Aurrerapausoa eman dut». Victor Estebanena (Ezkarai, Espainia, 1993) da aitormena. Ez da bakarrik berak bere buruan daukan sentipena, egia baizik. Azkenaldian lortu dituen emaitza onak dira hobekuntza horren adierazgarri.
Udan bi torneo garrantzitsu jokatu zituen Victorrek, Bizkaikoa eta sanmateoetakoa, eta biak irabazi zituen. Aurrenekoan, Anboto taldeko kide izan zen. Joanes Bakaikoa, Oinatz Bengoetxea eta Jon Ander Albisu izan zituen taldekide. Bakoitzak zuen bere egitekoa: Bakaikoak buruz buru aritu behar zuen; Bengoetxea VI.ak eta Albisuk, binaka, eta Victorrek, lau t'erdian. Hirutan kantxaratu zen Ezkaraiko aurrelaria, eta hiruretan nagusitu zen: 18-17 irabazi zion Iñaki Artolari final-laurdenetan, 18-13 Unai Lasori finalerdietan, eta 22-17 Julen Retegiri finalean. Hiru garaipen horiek erabakigarriak izan ziren haren taldeak torneoa irabaz zezan.
Lan bikain horrek saria izan zuen, Asegarcek, etxean, sanmateoetako ferian aritzeko aukera eman baitzion. Saria, gainera, are ederragoa izan zen, egungo atzelari onena izan baitzuen bikotekide, Beñat Rezusta. Enpresa ezberdinekoak izanik eta horren ondorioz elkarrekin gutxi jokatu izanagatik, bikain moldatu ziren. Inor ez zen gai izan haiek mendean hartzeko. Hiru partida jokatu zituzten, eta hiruretan gailendu ziren: ligaxkan, 22-17 Oinatz Bengoetxeari eta Miguel Merinori eta 22-15 Jokin Altunari eta Alvaro Untoriari; eta finalean, 22-19 Joseba Ezkurdiari eta Jon Ander Albisuri. Nekez ahaztuko du azken partida hori Victorrek. Denbora zeraman halako eguna bizi gabe. Aspaldikoa zuen halako oroitzapen ederra, duela bi urte pasatxokoa, Tolosan (Gipuzkoa) Iker Irribarriari Bigarren Mailako Banakako Txapelketako finalean 22-17 irabazi zionekoa. Ordutik, gehiago sufritu zuen gozatu baino.
Goia jotzeko prest
Udan eginiko lan bikainak eta iaz Lau t'erdiko Txapelketan emandako itxura onak —final-laurdenetako ligaxka jokatu zuen— tokia ziurtatu zioten aurtengo lau t'erdikoan. Hori bai, atariko bat jokatu behar izan zuen, Erik Jakaren aurka, Logroñon (Espainia). Erakustaldia eman zuen berriro etxekoen babesean, eta 22-4 irabazi zuen. Final-laurdenetako ligaxkako estreinakoan, etxean berriro, Ezkarain, ez zuen horren distiratsu jokatu, baina ondo baliatu zituen Danel Elezkanok azken txanpan egindako hutsak. 22-18 nagusitu zen, eta lehen aldiz finalerdiak jokatzeko lehen urratsa egin zuen.
Gaur oparirik egingo ez dion aurkaria izango du, Aimar Olaizola. Etxean ariko da berriz ere, Logroñon, eta hori baliatu nahi du ezustea emateko. «Jokatzeko sekulako gogoa dut. Gainera, lehen partida irabazi ondoren, lasaiago joka dezaket».
Aurrerapausoa sendotu nahian
Aspaldiko garairik onenean da Victor Esteban. Bikain aritu zen udan, eta ondo hasi du ere lau t'erdikoa, atarikoa eta ligaxkako lehen partida irabazita. Gaur ezustean hartu nahi du Aimar Olaizola, eta finalerdietarako urratsa egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu