Elkarrizketak arratsaldez egin nahi izaten dituzte txirrindulariek. Goizeko entrenamenduak sakratuak dira. Eguna, ordea, euritsu esnatu da, eta Unai Iribarrek (Ibarra, Gipuzkoa, 1999) ez du errepidera ateratzeko presarik. Arratsaldean Iruñera joatekoa da, eta entrenamendua han egitea erabaki du. Lehenago, aldaketa batzuk egin behar dizkiote bizikletan, lehen lasterketetan izandako arazo fisikoen harira.
Bi lasterketatan aritu zara dagoeneko, Saudi Arabian eta Valentzian. Nola sentitu zara?
Ez nahi bezain gustura. Gorputzaldi onarekin iritsi nintzen lehen lasterketetara. Saudi Arabian hasi nuen denboraldia, eta ez nindoan gaizki. Baina min apur bat sentitzen hasi nintzen maldan gora bukatu ziren etapetan. Aurrenekoa arraroa izan zen, neutralizazio bat izan baitzen, jaitsiera bat oso egoera txarrean zegoelako. Etapa horretan gaizki sentitzen hasi nintzen intentsitate handiko esfortzua egitean. Hurrengo eguneko etapan ere gauza bera gertatu zitzaidan, baita Valentziako itzulian ere. Tendinitisa dut eskuineko psoasean eta ezkerreko koadrizepsean, eta, horren eraginez, ezin izan diot neguko prestaketa onari etekina atera.
Saudi Arabian ez ezik, beste zenbait probatan ere txirrindulariek kolokan ikusi duzue zuen segurtasuna. Ondorioz, Mallorcako Challengeko lasterketa bat bertan behera gelditu zen, eta Bessegeseko itzulia uztea erabaki zuen Kern Pharmak. Batzuen ustez, ziklistak errazegi kikiltzen zarete gaur egun. Zuri zer iruditzen zaizu?
Mallorcan eta Bessegesen ez nintzen egon. Mallorcako probak ondo ezagutzen ditut, eta hasierako errepideak arriskutsuak iruditu izan zaizkit lehorrean, eta zer esanik ez aurten izan den giroarekin. Esan didatenez, arriskatu gabe ere lurrera erortzen ziren. Ez da normala lehen 30 kilometroetan 50 ziklista inguru erortzea. Bessegesen, berriz, auto bat kontrako noranzkoan azaldu zitzaion tropelari, eta eroriko bat eragin zuen. Eta Saudi Arabiako jaitsierari dagokionez, hartxintxarra zegoen alde guztietan, eta gu pasatzean harramazkak eta zauriak eragin zizkigun hanketan. Gindoazen abiaduran, gainera, gurpilen bat lehertu eta erorikoak izateko arrisku handia zegoen. Polemika handia piztu zen. Geroz eta bigunagoak omen gara ziklistak.
Eta zer erantzungo zenuke zuk?
Gu bizia arriskuan jarrita lehiatzen gara. Tamalez, erorikoen ondorioz bizpahiru txirrindulari hiltzen dira urtero lasterketetan. Guk ez dugu inongo babesik, kaskoaz harago, eta min handia hartzeko arriskua dugu. Ezbehar larrienez aparte, baliteke eroriko batek kolokan jartzea zure kirol ibilbidea. Arrisku faktore nagusietako bat tropeleko tentsioa da. Ondo kokatuta egotea geroz eta garrantzitsuagoa da, eta, ondorioz, gu bizkorrago joaten gara, eta eroriko gehiago izaten dira. Koktel arriskutsua ari da sortzen, eta horri segurtasun falta gehitzen badiozu… Errepideak ondo itxita ez egotea, adibidez, ezin da onartu. Landu beharreko gaia da zikliston segurtasuna, eta halakoetan planto egiten ez badugu, arriskua hor egongo da gero ere. Telebistan gauzak erraz ikusten dira, baina desberdina da bizikletan zoazenean. Pertsonak gara, eta ezbehar larriak izateko arriskua dugu.
«Laugarren urtea dut profesionaletan, eta ilusio handia egingo lidake lehen garaipena lortzeak. Hurbiltzen ari naiz»
Kirol arloari erreparatuz, bigarren urtez ariko zara Kern Pharma taldean. Zer helburu duzu esku artean?
Lehen helburua, lesioa osatzea da. Azterketa biomekanikoa egin ondoren, uste dut aurkitu dugula jatorria. Bizikletari aldaketa txiki batzuk eginda, eta tratamendu egokiarekin, uste dut igandean bertan Figueirako klasikoan ateratzeko prest izango naizela. Aurrera begira, Euskal Herriko Itzulian egon nahiko nuke, eta zazpikotean sartzen saiatuko naiz. Horrez gain, Itzuliaren osteko lasterketetan ondo ibili ohi naiz, eta ea aurten ere hala den. Laugarren urtea dut profesionaletan, eta oraindik ez dut garaipenik lortu. Irabaztea gauza berezia da, eta ilusio handia egingo lidake. Baina lan asko egin behar da horretarako. Bide onetik noa, urtez urte urratsak eginez. Hurbiltzen ari naiz.
Kern Pharma ere sendotu egin da; hainbeste, ezen iaz hiru garaipen lortu baitzituen Espainiako Vueltan. Eta orain, zer?
Aurreko denboraldia bukatu bezala hasi dugu sasoi berria: oso indartsu. Lehen garaipena lortu dugu jada, Urko Berraderi esker. Lasterketa guztietan ondo edo oso ondo ari gara. Asmoa bide horretatik jarraitzea da eta berriz ere Espainiako Vueltan parte hartu ahal izatea. Funtsezkoa da guretzat. Gonbidapenaren saltsa horrekin dabiltza orain, eta ez dakigu han izango garen ala ez. Ikusteko dago bi edo hiru talde gonbidatuko dituzten. Errepidean arrazoi ugari ari gara ematen irteera lerroan egon ahal izateko. Iazko gonbidapena, adibidez, ezin hobeto aprobetxatu genuen.
Taldea beste dimentsio batean sartu zen Vueltako arrakastaren ondoren. Arrakastak, ordea, ardura eta espektatibak handitzea dakar.
Oinak lurrean izan behar ditugu. Ez da erraza urtero halako emaitzak lortzea. Kern Pharmak goranzko bilakaera izan du orain arte, baina bilakaera hori ez da beti lineala izaten. Batzuetan koska bat jaitsi behar duzu gero bi igotzeko. Iazko Vueltan asko igo genituen jarraian, eta ez da erraza izango horrelako garaipen gehiago lortzea. Baina zaleak gozaraztea nahi dugu aurten ere, gure jarrera erasokor eta emaitza distiratsuekin. Aurrez aurre begiratu nahi diegu ustez gu baino hobeak direnei.
«UCIren sailkapenak ez digu loa kentzen. Kalterako izango litzateke puntuei garrantzi handiegia ematea»
Obsesiotzat duzue UCIren sailkapeneko lehen 30en artean sartzea?
Nahitaezko baldintza da datorren urtetik aurrera itzuli handietan izateko, baina horrek ez digu loa kentzen. Ondo bidean, badugu aukera helburu hori betetzeko. Ez gaude itsututa puntuen kontuarekin. Kalterako izango litzateke garrantzi handiegia ematea. Emaitza onak lortuz hasi dugu urtea, eta talde lehiakorra dugu. Konfiantza izan behar dugu, beraz. Castrillo galdu dugu [Movistarrera joan da], baina ziklista onak iritsi dira beste talde batzuetatik eta harrobitik. Iraganean ere ziklista garrantzitsuak joan dira taldetik, eta hala ere, aurrera egin dugu.
Puntuek ez dizute loa kentzen. Eta kontratuak? Izan ere, urte amaieran bukatuko zaizu.
Ez. Jakitun naiz kontratuko azken urtean nagoela, baina arreta ez dut hor jarria, eguneroko lanean eta lasterketetan baizik. Otsailean gaude oraindik, eta larritasunak, iristekotan, geroago iritsiko dira. Gauzak ondo eginez gero, ziur kontratua berritzeko prest egongo dela taldea.