Aurrera begirako mugarriak ezarrita

Osasunak munta handiko erabakiak hartu ditu geroari begira aurten. Sabalza hirugarrenez izendatu dute presidente, eta, kirol arloan, segida eman zaio aurrez egindako lanari. Zorra nabarmen handitu da, eta CVC funtsaren diruarekin egin nahi zaio aurre.

Luis Sabalza hirugarrenez izendatu zuten Osasunako presidente. JESUS DIGES / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Osasunak iaz bezala bukatuko du urtea: garaipenekin guztiz etsaituta. 2020an, azken bederatzi partidetatik bakar bat ere ez zuen irabazi, eta gauza bera gertatu zaio aurten. Tartean, ordea, oso emaitza onak izan ditu Jagoba Arrasateren taldeak: bigarren itzuli ikusgarria osatu, eta aise eutsi zion mailari aurreko denboraldian; eta sasoi berria Europako postuetan abiatu zuen. Bestalde, oso erabaki garrantzitsuak hartu dira etorkizunera begira; hala nola, bazkideek estatutuen erreforma eta Ligaren eta CVC funtsaren arteko akordioa babestea onartu dute, eta Luis Sabalzak, berriz ere presidente izendatua izan ostean, 2026ra arte berritu du Braulio Vazquez kirol zuzendariaren kontratua. Proiektua geroz eta sendoagoa da, zenbait jokalarik ere urte askorako sinatu baitute. Jon Moncayola, David Garcia, Sergio Herrera eta Kike Barja dira horren horren adibide nagusia.

EMAITZA TXARREN BOLADAK

Iazko urtearen amaiera makalak kutsatuta, irabazi ezinik ekin zion 2021ari Osasunak. Ez zuen garaipenik lortu lehen lau partidetan, eta Realaren eta Real Madrilen aurka puntu baikorrak lortu izanagatik, sorbaldak geroz eta zamatuago zituen. Guztira hamahiru jardunaldiz izan zen puntuak hirunaka batu gabe, harik eta urtarrilaren 24an Granadari gailendu zitzaion arte. Hortik aurrera, azeleragailua sakon zanpatu zuten gorritxoek, eta abaila batean bete zuten helburua: salbu zeuden apirilaren bukaerarako, oraindik sei partida gelditzen zirela. Sasoi berria ere indar betean hasi zuten, eta bosgarren postuan iritsi ziren hamargarren jardunaldira. Haatik, azken bi hilabeteetan garaipenik lortu ez, eta hamahirugarren posturaino beheratu dira; hori bai, jaitsiera zazpi puntura dute oraindik.

ETXEAN USO, KALEAN OTSO

Denboraldi honen hasieran, ohiko joera irauli dute nafarrek: emaitza dezentez hobeak lortu dituzte etxetik at, etxean baino. Zaleek Sadar eraberrituko harmailak goraino bete ahal izan dituzte azkenean, baina hori, abantaila izan beharrean, oztopo bilakatu da Arrasateren taldearentzat, eta, orain arte, garaipen bakarra lortu du garai batean gotorleku zen zelaian. Joko ona markagailuan islatzea falta izan zaio batzuetan, eta zelai beteak eragindako zirrara kudeatzeko arazoak ere izan ditu. Kontrara, inoizko boladarik onena izan du bisitari moduan, irabazi egin baitzituen etxetik kanpo jokatutako lehen lau lehiak. Halaber, puntu bat urratu zuen Real Madrilen aurka, eta Atletico Madrilen etxean ere lapurreta egitear izan zen talde gorritxoa.

SABALZA BESTE LAU URTEZ

Azken urteetako egiturari eutsi dio Osasunak, piramidearen goiko erpinetik hasita. Izan ere, azaro amaieran hirugarren agintaldia hasi zuen Luis Sabalzak presidente moduan, oraingoan ere bozak egin behar izan gabe; ez zegoen beste hautagairik. Lehenago, Sabalzak estatutuak moldatu zituen hirugarrenez presidente bihurtu ahal izateko, oso aldeko dituen bazkide konpromisarioen oniritziarekin. Berriro izendatua izan eta berehala, zangozarrak beste lau urterako hitzarmena sinatu zuen Braulio Vazquez kirol zuzendariarekin.

Haren eskutik iritsi zen Osasunara Jagoba Arrasate, eta ikusteko dago entrenatzaileak ere Iruñeko klubean jarraitzen duen sasoi hau amaitu ondoren. Segitzea nahi duela esan du behin baino gehiagotan kirol zuzendariak, eta horretarako egingo duela lana.

ZUTABEAK SENDOTU DITU

Klub ororen arrakastak zelaian gertatzen dena, hots, jokalarien jarduna du oinarri. Gorritxoek oso multzo irmo eta lehiakorra osatu dute Arrasateren agindupean, eta, zutabeak sendotzeko asmoz, luzerako berritu dituzte kontratu batzuk: 2031ra arte lotu dute Moncayola, eta 2026ra arteDavid Garcia, Sergio Herrera eta Kike Barja. Dutenari eustea da nafarren lehentasuna, eta Ante Budimir fitxatzeko egindako ahalegina ere horren erakusgarri da: zortzi milioi euro ordaindu zizkioten Mallorcari. Kike Garcia, Cote, Areso eta Ontiveros izan ziren sasoi honetarako ekarri zituzten jokalariak.

ALTXORTEGI ARAZOAK

Osasunak ez du itolarri ekonomikorik. Oraindik ez, behintzat. Zernahi ere den, inbertsio handia egin du azken urteetan gizonezkoen lehen taldea indartzeko, eta horri Sadarren eraberritzea eta lanen gainkostua gehitu behar zaio: 16 milioi euroko proiektua zenak 23 milioiko kostua izan du azkenean. Gainera, ez da libratu pandemiaren eraginaz: 12-14 milioi euro gutxiago irabazi ditu azken bi urteetan. Horri guztiari aurre egiteko aukera emango liokete Ligaren eta CVCren arteko hitzarmenean jasotzekoa den 52 milioi euroek. Dena den, agintari gorritxoak ez dira zain gelditu, etauztailean 12 milioi euroko mailegua sinatu zuten Britiainia Handiko enpresa batekin. Lehen Mailan luzaroan irauten badu, egoera kontrolpean izango du Osasunak; bestela, baliteke komeriak izatea berriro arlo ekonomikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.