Aurrera, beti aurrera

Richard Oribe itotzear egon zen jaiotzean, eta horrek garuneko paralisia eragin zion. Mediku batek «begetal baten bizitza» aurreikusi zion. «Ez du etorkizunik», esan zien haren gurasoei. Zorionez, goitik behera erratu zen. Paralinpiar igerilarien artean historiako onena da. Gakoa? Adorea eta lana.

Richard Oribe, bere trizikloaren gainean, Donostiako Ondarreta hondartzaren ondoan. Hara-hona ibiltzen da egunero pedalei eragiten. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
Donostia
2015eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Medikuari begira daude Gonzalo Oribe eta Rosa Lumbreras, entzuten ari direna sinetsi ezinda. Semea izan berri dute, euren lehen semea, Ricardo. Amak arazorik gabeko haurdunaldia izan du, baina erditzean okertu egin da dena. Haurra itotzear egon da. Medikuek onik atera dute, nola edo hala. Baina berehala etorri dira inarrosaldiak. Oso larria da diagnostikoa: garuneko paralisia du. Jarraian dator okerrena, medikuak egin duen aurreikuspena. «Haur honek ez du etorkizunik. Ez da inoiz bere kasa ibiliko. Geldirik egongo da, begetal baten moduan».

Denborak agerian utzi du mediku hark egindako aurreikuspena. Zaila da hanka gehiago sartzea. Geldirik egotera kondenatuta zegoen haur hori geldirik egon ezin den 41 urteko gizona da. Hori gutxi balitz bezala, kirolaria ere bada, baina ez nolanahikoa. Historiako onena da paralinpiar igerilarien artean. Inork ez du hark baino garaipen zerrenda hoberik. Sei aldiz lehiatu da olinpiar jokoetan, eta han, munduko onenekin lehian, hamasei domina irabazi ditu: urrezkoak zortzi, zilarrezkoak sei eta brontzezkoak bi. Guztira, 135 domina eskuratu ditu nazioarteko txapelketetan. Makina bat munduko marka ondutakoa ere bada.

Urak eman dio dena. Lehenbizi, oreka. «4 urte zituenean hasi zen igerian, terapia gisa. Konturatu ginen orekari eusteko zituen arazoak ez zituela uretan», azaldu du haren amak. Ordurako mediku eta espezialista bat baino gehiago utzi zituen zur eta lur. Espero baino garapen askoz hobea zeraman. Ez zen halabeharrez gertatutakoa. Lan handia zegoen horren atzetik: batetik, gurasoenahalegina eta adorea, semeari ibiltzen erakusten saiatzen; bestetik, Oriberen ahalegina eta kemena, gurasoek erakutsitakoa ikasten. Aitak ez du ahaztu lantegian muntatu zuten gimnasio bitxia. «Hogei metro luzeko bi barra jarri nituen, Richard eskuekin hor hel zedin. Eta lurrean, jogurt pote huts batzuk jarri nituen, patata frijituz beteta. Izugarri gustatzen zitzaizkion patatak. Eta han ibiltzen zen poliki-poliki pausoka».

Igeriketak eman dio arrakasta. Hori bai gertatu zen halabeharrez. Izan ere, igeriketa ez zegoen bere kirol kutunen artean. Bizikletan ibiltzea gustatzen zitzaion, eta ondo moldatzen zen. Trebea zen ere pisua jaurtitzen. Baina kirol guztien artean bat zuen kutunena: futbola. «Atezain oso ona zen. Elbarritasunik gabekoen artean ere nabarmendu egiten zen», gogoratu du haren aitak. «Ez zion batere beldurrik lurrera botatzeari, baina zaku baten moduan erortzen zen. Prakak apar-gomarekin bete behar izaten nizkion, eta, hala ere, egundoko ubeldurekin iristen zen etxera», gehitu du haren amak, barrez. Oribek barre egin du ere ama entzundakoan. Hortik datorkio Realarenganako debozioa. Bazkidea da, eta jarraitzaile sutsua. Anoetara joaten da bi astean behin lagunekin. Gipuzkoa Basketen jarraitzaile sutsua da ere bai. «Bonbo eta guzti joaten naiz animatzera», esan du harro. «Bai, baina badaezpada entzuteko daukan gailua kentzen du dunbala astintzen duenean. Sekulako kolpeak ematen dizkio. Jada bat txikitu du», xaxatu du aitak.

Entzutearen plazera

Aitak aipatu du. Oribek kokleako inplante bat du. Nerbio koklearraren bukaerak zuzenean estimulatzen dituen gailu elektronikoa da. Belarriaren barnean sartzen da, eta gorreria duten pertsonen entzumena berreskuratzeko erabiltzen da. Orain hamar urte jarri zioten, Oribe ere gorra baita jaiotzez. Egon ziren adituak inplantea ez jartzeko gomendatu zietenak, baina bere gurasoak poztu egiten dira gomendio horiei jaramonik ez egin izanaz. «Mugarri bat izan zen», azpimarratu du amak. Gailua jarri bezain pronto hasi zen Oribe soinu ehizan. «Egunero joaten zen Ondarretako hondartzara, olatuen soinua entzutera». Pozik zen edozer entzunda, soinurik arruntena izanagatik ere. Batek egin zion bereziki ilusioa: komunean txiza egiterakoan entzundakoak. «Gogoratzen dut nola etorri zen korrika guregana entzun zuena kontatzera. Txorakeria bat dirudi, zikinkeria bat ere agian, baina hari ilusioa egin zion».

Kokleako inplanteak ere areagotu egin du Oriberen ikasteko grina. Oraindik zailtasunak ditu hitz egitean, baina nabaria da azken urteetatik hona egin duen hobekuntza. Profesionalen laguntza du —astean bitan doa logopedarengana—, baina hobekuntza handienak bere lanari, bere ahaleginari esker izan dira, ekinaren ekinaz lortutakoak. «Oso-oso langilea da. Egunero-egunero egiten ditu ariketak etxean. Ikasteko gogo izugarria du. Gainera, oso azkarra da», azpimarratu du haren amak. Ikasteko grina horri esker ere lortu du trebezia gailuekin. Ordenagailuak eta sakelakoak sekretu gutxi dute harentzat. Javier de Aymerich haren entrenatzailea izan zuen maisu horretan, baina hark aitortu du ikasleak maisua gainditu duela jada. Oribek ordu dezente ematen ditu Interneten. Webgunea ere badu (www.richardoribe.com), eta sare sozialetan ere ibiltzen da.

Inplanteak ere autonomia handiagoa eman dio. Urteak daramatza triziklo baten gainean hara-hona. «Zenbat kilometro izango ditu jada eginda!», bota du haren amak. Entrenatzera ere pedalei eragiten joan ohi da. Ondo neurtua du zenbat denbora behar duen etxetik [Ondarretan bizi da] Paco Yoldi igerilekura joateko: «ordu erdi», dio seguru. Ez da daukan garraiobide bakarra. Duela bost urtetik motor elektrikoa duen gurpil aulki bat du. Gurasoek erosi zioten, eta Taiwandik iritsi zen. Ez da ohiko gurpil aulki motorduna. Erabat estalita dago, auto baten moduan. Euria gogotik ari duenean joaten da bertan Oribe, goxo-goxo.

Gero eta gehiago bere kasa

Kirolari amorratua izanagatik, gustatzen zaio noiz edo noiz etxean lasai-lasai gelditzea. Bakarrik geratu ohi da ere zenbait egunetan, gurasoak asteburu-pasa edo joaten direnean. Hori ere «hobekuntza handia» izan da. Gurasoek «konfiantza osoa» dute harengan. «Oso ondo moldatzen da, oso ordenatua baita». Ateak itxi, gailu guztiak itzali... Ia dena egiten du, bazkaria prestatu ez beste. Berehala dator galdera: moldatuko da inoiz zuek falta zaretenean? «Baietz uste dut. Gainera, ziur jende askoren laguntza eta babesa izango duela».

Jende askoren «babesa» duela. Behin eta berriz azpimarratu dute hori Oriberen guraso eta entrenatzaileak. «Harrigarria da zenbat jendek gelditzen duen kalean agurtu eta animoak emateko. Oso maitatua da. Berak ere asko laguntzen du hala izan dadin. Oso atsegina da». Eta nola eramaten du ospe hori? «Oso ondo. Gustatzen zait jendeak animoak ematea. Aurrera egiteko indar handiagoa ematen dit». Hain da maitatua, hainbatetan aurkeztu dute bere hautagaitza urrezko danborra jasotzeko. Oraindik ez diote eman, baina argi dago horretarako merituak egin egin dituela.

Irakastea ere du gustuko, batez ere gazteei. Oribe eta haren entrenatzailea eskoletara joan ohi dira haien esperientziaren berri emateko. Sinetsita daude edonori egingo liokeela mesede Oriberen gisako testigantza bat entzutea. Aitak argi du. «Eredua da, eredua nola kemenarekin eta adorearekin aurre egin dakiekeen bizitzak jartzen dizkizun traba eta zailtasunei. Inoiz amore ez ematea da gakoa. Aurrera egitea beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.