Hiru partidako astea dute Realak zein Athleticek, eta bigarren neurketa jokatuko dute gaur. Europa Ligako hirugarren jardunaldian lehiatuko dira biak ala biak: Realak Belgraden jokatuko du, Maccabi Tel Aviv taldearen aurka (18:45, Movistar). Athletic, berriz, San Mamesen ariko da, Slavia Pragaren aurka (21:00, Movistar). Gora begiratu nahi dute bi taldeek, baina behar gehiagorekin iritsiko dira txuri-urdinak, puntu bakarra eskuratu baitute gaur arte. Athleticek, berriz, lau ditu.
Hiru puntuak eskuratzeko premiarekin iritsi da Reala Belgradera. Ez du Izar Gorriaren edo Partizanen aurka jokatuko, Israelgo Maccabi Tel Aviv taldearen aurka baizik. Donostiarrek puntu bakarra eskuratu dute bi partidatan, eta puntuak hirunaka batu behar dituzte sailkapenean gora egin nahi badute.
Txuri-urdinak garai onean iritsiko dira partidara. Taldearen denboraldi hasiera txarra dela-eta, partidak oso garaiz hasi dira garrantzitsuak izaten, batez ere helburuak gehiegi ez urruntzeko bidean. Baina etenaren ostean, garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Imanol Alguacilen taldeak Gironaren etxean, Txapeldunen Ligan jokatzen ari baita. Ez zuen ametsetako neurketa jokatu, baina orain arte gutxitan erakutsi duen segurtasuna erakutsi zuen atzean.
Segurtasun horren erantzuleetako bat da Nayef Aguerd. Realaren aurrerapausoa ulertzeko beharrezkoa da marokoarraren ekarpena kontuan hartzea. Lehen jardunaldietan hasiera kaskarra izan zuten txuri-urdinek atzealdean. Hainbat penalti inozo egin zituzten, eta hauskortasuna agerikoa zen. Aguerdek, ordea, sendotasuna eta ondokoen zein norbere okerrak zuzentzeko gaitasuna eman dizkio Realari. Datu batek goresten du: hura zelaian izan den zazpi partidetan gol bakarra sartu diote Realari jokaldiz.
Aguerdek, ordea, ohiko kideen hutsunea izango du gaur. Igor Zubeldiak eta Alex Remirok min hartuta amaitu zuten Gironaren aurkako neurketa, eta, atzo taldekideekin batera entrenatu ziren arren, Imanolek ez zituen deialdian sartu. Hala ere, espero du biak jokatu ahal izatea Osasunaren aurka, igandean. Hamari Traore, Pablo Marin, Aihen Muñoz eta Arsen Zakharian ere kanpoan utzi zituen, min hartuta daudelako. Hala ere, Orioko teknikariak baditu albiste onak. Ander Barrenetxea osatu egin da, eta jokatzeko prest izango da.
Unai Marrero arituko da atean, lehendabizikoz denboraldi honetan. Aurreko sasoian bi neurketa jokatu zituen, Remirok txartel gorria ikusi zuelako. Imanol Alguacilek atzo azaldu zuenez, haren asmoa zen Marrero Anderlechten aurka aritzea, baina mina zuen. «Bihar [gaur] jokatu egingo du».
Realeko entrenatzailea partidaren garrantziaren jakitun da. «Badakigu zein garrantzitsua den Europan irabaztea. Barruan daukagun guztia emango dugu irabazteko».
Harrabotsa sortu du partidak Donostia aldean. Israelgo aurkari baten aurka jokatu beharra gaizki ikusi dute zale askok. Hori dela eta, herri ekimen baten bidez, jarraitzaile talde batek klubari zein jokalariei eskatu die partida aprobetxa dezatela Palestinarekiko elkartasun keinuak egiteko.
Jokin Aperribai presidenteari ere galdetu zioten atzo gai horri buruz. «Palestinako herriari gure elkartasuna helarazi nahi diogu. Bakean sinesten dugu, eta bakea dinamismoarekin eraikitzen da; ez immobilismoarekin». Era berean, elkartasuna adierazi nahi izan zien «urriaren 7an Israelek jasan zuen erasoan izandako biktima guztiei».
Athletic, oraindik, olatuaren gainean
Athletic ez da oraindik jaitsi iragan sasoian hartu zuen olatutik. Ernesto Valverderen taldeak esne-mamitan jarraitzen du Espainiako Kopa irabazi zuenetik, eta denboraldi hasiera ona egin du. Ligan 4-1 hartu zuen mendean Espanyol pasa den larunbatean, eta laugarren da, Txapeldunen Ligako postuetan. Europa ligan, berriz, lehen zortzi taldeen artean lehenbailehen sartu nahi dute zuri-gorriek. Izan ere, lehen zortzi sailkatuek zuzenean egingo dute aurrera txapelketan, eta gainerakoek baino kanporaketa bat gutxiago jokatu beharko dute. Horretarako, zaleen hauspoa jasoko dute gaur San Mamesen, Slavia Pragaren aurkako neurketan.
Bizkaitarrek ez dute neurketa erraza izango. Txekiar Errepublikako taldea ohikoa da Europako txapelketa desberdinetan, eta sasoi bikainean da. Azken bederatzi partidetatik zortzi irabazi ditu –Tartean Txapeldunen Ligako atariko partida bat, eta Europa ligako beste bat–. Bederatzigarren partida berdindu egin zuen, Europa ligan hori ere, ospe handia duen Ajaxen aurka. Guztira, jokatu dituen hamazazpi partida ofizialetatik bakarra galdu du. Hala ere, Erromaren aurka berdindu eta AZ Alkmaarren aurka irabazi ostean, beste garaipen baten bila zelairatuko da.
Zuri-gorriei dagokienez, Lezamako erietxea husten ari da pixkanaka-pixkanaka. Mikel Vesgak eta Oihan Sancetek ez dituzte azken hiru neurketak jokatu, min hartuta egon baitira. Aste honetan, ordea, taldekideekin batera entrenatu dira, eta Valverderen erabakia izango da minutuak eskaintzea edo atseden ematea. Hortaz, bi jokalari horiek osatuta, Unai Simonen hutsunea besterik ez du izango Valverdek. Hala aztertu zuen aurkaria Valverdek: «Urteak daramatzate entrenatzaile eta jokamolde berarekin. Erritmo handiko partida izango da, haien jokalariak oso solidarioak baitira esfortzuan».