Euskal selekzioa

«Aurrerapauso hau egia bihurtzeko lan handia falta zaigu oraindik»

Euskadiko Pilota Federazioak positibotzat jo du Kirolaren Legearen inguruan lortutako akordioa, baina aitortu du galdera asko daudela airean: «Legea onartutakoan jarraitu beharreko prozedura zein izango den ere ez dakigu».

Durangon (Bizkaia) euskal selekzioaren ofizialtasuna eskatzeko egin zuten agerraldia, urriaren 12an. RAUL BOGAJO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko urriaren 26a
14:07
Entzun

Oraindik ere, euskal selekzioek bide luzea egin beharko dute ofizialki lehiatu ahal izateko. Baita surfekoak eta euskal pilotakoak ere. Atzo EAJk eta PSOEk Kirolaren Legearen inguruan lortutako akordioa «aurrerapauso handi bat» dela diote federazioetako arduradunek, baina aitortu dute aurrerantzean egin beharreko bidea zaila izango dela.

Aitor Erauzkin Euskadiko Euskal Pilota Federazioko zuzendari teknikoa, adibidez, pozik agertu da legearen edukiarekin, baina esan du galdera asko daudela airean: «Aurrerapauso hori egia bihurtzeko lan handia falta zaigu oraindik». Dena den, gehitu du «lehengoa baino hobea» dela egoera orain.

Azaldu du zeintzuk diren eman beharreko hurrengo pausoak: lehenik eta behin, legea onartu beharko du Espainiako Senatuak, ondoren Espainiako Kirol Kontseilu Gorenaren oniritzia jaso beharko du, eta, azkenik, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak ofizialtasuna aitortu beharko dio euskal selekzioari. Oraindik, ordea, ez dakite legea onartutakoan jarraitu beharreko prozedura nolakoa izango den ere.

Gakoa, haren iritziz, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren erabakia izango da: «Azken finean, onartu behar gaituena erakunde pribatu hori da. Orduan, behin unea iristen denean, ikusiko dugu ea onartzen gaituzten ala ez», esan du.

Nafarrak eta Iparraldekoak

Airean dauden beste galderetako bat da zer gertatuko den Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko kirolariekin. Hala aitortu du Erauzkinek ere. Gaur egun, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak ofizialtasunez hartzen du parte nazioarteko beste erakunde batzuen lehiaketetan —CIJB konfederazioak antolatutakoetan eta Joko Zuzenetan—, eta, haietan, euskal selekzioarekin jokatu izan dute Nafarroako eta Iparraldeko pilotariek.

Erauzkinek aitortu du, ordea, ez dakiela zer gertatuko den etorkizunean: «Nazioarteko Euskal Pilota Federazioan sartzeko aukera izaten badugu, ez dakigu nola lehiatuko garen, ezta norekin lehiatu ahal izango garen ere. Ez dakigu Espainiako Pilota Federazioak zer egingo duen, lehiatuko den, ez den lehiatuko… eta hor daude, noski, Nafarroako Euskal Pilota Federazioa eta Iparraldeko Batzordea ere». Horregatik, azpimarratu du oraindik azkarregi dela erantzun bat emateko.

Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko federazioekin, bederen, harreman estua du Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak. Antolatzen dituzten txapelketa nagusietan hirurek hartzen dute parte, eta azken bi urteetan metodologia eta prestakuntza lantzeko proiektu bat ere garatu dute elkarlanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.