Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia. Jon Barrenetxea. Caja Ruraleko txirrindularia

«Aurrerako urratsa egin dut, eta distira egiteko gai naizela ikusi»

Bere burua ez du eskalatzailetzat, baina mendiko maillota bereganatu du Barrenetxeak. Bigarrenez aritu da Itzulian, eta «asko gozatu du», debutean ez bezala. «Garaipenen lehian» aritu nahi du aurrerantzean.

L. RICO / EFE.
enaut agirrebengoa
Eibar
2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Eibarko helmugara multzo handi batean iritsi da Jon Barrenetxea (Gamiz-Fika, Bizkaia, 2000). Berea du garaipena mendiko sailkapenean. Pozez kabitu ezinda dago, begiak dir-dir, eta irribarre zabala ezpainetan.

Zenbateraino sufritu duzu sariari eusteko?

Mugaraino eraman dut gorputza. Banekien denbora mugaren barruan sartu beharra nuela, eta hortzak estutu behar izan ditut hasi eta buka. Azurkin pasatu dut momenturik txarrena. Ezin nintzen erlaxatu. Azkenean, lortu dut helburua, eta oso pozik nago.

Aldez aurretik zenuen begiz joa mendiko sailkapena, edo lasterketaren bilakaerak bultzatu zaitu lehia horretan aritzera?

Ez, ez zen helburu jakin bat, oso zaila delako halako lasterketa handi batean maillot bat irabaztea. Lehen xedea nire berri ematea zen, eta zorionez, egun dezentetan harrapatu dut ihesaldia. Hortik harago, ezin genuen helburu handiagorik jarri, World Tourreko taldeen aurka lehiatu garelako.

Aste osoa eman duzu fokupean, mendiko maillota hasieratik izan duzulako soinean. Nekatuta amaitu duzu?

Bai, oso nekagarria egin zait. Gauza berria da niretzat halako oihartzuna izatea, eta, alde horretatik, gogoa nuen Itzulia bukatzeko. Etxean lasai egon nahi dut. Halere, pozgarria da jendea nire berri izatea: errepidean ondo ibili naizela esan nahi du.

Zein da mendiko sailkapena borrokatzeko sekretua?

Lehenik eta behin, ihesaldietan sartzeko sena izan behar duzu. Telebista piztu, eta ematen du ihesaldiak erraz egiten direla. Baina kostata eratzen dira. Horretaz aparte, abiadura behar duzu, mendateak ahalik eta posturik onenean igarotzeko.

Ziklistarik saiatuena ere izan zinen Santurtziko etapan. Gogotsu aritu zinen etxe ondoan.

Oso etapa berezia izan zen niretzat. Ihesaldian sartzea lortu nuen, eta egun osoan entzun nuen nire izena. Asko gozatu nuen. Oro har, oso pozik nago egin dudan Itzuliarekin; aurrez espero nuena gainditu dut.

Bigarren aldiz aritu zara Itzulian. Alde handia egon da debuteko aldiarekin?

Bai, sekulakoa. Lasterketa guztiz ezberdina izan da niretzat. Beste gorputzaldi bat eta beste hanka batzuk ditut orain, eta asko gozatu dut. Lehen aldian, 2021ean, ez nuen batere gozatu. Orain, ordea, eginago nago txirrindulari gisa.

Pandemia garai bete-betean lehiatu zen Itzuli hura. Giro aldetik ere, beraz, nabarituko zenuen aldea.

Bai, oso ezberdina izan da alde horretatik ere. Gainera, lehen egunetik agertu naiz telebistan, oso ezagun egin naiz, eta mundu guztiak ezagutzen nau orain. Gainera, maillota soinean dudala ezin naiz oharkabean igaro.

Abiadura izan da aurtengo Itzuliko bereizgarrietako bat. Nola bizi izan duzu hori?

Tropelean denbora gutxi egin dut, harrapatu nauenean atzean geratu naizelako. Azken kilometroak oso mantso egin ditut. Baina ihesaldietan oso azkar joan gara, erreleboka bizi-bizi.World Tour lasterketa bat da, eta zauden tokian zaudela nabaritzen da.

Ihesaldietan distira egitea ere geroz eta zailagoa da. Onenek ez dute apurrik ere utzi nahi.

World Tourreko talde batean aritu ezean, ezin da ia ezer egin. Santurtziko etapan, adibidez, World Tourreko zenbait ziklista sartu ziren ihesaldian nirekin batera, eta ordubeteko borroka izan zen multzoa osatu aurretik.

Hemendik aurrera, zer helburu izango duzu sasoi honetan?

Garbi dago beste gorputzaldi bat dudala; aurrerako urratsa egin dut, eta distira egiteko gai naizela ikusi. Horregatik, hemendik aurrera garaipenen lehian sartzea gustatuko litzaidake. Vueltak ez dit arreta handiegirik ematen, baina uste dut bertan izango naizela, eta gogotsu helduko diot.

Zeresan handia eman zenuen afizionatuetan. Hori akuilu edo galga izan duzu profesionaletan lehiatzen hastean?

Lehen urtean presio handia nabaritu nuen. Jende guztia nik zer egingo zain zegoen. Gauzak ezberdinak dira orain, eta askoz ere lasaiago sentitzen naiz. Asko gozatzen dut bizikletaz orain.

Aurten bukatzen zaizu kontratua. Caja Ruralen jarraitu nahi duzu, ala World Tourrera jauzi egiteko tenorea da?

Anbizioa beti dago hor. Gustura jarraituko nuke taldean, baina aurrera begira, nire helburua World Tour talde batean aritzea da. Pazientziaz jokatu nahi dut; prest egon behar dut urratsa egiteko. Gorenean ezin daiteke edozein modutan aritu.

Hurrena etapa garaile gisa igo nahi duzu Itzuliko podiumera?

Gero eta helburu zehatzagoak izango ditut, eta xede orokorra etapak lehiatzea izango da. Sailkapen orokorra, ordea, ez dut uste inoiz nire joko zelaia izango denik. Ez naiz eskalatzailea, eta bestelako helburu batzuei erreparatu behar diet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.