, lekurik gabe
Ernesto Valverdek ez ditu sartu azken bi lagunarteko partidetarako deialdietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu