Irati Goikoetxea: «Aurretik piraguan aritzeak laguntzen du jakiten zerk funtziona dezakeen eta zerk ez»

Eslalom eta kayak kroseko lehiaketetako ibilbideak diseinatzen aritu da Olinpiar Jokoetan Goikoetxea. «Gustura» dago egindako lanarekin, eta izandako «harrera onak» poztu du gehien.

 Irati Goikoetxea, Olinpiar Jokoetako estadio nautikoaren aurrean. OLI ARTOLA APEZTEGIA
Irati Goikoetxea, Olinpiar Jokoetako estadio nautikoaren aurrean. OLI ARTOLA APEZTEGIA
Olatz Artola Apeztegia.
2024ko abuztuaren 2a
12:00
Entzun

Piraguista ohia da Irati Goikoetxea (Donostia,1986). Azkenekoz, 2018an hartu zituen piragua eta pala. Orain, Parisen da donostiarra, piraguatik ez oso urrun. Vaires-Sur-Marne estadio nautikoan ari da lanean: bideak piraguan nabigatzen zituen lehen, eta ibilbideak trazatzen aritzen da orain. Atletico San Sebastian klubeko neoprenoa Olinpiar Jokoetako elastiko marradunarekin aldatu du. Lanerako motxila gainetik ezin kenduta dabil, apenas denbora librerik gabe. Hala etorri da elkarrizketara ere, motxila eta akreditazioa soinean. Kasu egiteko moduan igartzen zaio «pozik» dagoela.

 
Piraguista ohia zara, baina piraguismoa ez duzu alde batera utzi. Ibilbideak diseinatzen aritzen zara. Noiztik? Nolatan?

2018an izan zen lehiatzen aritu nintzen azken urtea. Handik urte betera, 2019an, Nazioarteko Federazioak proposamena egin zidan ibilbideak diseinatzeko.

Eskaintza jaso, eta zuk baietz.

Probatzeko, bai. Eta 2020an izan nintzen lehen aldiz Munduko Kopa batean ibilbidea diseinatzen, azaroan, Pauen. COVID urtean izan zen, publikorik gabe. Berezia izan zen, baina horrela hasi nintzen.

Lehen aldi hartan, publikorik gabe, zure lana neurtzeko neurgailu baten falta sumatuko zenuen…

Ez du zerikusirik. Inoiz ez dakizu nola funtzionatuko duen ikusi arte: hori hala da. Baina gutxi gorabehera badakizu; aurretik piraguan aritzeak laguntzen du jakiten zerk funtziona dezakeen eta zerk ez.

Orduan bukatuko da zure lana, zaleen aurrean piraguistak ikustean. Baina hasi, noiz hasten da?

Lehiaketa hasi baino egun batzuk lehenago iristen gara. Egun horietan, herrialdeetako piraguistek entrenamenduak dituzte. Gutxi gorabehera, egunean zortzi orduko entrenamendu saioak izaten dira. Gu ordu horietan ur ertzean egoten gara, analizatzen, ikusten zerk funtziona dezakeen. Hortik ideiak ateratzen ditugu, eta, gero, txapelketaren bezperan, paperera eraman behar ditugu ideia horiek, eta ibilbide bat aurkeztu. Piraguistek entrenamenduetan mugimendu horiek probatuak izango dituzte, baina ia ezinezkoa da guk hautatutakoak eta guk erabakitako ordenan egin izana.

Gainera, ez duzue ibilbide bakarra diseinatzen.

Bi egiten ditugu. Kategoria bakoitzean bi egunetan lehiatzen dira, eta horietako bakoitzerako ibilbide bat diseinatzen dugu. Bata sailkapen probetarako izaten da. Ez da erraza izaten, eta erronka bat izan ohi du. Gero, finalerdietarako eta finalerako, zaildu egiten dugu zirkuitua. Oinarriari eusten diogu, baina zenbait tokitan aldaketak egiten ditugu.

«Ur mugimenduak erabilita egin ditzaketen maniobrak sartzen ahalegintzen gara. Azkenean hori da piraguismoaren ezaugarririk behinena».

 IRATI GOIKOETXEAPiraguismoko ibilbide diseinatzailea
Munduko Txapelketetarako hainbatetan diseinatu dituzu ibilbideak, baina Olinpiar Jokoetarako ez. Lehen aldia da hau. Zelan?

Nire lana berdina da: testuingurua aldatzen da.

Eskaintza jaso zenuenean, testuinguru horrek zirrara bereziren bat eragin zizun?

Irrika handia piztu zidan. Oso gogotsu nengoen, baina baita inkontziente ere.

Presioa handiagoa da?

Inoiz nabaritu dut, bai, bereziki antolakuntzakoek-eta ekitaldiaren handitasunaz eta garrantziaz hitz egin digutenean, baita genuen arduraz ere. Gero, eguneroko gurpilean sartuta, presente nuen baina tarteka, bat-batean data iritsi zela ohartu nintzen arte. Alde batetik, hala hobe…

Proiekziorako tarte txikiagoa zenuelako, ezta?

Hori da, bai…

Olinpiar Jokoak | abuztuak 2 | Irati GoikoetxeaIkus-entzunezkoen taldea
Eta iritsi da, hemen zaude, Parisen. 

Hasieran, gauzak lasai hartzen saiatu nintzen. Baina lankidea eta biok ideiak paperera ekartzen hasi ginenean, urduritu egin nintzen.

Zergatik?

Ikusi genuelako lortu nahi genuena ez zela horren erraza.

Zer lortu nahi zenuten?

Batetik, oreka izatea ibilbideak. Kanoan belauniko eta pala batekin ibiltzen diren piraguista batzuk ezkerreko palarekin ibiltzen dira, eta beste batzuk eskuinekoarekin. Zailena horien arteko oreka lortzea da niretzat.

Horrez gain, ikusgarria izatea eta atsegina izatea kirolarientzat… Zerbait sortzen dugun aldiro kirolariaren larruan jartzen saiatzen gara, eta ur mugimenduak erabilita egin ditzaketen maniobrak sartzen ahalegintzen gara horretarako. Azkenean hori da piraguismoaren ezaugarririk behinena, nabigatzen jakitea.

Azken emaitzara arte zirriborro asko egin dituzue, ezta?

Azkenean lehen ideiara itzuli eta hori fintzen dugu askotan [barreak], baina bai.

Eta behin paperean izanda, zer?

Demostrazio bat izaten da, tunning deitzen zaiona. Diseinatutakoa uretan proiektatzen da, kanalean, eta txapelketan parte hartzen ez duten piraguista batzuek probatu egiten dute. Guk, ikusten dugunaren arabera, egokitzapenak egiten ditugu.

Eta behin hori eginda, taldeek iritzia ematen dute. Lehiatuko den selekzio bakoitzeko kide batek egiten du lan hori.

Hor egongo zarete urdurien, ezta?

Hori da zatirik gogorrena, bai. Oso exijenteak dira, izan behar duten bezala. Baina, egia esan, oso ondo joan da, eta iritzi onak jaso ditugu. Eta kanpotik ere jendeak zoriondu egin gaitu; beraz, oso pozik gaude. Behin hori pasatuta, lasaitu ginen.

Gero, ordea, zuen lanaren gainean piraguistak nola aritzen diren ikusten duzue. Zuen lanaren gaineko lana. Hor ez zara urduritzen?

Demostratzaileekin ikusten dugu gure lanaren emaitza zein izan daitekeen; beraz, lasaiago egoten gara. Gainera, ikaragarrizko finalak ikusi ahal izan ditugu; hortaz, oso pozik gaude. Disfrutatzen.

Maialen Chorrautek aipatzen zuen kirol honen bereizgarrietako bat giroa dela. Guztiek denak animatzen dituztela. Harmailetan zale gisa baino gehiago langile gisa aritzea egokitu zaizu, baina zuk ere iritzi hori al daukazu?

Gure kirola ez da oso ezaguna. Kirol honen bueltan gabiltzanok, ordea, asko maite dugu, eta pasio handiz bizi dugu. Baina Frantzian tradizio handia dago, talde asko daude, eta hori nabari da. Gainera, bereziki Europan egiten den kirol bat da gurea, eta Paris hiri erosoa da herrialde horietatik etortzeko. Jende asko etorri da, eta giroan nabari da.

Lankidea aipatu duzu lehen. Zenbat lagun aritzen zarete lan honetan?

Beti beste pertsona batekin egiten dut lan, beste herrialde batekoa eta, normalean, gizonezkoa dena. Normalean hala izaten da: bi herrialde eta bi sexutakoak. Gainera, saiatzen dira hasiberri bat esperientzia duen norbaitekin jartzen.

«Iritzi onak jaso ditugu. Kanpotik ere jendeak zoriondu egin gaitu; beraz, oso pozik gaude»

IRATI GOIKOETXEAPiraguismoko ibilbide diseinatzailea
Dena den, oraindik ez zaizu lana amaitu.

Eslaloma bukatu da, baina kayak krosa hasiko da. Modalitate berria da. Plastikozko piraguak erabiltzen dituzte, eta ateak, berriz, zintzilik dauden buiak dira, ukitu daitezkeenak. Lehenengo txanda bakarkakoa da, eta azkarrenetik geldoenerainoko sailkapena egingo da. Gero, bigarren txandan, launaka jaitsiko dira.

Zirkuitu hori ere diseinatuko duzu.

Bai. Dagoeneko eginda dago, eta, eslalomean ez bezala, piraguistek entrenatzeko aukera izan dute.

Beraz, ibilbide horren inguruko iritzia dagoeneko jaso duzue…

Bai, eta hori ere ondo! 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.