Aurten ere, bi final

Bilboko Aste Nagusiko pilota feriak lau jaialdi izango ditu. Olaizola II.a: «Sinatuko nuke egun nagoen sasoian egotea erretiroa hartu arte»

Olaizola II.a pilota astintzen, Bilbon jokaturiko partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
2019ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Bilboko pilota feriak iazko egitura bera izango du aurten ere, eta bi torneotako finalak jokatuko dira. Aspek eta Baikok lau eguneko diseinu baten alde egin dute, eta hilaren 20, 21, 22 eta 24an izango da. Lehen jaialdian, asteartez, Bizkaia taldekako torneoko finala jokatuko da, Oiz eta Anbotoren artean. Bigarrenean berriz, Aste Nagusiko torneoko lehen finalerdia izango da, Baikoko pilotarien artekoa: Olaizola II.a eta Mariezkurrena II.a, Urrutikoetxea eta Albisuren aurka ariko dira. 22an jokatuko da Aspekoen finalerdia: Elezkano II.ak eta Zabaletak, Altuna III.a eta Rezustarekin neurtuko dituzte indarrak. Feriako azken egunean izango da finala. Jaialdi guztiak arratsaldeko seietan hasiko dira.

Hori izango da udako lehen torneo motza Danel Elezkanorentzat. Binakako txapelduna pubalgiak jota egon da azken asteetan. Hala ere, aurrelari bizkaitarrak bi partida jokatuko ditu gutxienez, Bizkaia torneoko finalerako sailkatua baitago. Zaratamoko aurrelari hori sendatze prozesuan da oraindik, baina biak irabazi nahiko lituzkeela esan zuen atzo, feriaren aurkezpenean.

Egoera berdintsuan dago Aimar Olaizola, hark ere biak irabaz baititzake. Goizuetarrak, gainera, harreman estua du Aste Nagusiko torneoarekin, finalera iritsi baita jokatu den zazpi aldietan. Hori bai, azken lau urteetan galdu egin du. Aurten bolada hori hausteko asmoz ariko da; izan ere, berak dioenez, ia sasoi betean dago. Lau hilabetez min hartuta egon ondoren, uda erdirako ondo aritzeko moduan egotea espero zuen, eta epeak betetzen ari da. «Sinatuko nuke erretiroa hartu arte falta zaizkidan urteetan orain nagoen sasoian egotea», esan zuen.

Ezkurdia-Martija, finalera

Ezkurdia eta Martijak 22-12 irabazi zieten Irribarria eta Rezustari, herenegun, Andre Maria Zuriko torneoko bigarren finalerdian. Ezkurdiak egindako hamalau tantoak erabakigarriak izan ziren. Martija bikotekidea ere oso ongi aritu zen atzean. Huts bakarra egin zuen partida osoan, eta ezin hobeto ordezkatu zuen eskutik minduta dabilen Zabaleta —ikusteko dago aste honetako partidak jokatu ahalko dituen—. Parean, Rezustak ez zuen bere mailarik onena eman. Partidak hasiera orekatua izan zuen (5-8), baina irabazleek 0-8ko partzial batekin hautsi zuten. Bihar gauean jokatuko dute finala, Bengoetxea VI.a eta Imazen aurka. Baikokoentzat udako bigarren finala da Iruñekoaren ondoren.

Gaur, bestalde, Donostiako feria aurkeztuko dute, eta litekeena da buruz buruko finalaren errebantxa jokatzea. Irribarria eta Urrutikoetxea ondo dabiltza eskuetatik, eta garai aproposa izan liteke antolatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.