Imanol Garziandiak (Urretxu, Gipuzkoa, 1995) ez du inoiz ahaztuko Juanma Lopezek eta Gojko Vucinic zenak harengan izan zuten fedea. Haiek fitxatu zuten 17 urteko gazte luze-luze bat Urola Zumarragako (Gipuzkoa) taldetik —2,03 metro da—, Sanlo Elgoibarko klubean aritzeko (Gipuzkoa). Fitxatu ez ezik, promesa bat ere egin zioten: «Esan zidaten ahal zuten guztia egingo zutela bertan ahalik eta denbora gutxien egon nendin», gogoratu du.
Asmo askoz handiagoak zituzten harentzat, eta ez zuten amore eman agindu ziotena bete arte. Jokalari zirela egindako harremanei esker —Arrate Eibarko taldean jokatu zuten biek (Gipuzkoa)—, proba bat lortu zioten Logroñorekin, Asobal ligako taldearekin. Haren txanda zen, eta ez zien huts egin. Balekoa izan zen proba, eta sasoi amaieran haiekin denboraldiaurrea egingo zuela esan zion Jesus Javier Gonzalez Jota Logroñoko entrenatzaileak. Gogor jardun zen uda horretan, eta beste promesa bat jaso zuen sari gisa: ez zutela bistaz galduko. Haiek ere bete zuten agindutakoa: urtebetera fitxatu zuten. Bi koska igo zituen jauzi bakarrean. Asobal ligan ariko zen. Baita Txapeldunen Ligan ere. Aspaldiko ametsa bete zuen.
Zazpi urte pasatu dira, eta Garziandiak aurrera baino ez du egin haren kirol ibilbidean: lehenbizi, hezi eta hazi egin zen Logroñon egindako bost denboraldietan; joan den sasoian, berriz, beste eskubaloi bat ezagutu zuen, Frantzian, Pays d'Aixen; eta, orain, koskarik gorenean ari da, Hungarian, Pick Szegeden. Koskarik gorenean, Txapeldunen Ligan ari baita. Beste hiru euskal jokalari soilik ari dira kluben arteko lehiaketarik nagusian: Eduardo Gurbindo, Errumanian, Dinamo Bukaresten; eta Lysa Tchaptchet eta Nerea Pena, Norvegian, Vipers Kristiansanden.
Hizketan hasi eta berehala nabari zaio gozatzen ari dela: «Oso gustura nago. Ametsa betetzen ari naiz: talde indartsu batekin Txapeldunen Liga jokatzea». Aritua zen Logroñorekin, baina koska bat beherago: «Multzorik eskasenetan jokatu genuen, onenekin aritu ezinda. Eta nik onenen kontra jokatu nahi nuen, eta ahal izanez gero, talde indartsu batean. Frantziara joatea hori lortzeko lehen urratsa izan zen: tranpolina izatea nahi nuen. Zorionez, apustua ondo irten zitzaidan: Txapeldunen Liga, talde indartsua, egitasmo anbiziotsua... Pick Szegeden jokatzeak erabat asebetetzen nau».
«Ezustean» iritsi zaion Pick Szegeden eskaintza, aurreko sasoiaren hondarrean: «Beste urtebeterako kontratua nuen PAUCekin, eta ziur nengoen han jarraituko nuela. Baina Luka Stepancic Szegedeko eskuineko albokoak lesio larria izan zuen, eta ni aukeratu ninduten hura ordezkatzeko. Guztioi komeni zitzaigun, eta horri esker, akordioa lortu genuen».
«Ilusioz gainezka» egin zuen maleta. «Duda batzuk» sartu zituen ere bai. «Ez nekien nola egokituko nintzen. Ezer gutxi nekien Hungariaz». «Azkar» uxatu zitzaizkion beldur eta duda guztiak: «Hasieratik, oso ondo hartu ninduten. Jatorri ezberdineko jokalari asko gaude, eta horrek batu egin gaitu. Denok oso presente dugu ondokoa gu bezala dagoela, eta elkarri laguntzen diogu. Oso giro ona dugu». Hungariera gutxi entzuten da taldean: «Lau hungariar bakarrik daude. Balkanetako hizkuntzen arteko nahasketa bat eta ingelesa entzuten da gehien». Baita gaztelania ere, Juan Carlos Pastor espainiarra baita entrenatzailea. «Horrek mesede egiten didan? Bai eta ez. Errazago egiten dit errieta», dio barrez.
Lauko Finala begiz joa
Errazagoa da dena taldea ondo ari baldin bada. Eta oso ondo ari da Pick Szeged: lider da Hungariako Ligan, eta bete-betean ari da Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako sailkatzeko lehian: «Ligan oso ondo ari gara: hamar neurketa irabazi ditugu, eta bat berdindu, Veszpremen aurka. Hura da gure aurkari nagusia. Ligako lehen bi sailkatuek finala jokatzen dute, eta lider iristeak abantaila emango liguke: etxean jokatuko genuke itzulikoa». Nolako liga den galdetuta, «Asobalen eta Frantziakoaren arteko nahasketa bat» dela dio: «Denetarik dago: taktika lantzen duten taldeak eta bi metroko armairuz josita daudenak».
Txapeldunen Ligak neurtzen du Pick Szegeden benetako maila. Hamar jardunaldi jokatuta, multzoko laugarrena da: hamabi puntu ditu. Aalborg Danimarkako taldearekin dago berdinduta; puntu batera du Kiel Alemaniakoa; eta bi puntura Montpellier Frantziakoa: «Lehen bi sailkatuetako bat izan nahi dugu, final-laurdenetara pasatzeko. Bestela, kanporaketa bat jokatu beharko dugu beste multzoko talde baten aurka, eta hor kontrario indartsuak daude: Kielce, Veszprem, PSG, Bartzelona... Itxura du azken jardunaldira arte lehia estua izango dugula. Lauko Finala jokatzea da helburua. Lehen aldia litzateke klubarentzat».
Bihar partida erabakigarria jokatuko dute etxean, Kielen aurka. Egun berezia izango da, lehen aldiz jokatuko baitute pabiloi berrian: «Itzela da: 8.300 lagun sartzen dira. 3.000 sartzen dira zaharrean, eta Txapeldunen Ligan bete egiten da. Veszpremen aurka, halako sei beharko genituzke zale denak sartzeko. Beste partidetan, mila zale inguru etortzen dira».
Seinale ona da norberaren jokaldiak sare sozialetan batera eta bestera ibiltzea. Dezente daude harenak; gehienak, urrutitik sartutako gol ikusgarriak dira: «Polita da halakoak ikustea, baita neure burua Txapeldunen Ligaren hirugarren jardunaldiko zazpiko onenean ikustea ere. Txikitan, izar handiak ikusten nituen halako tokietan, eta ilusio handia egiten dit neure burua hor ikusteak. Konfiantza eta indarra ematen dit».
Bide polita egiten ari da, «ezustekoa», haren iritziz: «Logroñora iritsi arte inoiz ez nuen halakorik imajinatuko, baina azken urteetan aurrerapausoak eman ditut. Badakit oraindik asko dudala hobetzeko, baina ari naiz lanean. Gozamena da hiru egunean behin partida handiak jokatzea, baina baita nekeza ere; tentsio eta presio handia dago. Inork ez du pase bat huts egiten. Baina oso gustura ari naiz».
Ametsa bete du talde indartsu batekin Txapeldunen Liga jokatuta, baina badu beste bat: selekzioen arteko txapelketa handi bat jokatzea. Urtarrilean jokatuko da Europakoa, Hungarian eta Eslovenian. Espainiaren lehen deialdian sartu da. «Lehia handia dago nire postuan, baina aukerarik txikiena aprobetxatu nahi dut».