Jose Maria Basterra Chefo-ren (Bilbo, 1997) planetan ez zegoen aurten Olinpiar Jokoetara joatea. Izatekotan, 2024ko Parisko Jokoak zituen buruan. Iaz, jokoak bertan behera geratu aurretik, ez zegoen Espainiako selekzioko jokalarien artean, eta taldea finkatuta zegoen; zaila zen bertan sartzea. Urtebete geroago, berriz, bai, Basterra Tokion dago.
6 urterekin Getxoko (Bizkaia) Jolaseta klubean hasi eta hazi zen haur hark nekez pentsatuko zuen noizbait Olinpiar Joko batzuetan parte hartuko zuenik. Lagunek belar hockeyan ondo pasatzen zutela ikusita, Basterra ere animatu zen.
Jolaseta izan da bere kluba. 18 urterekin utzi zuen: Jolaseta bigarren mailara jaitsi zen, eta Basterrak Madrilgo SPV San Pablo Valdeluz Complutense taldearen eskaintza jaso zuen. Onartu egin zuen, bai kirol maila hobean aritzeko, bai Madrilen unibertsitate ikasketak egiteko.
Basterrak maila guztietan jokatu zuen Espainiako selekzioarekin. Beste kontu bat zen, ordea, talde nagusian sartzea. Iaz, taldea osatuta zegoen, eta Tokioko Olinpiar Jokoak prestatzen ari zen. COVID-19aren izurritea iritsi zen arte: itxialdia, Olinpiar Jokoak eta lehiaketa guztiak bertan behera...
Atzerapenak taldean sartzeko aukera ekarri dio Basterrari. Abenduko deialdian sartu zen, eta Tokiora joateko hautatu dute. «Abenduko deialdian jokalari gehiago eraman zituzten, normalean joaten ez garen hiru edo lau, ohiko jokalari batzuek COVID-19an positibo eman zutelako», azaldu du Basterrak. «Zortea izan dut».
Zortea aipatu du, baina 2020-2021ean denboraldi bikaina egin du: Espainiako Liga irabazi du Madrilgo Club de Camporekin; ligako eta Lauko Finaleko jokalari onena izendatu dute, eta ligako golegile nagusia izan da (31 gol). Nolako jokalaria da? «Nire gorputzean oinarritzen dut jokoa, nahiko handia bainaiz. Area barruko jokalaria naiz; eroso sentitzen naiz bertan».
Belar hockeyan erabakigarriak izaten dira penalti kornerrak. Basterra penalti jaurtitzailea da, espezialista. Ez da, ordea, Espainiako selekzioaren jaurtitzaile ofiziala: «Espainiako selekzioan lauzpabost jokalarik bota ditzakegu penalti kornerrak. Bi edo hiru jaurtitzaile nagusi daude, eta bi ordezko, eta beste bi ordezko».
Penalti jaurtitzailea
Penalti jaurtitzaile nagusien artean dago Pau Quemada, munduko jaurtitzaile onenetariko bat. «Ikaragarria», Basterraren iritziz. Ordezkoetako bat da Basterra. Normalean, zelaian baldin badaude, jaurtitzaile ofizialek botatzen dituzte; ez badaude edo entrenatzaileak aurkariak nahasi nahi baditu, ordezkoek.
Penalti kornerra hain baliabide erabakigarria denez, asko aztertzen dute. Jaurtitzaileen ikuspegitik aztertzen dute, bai atezaina nola kokatzen den, bai defentsako lau jokalariak nola ateratzen diren pilotaren bidean jartzeko asmoz (gorputza erabiltzen dute penaltien defentsan).
Hockeyko ate koskorra babesten duen hesi mugikor horretan hutsuneren bat aurkitzea izaten da penalti jaurtitzaileen helburua. «Defentsa motaren arabera, jaurtiketa egokitzen dugu». Penalti korner bat alde izatea abantaila bat da, baina ez da erraza sartzea: «Jokalariak [defentsak] ero moduan ateratzen dira pilotarantz, pilotak haien gorputzetan jo dezan. Gero eta zailagoa da penalti kornerrak jaurtitzea, eta gero eta gehiago aztertu behar da, bolak jo diezaien. Gero eta konplikatuagoa da botatzea, eta gero eta gehiago aztertu behar da, zirrikituren bat aurkitzeko».
Dominaren bat lortzeko lehian egotea da Tokioko Olinpiar Jokoetako helburua. Lor dezaketela uste du. Prestakuntza partidetan munduko selekzio onenetakoen kontra jokatu dute, dominak lortzeko lehian egongo direnak, eta emaitza txukunak izan dituzte, hasieran Alemaniaren kontra jokatutako partida kaskar bat salbu.
Partida hori «mugarria» izan zen, eta geroztik jokoa eta emaitzak hobetu dituzte: Alemaniaren kontra gol batengatik galdu; Argentinaren kontra berdindu eta irabazi, eta Herbehereen kontra gol batengatik galdu eta berdindu. Rioko Olinpiar Jokoetan Argentinak irabazi zuen urrezko domina, eta Alemaniak brontzezkoa. Espainiako selekzioak hasiera gogorra izango du Tokion, Argentinaren aurka jokatuko baitu larunbatean.
TOKIO 2020
AURRERATU EGIN DU ETORKIZUNA
Jose Maria Basterra 'Chefo' belar hockeyko jokalariak Parisko Olinpiar Jokoak zituen buruan, baina denboraldi bikaina egin du, eta Espainiako selekzioan sartu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu