Aurrera egin beharrean, atzera

Realak puntu bakarra lortu du derbia irabazi ondorengo bost partidatan. Etxetik kanpoko ezina eta errazegi galtzeko joera dira lehenbailehen konpondu beharreko bi arazo kezkagarrienak.

Donostia
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Eremu lokaztu batean barreiatu da Reala, azken hilabetean irabazi ezinda egon eta gero. Beste era batera esanda, orain arte Anoetan erakutsitako fidagarritasuna apur bat galtzeak are eta agerikoago bilakatu du etxetik urrutiko joera ezkorra eteteko premia. Ondorioz, duela hilabete Athleticen aurkako derbian lortutako garaipen handiko arrasto on guztiak bidean galdu dira, aurrera egin beharrean atzerantz egin baitute txuri-urdinek. Inguruko giro petralak, gainera, taldearen eta zaleen alde baten arteko zatiketa irudikatu du. Espanyolen aurkako lehian Anoetak Philippe Montanierren kaleratzea ozen eskatzea da horren erakusgarri.

1. Porrot jarioa

Bigarren Mailatik jauzia eman ondorengoan erraztasun handiz ari da galtzen Reala. Estatistikak zorrotzak dira, bi astez behin galtzen baitu. Zenbakietan ito gabe, goi mailara itzuli zenetik jokatutako 93 partidetatik 47 galdu ditu. Martin Lasarteren sasoi bakarrean 23 izan ziren 40 neurketetan. Montanierrekin, berriz, 24 partida galdu ditu 53tik. Datu ezkor horien zergatiak ulertzeko etxetik kanpoko ahulezia mahai gaineratu beharra dago nahitaez. 43 saio egin dituzte gipuzkoarrek guztira Anoetatik urrun, eta 33 neurketa galdu. Donostiako estadioa gotorleku bilakatu izanak balio izan dio helburuak lortzeko aurreko bi denboraldietan, baina, ezintasun hori berandu baino lehen arindu ezean, ur handitan sartzeko arriskutan egon liteke. Aspalditik lelo modukoa bihurtu da, taldearen gogortasunik eza agerian uzten duena.

2. Bi areatan, makal

Aurreneko hilabete hauetan talde gutxik lortu dute Reala mendean hartzea jokoari dagokionez. Urrutira joan gabe, Levante, Betis, Atletico Madril eta Espanyolen aurka txuri-urdinak ez ziren gutxiago izan, inondik ere. Orduan, zer dela-eta ez ditu taldeak puntu gehiago eskuratu? Ziurrenik, oldarkortasun eta joa falta izan zaiolako neurketak erabakitzen diren aldean, bi areatan, eta partidaren nondik norakoa egokiagoa aztertzea, heldutasuna azken batean. Baloiaren erabilerari onari esker aurkariak baino gola sartzeko aukera gehiago sortuagatik, irabazteko xehetasunetan egin du kale. Atzeko lana ziur ez zela trinkoenetan trinkoena izango —geldikako jokaldien erruz Sevillan eta Espanyolen aurka galdu zuen—, baina Reala, ezeren gainetik, erasoan min egiteko eraikitako multzoa denez, aurkariaren atea zulatzeko erakutsitako eraginkortasun faltak kondenatu du, hein handi batean. Antoine Griezmannek Valladoliden sartutako bi golak kenduta, azken hilabetean ez dute golik sartu txuri-urdinek, nahiz eta horretarako abagune argiak izan. Guztira hamar gol sartu dituzte beste horrenbeste partidatan, alegia, gol bat sartzen dute partidako. Atal horretan hobetzeak sendotasuna emango lioke.

3. Xabi Prietoeta Velaren beharra

Xehetasunez gain, taldeko ardatz diren hainbat jokalari ez dabiltza batere fin. Carlos Vela eta Xabi Prietoren gorputzaldi ahula da beharbada adibiderik garbiena. Mexikarrak hamabi gol sartu zituen aurreko sasoian —bera izan zen bigarren itzuliko golegilerik onena Lionel Messi eta Cristiano Ronaldoren atzetik—, baina sasoi honetan, oraingoz, ezin asmatu dabil. Bi gol sartu ditu, biak penaltiz. Hori guztia, ligan gehien jaurtitzen duten futbolarietan bederatzigarren izanda. Garai bateko eraginkortasuna berreskuratzea garrantzitsua izango da, Prietoren kalitatea azaleratzea bezala. Desoreka sortzeko, bere parekoa zorabiatzeko lanak ari da izaten donostiarra liga hasi zenetik. Bere benetako mailatik urrun dago. Duela bi sasoi goleko pase gehien eman zuen hirugarrena izan zen, Messi eta Mesut Oezilen atzetik. Horregatik, zama handia da kapitainaren bertuterik gabe jokatzea, gehienbat, David Zurutuza eta Griezmann zelaian egon ezinik dauden honetan. Inguruko taldekideak ziur daude laster aurkituko dutela bi horiek euren sasoirik egokiena. Albiste ona litzateke.

4. Lesio asko

Lesioak ari dira izaten hain zuzen Montanierren buruko minik handiena. Futbol munduko inork ez du gogoko hutsuneen eragina aitortzerik multzoaren balioa jartzen baitute ezeren gainetik. Nekez uka liteke halakorik Realean ordea. Claudio Bravo, Gorka Elustondo, Zurutuza eta Griezmann ez dira edozein. Espanyolen aurka, gainera, Markel Bergarak, Asier Illarramendik eta Imanol Agirretxek min hartu zuten.Markelek, bederen, pixka batean geldi egon beharko du. Aspaldian osaketa lanetan diharduen beste bat Liassine Cadamuro da. Malagako lehiari begira Agirretxe eta Illarramendi ziurrenik jokatzeko prest egongo dira. Griezmann, Bravo eta Zurutuza, berriz, Rayo Vallecanoren aurkako lehiarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.