Mirandes 0-1 Reala

Aurrera, txuri-urdinak

Espainiako Kopako finalean izango da Reala, finalerdietako itzulerakoan Mirandesi irabazi ostean. Oiartzabalek egin du partidako gol bakarra, penaltiz. Donostiarrek kontrolpean izan dute egoera

Mikel Oiartzabal eta Martin Odegaard, Realaren gola ospatzen. Eibartarrak egin zuen txuri-urdinak finalera sailkatu zituen gola. SANTI OTERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun

Mirandes. Limones; Alexander Gonzalez (Julio, 60. min.), Sergio, Kijera, Enric; Mickael Malsa, Alvaro Rey (Barco, 82. min.), Guridi, Antonio (Marco Andre, 72. min.), Merquelanz; eta Matheus.
Reala. Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal; Zubeldia, Merino, Odegaard (Gebara, 90. min); Oiartzabal (Barrenetxea, 77. min.), Januzaj, eta Willian Jose (Isak, 65. min).
Golak. 0-1. Oiartzabalek (40. min.).
Epailea. Sanchez Martinez. Txartel horiak: Mirandeseko Gonzalezi, Barcori; eta Realeko Monreali, Willian Joseri, Januzaji.
Bestelakoak. Bete egin zen Miranda Ebroko (Espainia) Anduva futbol zelaia, 5.700 ikusle inguru. Tartean ziren Realaren mila zaletik gora, eta beste 2.000 inguru geratu ziren kanpoan sarrerarik gabe.

Realzale bakoitzak norbait izan zuen gogoan atzo gauean. Hein handi batean, sentipen partekatu bat da futbola, sarri elkarri lepotik helduta boz gora azaleratzen den sentimendu bat. Horretarako Txuri-Urdin ereserkia baliatzen duten Realaren jirakoek, eta haren pasarte bati men egin zioten jokalariek. Aurrera egin zuten Mirandesen aurkako finalerdietako kanporaketan, eta Espainiako Kopako finalerako sailkatzea lortu zuten. Klubaren historiaren egutegiari ahaztu ezinezko data bat gehitu zioten.

Bi talde goseti zelairatu ziren atzo Miranda Ebroko (Espainia) Anduva zelaira. Galdu ezinezko aukera baten aurrean zirela jakitun, Mirandesek eta Realak lehiarako prestatu zituzten beren hamaikakoak. Hasieratik argi geratu zen barkatzeko asmorik gabe zirela bi taldeetako jokalariak. Imanol Alguacil eta Andoni Iraola prestatzaileek onentsuenak zelairatu zituzten, eta bizi hasi zen norgehiagoka.

Realak izan zuen lehen aukera argia, zazpigarren minutuan. Mikel Merinok baloi bat berreskuratu zuen zelai erdian, eta Natxo Monrealekin jokatu zuen ezker hegalean. Atzelari nafarrak bakarrik ikusi zuen Adnan Januzaj, baina belgikarrak buruz eginiko errematea kanpora joan zen.

Minutuek aurrera egin ahala, ordea, urrats bat aurrera egin zuen etxeko taldeak, eta indarrek orekatzera egin zuten. Mirandesek ito egin nahi zuen Reala. Donostiarrak sendo ari ziren atzeko lerroan, eta lehia zelai erdira mugitu zen. Joko gutxi eta katramila askoko minutuak izan ziren. Bi taldeek zelaian leku gehiago lortu nahi zuten, eta itxi egin zen partida.

Aukerak ere bakanak izan ziren. Reala bere gustuko jokoa egin ezinik ari zen, eta horrek erosotasuna kendu zion. 21 minutuan Mirandesek gola egiteko abagunea izan zuen; Martin Merquelanz irundarrak korner bat atera zuen, eta Ion Guridi azpeitiarrak ozta-ozta ukitu ostean Alexander Remiro Realeko atezainak hartu zuen baloia.

Egoera gehiegi ilundu aurretik, area kanpotik saiakera egin zuen Willian Josek. Area kanpotik etorri bezala astindu zuen baloia, eta lanak eman zizkion Limones atezainari.

Hurrengo minutuetan, baina, lehengo lepotik burua. Bi taldeak zirrikitu bat aurkitu ezinik aritu ziren bestearen arean. Harik eta Realak 40. minutuaren mugan eskuin hegaletik jokaldi bat egin zuen arte.

Hondoko marraraino heldu zen Joseba Zaldua, eta donostiarraren erdiraketa eskuarekin urrundu zuen Malsak. Penaltia adierazi zuen Sanchez Martinez epaileak, eta Mikel Oiartzabalek ez zuen barkatu. Gola egin zuen eibartarrak, eta arnasa eman zion bere taldeari.

Realak unerik onenean egin zuen gola, atsedenaldia iristeko minutu gutxiren faltan, eta indarrak berritu zizkion horrek, indartsu ekin baitzion bigarren zatiari. Januzajek bigarrena sartzeko aukera izan zuen lehen jokaldian. Eskuin hegalekoak baloi bat jaso zuen arean, ia mugitu ere egin gabe izkin egin zien Mirandeseko atzelariei, eta langara jaurti zuen baloia.

Realak geroz eta gertuago zuen finala, eta hasierako estutasunak gaindituta, eroso ari zen zelaian. Baloi jabetza bere eginda, nahi zuen horretan aritu zen, eta etxeko taldeak presari lekua egin zion. Partidak nahi zuen itxura hartu zuen Imanolen jokalarientzat.

Mirandesek aukera argi bat izan zuen orduan. Monrealek labain egin zuen arean, eta baloia era-eran jarri zitzaion Matheus aurrelariari. Brasildarrak ez zuen asmatu, eta berdinketa lortzeko aukera galdu zuen.

Reala ondo kokatua zegoen zelaian, baina arrisku gehiegirik sortu gabe. Imanolek Isak eta Barrenetxea zelairatu zituen freskotasun bila, eta Iraolak aurrelarien aldeko apustua egin zuen. Bi gol behar zituen, gutxienez, luzapena behartu eta bizirik segitzeko.

Azken hamar minutuetan gora egin zuen etxeko taldeak, baina alferrik. Realak ondo eutsi zion, eta finalera egin zuen jauzi hiru hamarkadaren ostean. Denbora askoan hozten edukitako txanpaina zabaldu zuten zaleek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.