Ia hogei hilabeteren ostean, gaur Alavesen aulkian eseriko da berriro Abelardo Fernandez (Gijon, Espainia, 1970), arabarrek Almeriaren zelaian jokatuko duten Espainiako Kopako final-hamaseirenetan (12:00, Dazn). Aro berri baten hasiera izango da, eta zale guztiek dute desio bera: oraingoa 2019ko maiatzaren 19an bukatu zen proiektua bezain arrakastatsua izan dadila. Teknikariak denboraldi eta erdi eman zuen Alavesen gidaritzan, eta taldea galbidetik libratu eta Europara begira jarri zuen. Aro luze eta egonkor baterako lemazain aproposa zen, baina Arabako klubean ez jarraitzea deliberatu zuen, arrazoi pertsonalen eta agintariekin izaniko desadostasunen ondorioz. Hori horrela, orduan egindako lanari jarraipena ematen ahaleginduko da orain, klubak mendeurren lasaia eta gozagarria izan dezan.
Halakoetan, saihetsezina da alderaketak egitea, eta lehena begi bistakoa da: taldea egoera dezentez bareagoan hartu du. 2017ko abenduan iritsi zenean, sailkapeneko azken postura iltzatuta zegoen Alaves, lehen hamahiru jardunaldietan sei puntu eskas batuta. Salbazioa, hain justu, sei puntura zeukan. Ordurako jada bi teknikari kaleratu zituen Josean Kerejetak: Luis Zubeldia eta Gianni De Biasi. Kritikoa zen egoera, harik eta Abelardo iritsi, eta miraria gauzatu zuen arte. Itzela izan zen debuta: 2-3 irabazi zuten gasteiztarrek Gironaren zelaian, 2-0 galtzen aritu eta gero. Hortik aurrera, itxuraldatu egin zen taldea, eta eutsi egin zion mailari, baita aise eutsi ere; hemezortzi puntura utzi zituen jaisteko postuak.
Orain, berriz, taldeak ez du halako erreakzio ikusgarri baten beharrik. Izan ere, Pablo Machinekin betetzen ari zen salbazioaren helburua, sobera handiegirik bada ere: bi punturen aldea du jaitsierarekin, hemezortzi lehiatan beste horrenbeste puntu lortu ondotik. Eta defentsako eta erasoko zenbakiei erreparatuta ere, agerikoa da Abelardok egin beharreko aldaketak ez direla horren sakonekoak. Alavesera aurrenekoz heldu zenean, gol kopuruari dagokionez, taldea 0,5 ari zen sartzen neurketako, eta 1,7 jasotzen. Haatik, datuak hobeak dira orain: 0,9 gol sartu ditu partidako, eta 1,3 jaso. 2017-2018ko sasoian, sartutako golen batezbestekoa 0,5 igo zuen prestatzaile espainiarrak, eta sareetatik ateratako baloiena 0,4 jaitsi. Zaila izango da orain horren hobekuntza handia izatea, abiapuntua hobea baita, baina alor guztietan koska bat igotzea da helburua.
Eta, horretarako, zer jokamolde ezarriko du? Bada, aurreko aroan ezarri zuen berbera. Hala azaldu zuen aurkezpenean bertan: «Defentsan sendo egon behar dugu, eta erasoan zuzen eta bizkor jokatu». Ideia horien gainean eraiki zuen arrakasta denboraldi eta erdiz, eta gustuko filosofiari leiala izaten jarraitu nahi du. Zentzuzkoa da, duen jokalari sortak horretarako aukera ematen baitio. Defentsan, bizkarrezurra ez da aldatu: Pacheco, Laguardia, Duarte eta Ximo Navarro funtsezkoak dira; zelai erdian Manu Garcia, eta, batez ere, Tomas Pina diren bezala.
Erasoko postuetan aldatu egin dira izenak, baina ez soslaiak. Hegaletan abiadura eta kalitatea uztartu ditzakete Riojak, Edgarrek, Jotak eta Borjak, bere garaian Pedrazak, Ibai Gomezek eta Jonyk bezala. Eta puntaren puntan, Lucas Perezek eta Joseluk osatutako bikotea ez da Munirrek eta Guidettik eta Callerik eta Borja Bastonek osaturikoa baino gutxiago.
Zalerik gabe moldatu behar
Alavesek Hernan Perez eta Guidetti fitxatu zituen 2018ko neguko merkatuan. Orain, ordea, klubak apenas duen tarterik jokalariak ekartzeko. Ibai Gomez Abelardoren begikoa da, eta ez da jokatzen ari Athleticen, baina inor heldu aurretik, egun taldean dagoen norbaitek irten behar du.
Nolanahi ere, pozik dago teknikaria daukan taldearekin. Hutsunerik handiena, eta oraingoz bete ezin dena, harmailetan topatuko du. Bere lehen aroan, Mendizorrotza gotorleku bihurtzen lagundu zioten zaleek; Abelardok etxean zuzendutako lehen zazpi partidetatik sei irabazi zituen Alavesek, eta hurrengo sasoian, bederatzi lehia kateatu zituen galdu gabe. Harmailen hausporik gabe, zaila izango da etxean halako aparraldia izatea. Abelardorekin, halere, dena da posible.
Gaur ondo hasi nahi du aldi berria, final-zortzirenetarako sailkatuta. Azken berria da Tomas Tavaresek taldea utzi duela, iritsi eta hiru hilabete eskasera. Hiru partida soilik jokatu ditu.
Aurrez egindakoaren uberan
Aurreneko aroan lortu zuena eredu izanda, Abelardok bigarren aldia hasiko du gaur Alavesekin, Almerian, Kopan. Abiapuntua ezberdina den arren, formula berbera ezartzen ahaleginduko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu