Aurten ere, erronka

Waltary berriz ere «azpitik» sakatuz ariko da Superprestigioan; astelehenean hasiko da, Donibane Garazin

Waltary Agusti jolasean, binakako finalerako pilota hautaketan. GAIZKA IROZ.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Agusti Waltaryk iazko erronka bera jarriko dio bere buruari aurtengo Superprestigio torneoan. Apuñoz bizi sakatu beharrean, modu klasikoan, «azpitik» sakatuz buruz buruko torneoa irabaztea, eta hala, bide batez, aurkariei aukera bat ematea. Iaz Kurutxarrik eten zuen haren bidea finalean, eta eskupilota enpresak eta torneoko antolatzaileek xaxatuta, aurten berriz ere saiatuko da. Torneoa astelehenean hasiko da, lehen bi final-zortzirenekin, ohiko denez, Donibane Garaziko Garat trinketan, eta iazko txapelduna faltatuko da. Finala, berriz, abenduaren 30ean (igandea) jokatuko da.

Txapelketa ofizialen ondoren, trinket ekitaldi garrantzitsuena da Superprestigioa, eta zale askorentzat, maitatuena. Hamar pilotarik parte hartuko dute 19. aldian. Zortzi behetik hasiko dira, eta bi zerrendaburu sartuko dira finalerdietan: Waltary Agusti eta Stephane Lemuno. Waltary 2010ean txapeldun izan da, eta ia ez du parekorik buruz buru. Lemuno hautatzeak, berriz, eztabaida sortu du, ezker-paretako pilotari bat sartzeko nahia izan baita lehentasuna. Duela bi urte partida bat jokatu zuen, eta Arizmendiren aurka galdu arren (40-31), txukun aritu zen.

Lemunok iazko txapeldunaren tokia bete du, Kurutxarrik hankako lesioa baitu. 2012an ia ez du jokatu, eta muzin egin behar izan dio titulua defendatzeari. Patrick Ozafrainek ere ez du jokatuko, bankarrak udaberrian esan baitzuen aurtengo buruz buruko finala izango zela bakarka jokatuko zuen azkeneko partida.

Diaz mexikarra, berritasun

Beste zortzi parte hartzaileek behetik ekingo diote. Final-zortzirenetako lehen bi kanporaketak astelehenean jokatuko dira (16:00).Aurrenekoan, Herve Bonebeltxek eta Thierry Arizmendik neurtuko dituzte indarrak, eta bigarrenean, Herve Etxeberrik eta Laurent Lanbertek. Irabazleek abenduaren 17an jokatuko dute elkarren aurka, eta aurrera egiten duenak Waltaryrekin egingo du topo. Koadroaren alde horretan Arizmendi da faboritoa.

Lemunoren adarra, berriz, abenduaren 10ean hasiko da. Lehenbizi, Xabier Lanbertek eta Batita Ducassouk jokatuko dute. Ducassou, 21 urterekin, trinketeko izar gazte berria da. Gero, Paxkal Ezkurrak eta Orlando Diazek neurtuko dituzte indarrak. Diaz mexikarra duela gutxi hasi da berezkoekin jokatzen, eta aurrelari trebea da, baina ez bereziki indartsua. Ezkurra II.a buruz buruko txapeldun ohia da aurrera egiteko hautagai nagusia. Multzo horretako final-laurdena ere 17an jokatuko da. Bi finalerdiak 24an izango dira, eta finala, 30ean. Bi kanporaketa horiek igandez jokatuko dira, Donibane Garaziko astelehenetako ohitura hautsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.