Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Amets Txurruka. Caja Ruraleko txirrindularia

«Aurten ez dut zorterik izan, baina espero dut egoerari buelta ematea»

Etapa bat irabazteko erronkarekin, «ilusioz gainezka» ekingo dio Amets Txurrukak Vueltari. David Arroyo izango da Caja Ruralen taldeburua, eta bizkaitarra ihesaldien borrokan sartzen saiatuko da.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
2014ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Amets Txurruka (Etxebarria, Bizkaia, 1982) gogo biziz dago etzitik aurrera Espainiako Vueltan parte hartzeko. Ohi bezala, taldearen alde lan egitea egokituko zaio bizkaitarrari, erronka pertsonalak alde batera utzi gabe, noski. Ikuskizuna bermatzen duen txirrindularia da, eta, ondo bidean, behin baino gehiagotan sartuko da ihesaldietan. Horietakoren batean ezustea eman eta bi besoak altxatzea da haren nahia.

Bertan da Espainiako Vuelta. Ondo joan al da prestaketa?

Esperotako moduan. Denetik landu dugu: indarra, abiadura, intentsitatea, iraupena... Ondo iritsi gara.

Giroan eta Tourrean parte hartu gabe, Vuelta da Caja Ruralentzat denboraldiko lasterketa nagusia. Zein helburu ditu taldeak?

Gonbidapena lortu dugu, eta sailkapen nagusian taldekideren bat ahalik eta ondoena kokatzea da orain helburua. Hasiera batean, David Arroyo izango da taldeburua. Besteok, urteotan bezala, lehiakorrak izan beharko dugu, geure burua erakutsiz eta ihesaldietan sartuz. Ea gero etaparen bat irabazterik dugun.

Eta zein da zeure erronka: etaparen bat irabaztea, agian?

Jakitun naiz oso zaila dela etapa bat irabaztea, baina, aurreko urtean bezala, saiatuko naiz ihesaldietan sartzen eta hor aurreko lehian ibiltzen. Ondoren garaipena iristen bada, primeran.

Taldeburuez hizketan hasita, zer moduz iritsi da Arroyo? Lehen hamarren artean sartu nahiko zenukete?

Faborito asko daude aurten. Giroan eta Tourrean parte hartu dutenetako asko ariko dira lehian, eta ez da erraza izango hamar onenen artean sartzea. Baina Arroyok primeran egin du prestaketa lana, eta Burgosen jada erakutsi du oso ondo dabilela. Oso erregularra da, eta goiko postuetan ibiliko da, ziur.

Hautagaien artean zein ikusten duzu indartsuen?

Quintanak erakutsi du oso ondo dagoela, Kolonbiatik itzuli eta Burgosko Itzulia maila handia erakutsiz irabazita. Froomek ere, ondo bidean, hautagaien artean behar luke, eta beste hainbat faborito ere badaude: Purito [Joaquim Rodriguez], Valverde...

Aralarren amaituko da 11. etapa. Hiru asteko itzuli batean berezia izango da euskal zaleen aurrean lehiatzea, ezta?

Bai, beti da berezia etxean lehiatzea. Aralarren amaituta, jende asko joango da, ziur, eta giro bikaina egongo da, zalantzarik gabe. Guretzat oso garrantzitsua izango da babes hori. Etxean lehiatzeko berezitasun sentsazio hori hemengo txirrindularien kontua zela uste nuen, baina kanpokoek ere behin eta berriz esaten dute izugarrizko zaleak dauzkagula eta ez dela erraza beste inon horrelakorik aurkitzea.

Bosgarren etapatik aurrera, ia bi egunetik behin aldapan amaituko da etapa. Aukeran ez al da gogorregia ibilbidea?

Bueno... Gogorra, bada. Baina ibilbide honetara garamatza Vueltak urteotan izan duen bilakaerak. Laburragoak dira etapak, baina intentsitate handiagokoak; mendian amaituko diren etapa asko daude tartean. Horretara jo du antolakuntzak, eta bistan da zaleek oso erantzun ona eman dutela. Telebistako audientzia datuek gora egin dute urteotan, eta, beraz, badirudi ona izan dela apustua.

Orain artean, zer moduzkoa izan da denboraldia?

Ezin dezaket egin balorazio onik. Txukun hasi nintzen, baina gero, Euskal Herriko Itzuliaren aurretik, gaixotu egin nintzen, eta arrastaka ibili naiz ordutik, gorputza bere onera ekarri ezinik. Nahi baino errendimendu apalagoa izan dut. Hala ere, nahiko txukun nabil geldialditik itzuli naizenetik, eta ea maila horrek pixkanaka gora egiten duen.

Caja Ruralera iritsi zinenean aitortu zenuen zure mailarik onena berreskuratzea zela helburua. Lortu al duzu?

Bai... Konforme nago aurreko denboraldiarekin. Asturiasen garaipena lortu nuen, beste lasterketa batzuetan postu onak ere bai, Vueltan bertan ondo aritu nintzen... Errematea ematea falta izan zitzaidan, agian, baina, oro har, ona izan zen denboraldia. Aurten gauzak ez zaizkit atera nahi nuen bezala; ez dut izan zorterik, baina espero dut Vueltarekin egoerari buelta ematea.

Desagertu zenetik, aurreneko Vuelta da Euskaltel gabe, eta, Burgosko Itzulia amaituta, agur esan du Euskadi taldeak ere. Taldeak desagertuz-desagertuz, geroz eta zailagoa da profesionaletara iristea, ezta?

Beti izan da zaila puntako mailara iristea. Baina lehen, behintzat, bazegoen erreferentzia hori; euskal txirrindulariok bagenekien talde bat bazegoela eta urtero baten bat lehen taldera iritsiko zela. Gaur egun, gazteentzat oso zaila da egoera. Oso ona izan behar duzu gora iristeko, kanpoan ere gauzak ez baitaude oso ondo. Penagarria da taldeak desagertzea, baina badaukat azken unean beste talderen bat sortuko den itxaropena. Ezin dugu onartu Euskal Herrian daukagun harrobia, hainbeste urtean landu duguna, ezerezean geratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.