Egungo txapeldunak ez du aurrera jarraituko Espainiako Kopan. Iragan sasoian balentria egin ondoren, denboraldi honetan Athleticek ez du aukerarik izango halakorik berriz egiteko. Besteak beste, Osasunak kanporatu baitu final-zortzirenetan. Partida eroa eta fisikoa jokatu dute bi taldeek, eta erabakigarria izan da ate aurrean eraginkor aritzea. Lehen zatian 0-2 aurreratu dira nafarrak, baina burua altxatu eta bina berdintzeko adorea erakutsi dute zuri-gorriek. Hortik aurrera, etxekoek makina bat aukera izan dute hirugarren gola sartzeko, baina esan ohi da barkatzen duenak garesti ordaintzen duela gero, eta halaxe izan da. Tarterik zailenean, Vicente Morenoren taldeak 2-3koa egin du, eta merezita sailkatu da final-laurdenetarako.
Aurrez esperotako gidoia bete dute partidaren hasieran. Intentsitate eta erritmo bizian zelairatu da Athletic, eta presio itogarria egin dio Osasunari. Horren eraginez, nafarrek ez dute izan baloia luze jo beste erremediorik, nahiko lan izan baitute baloia euren areatik urruntzen. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, Morenoren taldeak pauso bat eman du aurrerantz, nabarmen eman ere, eta nortasun handiz jokatzeari ekin dio, konplexurik gabe. Atzean sendo egotea tokatu zaionean serio egin du lan, eta erasoan min egin du kontraerasoan. Gorritxoek buruhausteak eragin dituzte baloi geldian ere.
Partidaren garrantzia zela medio, tentsio handiz lehiatu dira bi taldeak, eta disputa handian ibili dira jokalariak. Lehia fisikoa izan da. Lehen minutuetan salbu, joko horretan Osasuna egon da erosoen, baina Athleticek bakarrik izan ditu gola sartzeko aukerak lehen ordu erdian. Besteak beste, Iñaki Williamsek bi aukera on izan ditu, eta Jauregizarrek beste bat. Sergio Herrera atezaina, baina, azti ibili da aldi oro. Bada, lehen gol aukera garbian egin du Osasunak 0-1ekoa. Bisitariak ongi iritsi dira eskuin hegaletik etxekoen areara, eta Aresoren erdiraketari aparteko errematea egin dio Aimar Orozek, 40. minutuan. Gol ikusgarria izan da.
Kolpe galanta hartu du Athleticek, eta, handik bi minutura, are handiagoa. Urduritasunak eraginda edo, Paredesek pase txarra eman dio Agirrezabala atezainari, eta, hark, baloia baino lehenago jo du Budimirren oina. Penalti garbia izan da, eta Budimirrek ederki baliatu du oparia 0-2koa egiteko, penalti puntutik.
Nicorena, gol psikologikoa
San Mames mutu geratu da Osasunak bigarren gola sartu duenean, Athleticek Kopatik kanpo izan baitu orduan hanka eta erdi. Bada, unerik kritikoenean egin du 1-2koa Nico Williamsek. Lehen zatiko azken jokaldian, hain zuzen. Amore eman beharrean, burua altxatu eta bihotzarekin jokatzen jarraitu dute zuri-gorriek, eta jaso dute saria. Iñaki Williamsek jokaldi polita josi du eskuin hegaletik, eta haren erdiraketari probetxu ederra atera dio anaia gazteak. Bigarren zatiari begira, gol psikologikoa izan da. Izan ere, Athletic indartsu eta izpiritu handiz zelairatu da atsedenalditik bueltan. Gol aukerak bata bestearen atzetik sortu ditu, eta De Marcosek egin du binakoa, 55. minutuan.
Hortik aurrera, Osasunak izugarri sufritu du. Athleticen erauntsia ezin gelditurik ibili da, baina Valverderen jokalariek gehiegi barkatu dute. Jauregizarrek, partidako onenak, alferrik galdu ditu bi aukera on. Azkenean, Budimir izan da hirugarren gola sartzeko gai. Agirrezabalaren aurrean maisuki sareratu du baloia, eta, epaileak azken txistua jo bitartean, gorritxoek ederki eutsi diote gol baten aldeari. Meritu handiko garaipena lortu dute, eta, are, mugarri ere izan daiteke. Athleticek, berriz, astebetean agur esan die bi lehiaketari: Espainiako Kopari eta Superkopari.
ATHLETIC-OSASUNA
Athletic. Agirrezabala; De Marcos (Gorosabel, 69. min.), Vivian, Paredes (Yerai, 45. min.), Yuri; Jauregizar, Ruiz de Galarreta (Prados, 69. min.); Iñaki Williams, Berenguer (Nico Serrano, 84. min.), Nico Williams; eta Guruzeta (Djalo, 84. min.).
Osasuna. Herrera (Aitor Fernandez, 83. min.); Areso, Catena, Boyomo, Juan Cruz (Herrando, 76. min.); Ibañez (Abel Bretones, 56. min.), Torro, Moncayola (Iker Muñoz, 76. min.); Ruben Garcia (Nacho Vidal, 76. min.), Budimir eta Aimar.
Golak. 0-1: Aimarrek (40 min.). 0-2: Budimirrek, penaltiz (44. min.). 1-2: Nico Williamsek (40. min.). 2-2: De Marcosek (55. min.). 2-3: Budimirrek (70. min.).