Aurrera begira egin dute atzera

Zailtasun ekonomikoak tarteko, Zuzenak taldeak uko egin dio Espainiako Ohorezko Mailan lehiatzen segitzeari. Zuzendaritzak eta jokalariek elkarrekin hartu dute erabakia, egoera ez zelako bideragarria.

Zuzenak taldeko jokalari eta entrenatzaile multzoa artxiboko irudi batean. ZUZENAK.
inigo lasa fresneda
2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Zaila izaten da agur esatea. Bereziki, tokatzen ez denean. Horixe gertatu zaio saskibaloi egokituko Zuzenak taldeari: penaz, baina Espainiako Ohorezko Mailari agur esan behar izan diote gasteiztarrek. Ez kantxan okerrago aritu direlako, baizik eta hala erabaki dutelako. Uko egin diote Europako liga onenetariko baten lehiatzeari. Minduta daude, baina klubarentzat erabakirik onena izan delakoan dira. Diru kontuengatik egin dute

Gaztea izan arren, gasteiztarren elastikoa makina bat aldiz jantzi du Agurtzane Egiluzek. Onenen aurka lehiatu da, profesionala izan gabe, liga profesional batean. «Gu ez gara klub profesional bat. Beste guztiak badira, baina gu ez. Esaterako, igandean Albaceten jokatu, autobusez etxera itzuli, eta hurrengo egunean lanera edo ikastera joan beharra izaten dugu askok eta askok. Oso gogorra eta luzea egin zaigu denboraldia».

Diruak agintzen du goi mailako kirolean, eta, hein batean, hori falta izan zaio Arabako taldeari. Zuzenak-eko kirol arduradun Ruben Martinezek buruhauste dezente izan ohi ditu taldeak duen aurrekontuarekin denboraldi oso bat behar bezala osatzeko: «Kontrario izan ditugun talde askok gure aurrekontua halako bi edo gehiago zuten. Gu, normalean, 90.000-100.000 euroko aurrekontu batekin ibiltzen gara, baina ikusten ez diren gastu asko daude kirol egokituko saskibaloi talde batean: egokituta dauden autobus eta hotelak behar dituzu, materiala hausten bada berria erosi...». Adibide argigarria eman du: gurpildun aulki batek 5.000 euro inguru balio ditu.

Erabakia hartzea ez da erraza izan, baina behintzat jokalarientzat ez da ezustea izan. Zuzendaritzak eta jokalariek elkarrekin adostu dute. «Jokalari guztiekin banan-banan hitz egin zuten gure iritziaren berri izateko, eta ondoren talde osoarekin bilera bat egin genuen. Denen artean erabaki genuen mailari uko egitea zela hoberena. Ez zen bideragarria horrela jarraitzea», azaldu du Egiluzek. Gasteiztarrak, saskibaloian jokatzeaz gain, egunean zortzi orduko lan bat du Bilbon, eta master bat ikasten ari da Gasteizen.

Zuzenak-en, ia jokalari guztiak etxekoak dira. Bi fitxaketa besterik ez dituzte jokalari multzoan. Horrek bere abantailak ditu, baina baita desabantailak ere. «Guk ez dugu dirurik kanpotik jokalariak ekartzeko. Hemen dugunarekin moldatu beharra daukagu. Horrelako egoera batean, jendeak konpromisoa izatea ezinbestekoa da. Eta jendeak badu, baina ez da bideragarria horrela ibiltzea», nabarmendu du Martinezek.

Hurrengo sasoian koska bat beherago arituko da Zuzenak: Lehen Mailan. Arabarren kirol arduradunaren ustez, kategoria horretan sentitzen da taldea erosoen. «Hori da gure maila; Lehen Mailan eman ditugu urte gehienak, ez da berria guretzat. Hona jaistea atzerapauso bat da, bai, baina gero aurrera bi emateko asmoz eman dugu. Ea hemendik urte batzuetara berriro ere igotzeko aukera dugun, beste baldintza batzuetan».

Egiluz ez da nolanahiko jokalaria. Iragan udan Paralinpiar Jokoetan parte hartu zuen 24 urterekin. Halere, saskibaloia ez da haren ogibidea, eta, Zuzenak onenekin lehiatuko ez bada ere, haren asmoa Gasteizko taldean jarraitzea da: «Ez gara hemendik bizi, eta nik oraintxe lana lehenesten dut. Printzipioz hemen geratzeko intentzioa dut, eta, ahal bada, saskibaloia eta lana uztartzen jarraitu».

Lau sasoi gorenean

2017-2018ko denboraldian lortu zuen Zuzenak taldeak Ohorezko Mailara igotzea. Ordutik hortxe ibili da, Europako ligarik onenetariko batean lehiatzen. Lehen bidaia honek lau urte iraun du. Gogorrak bai, baina gozatzeko parada ere izan dute. Egiluz gustura da bizitako esperientziarekin eta orain arteko ibilbidearekin: «Sekulakoa izan da tokikoak diren jokalariekin osatutako talde batekin mundu guztitik etorritako jokalarien aurka lehiatzea. Haiei irabaztea ezinezkoa zela jakin arren. Orokorrean asko gozatu dugu urte hauetan guztietan».

Txapelketa askotan gertatzen den bezalaxe, saskibaloi egokituko Ohorezko Mailan alde handia dago talde batzuetatik besteetara. Batzuek ia dena irabazten dute, eta beste batzuek, berriz, oso garaipen gutxirekin amaitzen dute sasoia. Zuzenak bigarren multzo horretan egon da azken lau denboraldi horietan. Hori bai: sailkapenari erreparatuz gero, beti lortu dute mailari eustea. Martinez gustura da urte hauetan jokalariek eginiko lanarekin: «Guk hasieratik garbi izan dugu gure helburua salbazioa zela. Izan ere, sasoia hasi aurretik bagenekien ligako taldeen %70i irabaztea ezinezkoa zitzaigula, eta hori asko da. Baina lau urtetan mailari eustea lortu dugu, eta hori kontuan hartzeko zerbait dela iruditzen zaigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.