Patri Espinar

Aurrenekoan, txapeldun

Aurreko urtean parte hartu ezinik geratu eta gero, Patri Espinarrek irabazi du Emakume Master Cupeko lau eta erdiko txapela. Uste baino errazago hartu du mendean Olatz Arrizabalaga finalean, 22-9. Lortutako garaipenarekin pozik dago, baina finalean ikuskizun apur bat gehiago eman ez izanaren arantza du.

ainara arratibel gascon
2018ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Garaipenak uzten duen aho zapore gozoarekin eta ospakizunaren osteko biharamunarekin jaiki zen atzo Patri Espinar (Usansolo, Bizkaia, 1985), Emakume Master Cupeko txapeldun berria. «Petritegi sagardotegian aritu ginen ospatzen, eta, gero, Donostiako Parte Zaharrean. Gaur [atzo] ohi baino gehiago kostatu zait ohetik jaikitzea». Zorion agurrei erantzuten, eta elkarrizketak egiten eman zuen eguna: «Bezperan, sakelakoari ez nion kasu handirik egin».

Herenegungo finala buruan zuen oraindik. Partida parekatua izatea espero zen, baina ez zen hala gertatu, azken emaitzak agerian uzten duen moduan. Espinarrek 22-9 hartu zuen mendean Olatz Arrizabalaga. Launa berdindu eta gero, partidak apenas izan zuen emoziorik eta jokorik. Espinarrek hamabi tanto egin zituen segidan, eta 16-4koarekin erabakita utzi zuen norgehiagoka. Arrizabalagak berak onartu zuen ez zela ondo aritu, eta urduritasunak ez ziola utzi nahi bezalako partida egiten.

Espinar «pozik» zegoen txapelketa irabazteagatik, baina bazuen arantza txiki bat: Azkoitiko Gurea pilotalekua lepo bete zuten ikusleentzat ez zela izan «final polita»: «Joko aldetik argi dago ez zela partida ona izan, eta pena da. Olatzek huts asko egin zituen, eta nik ere ez nuen jokaldi ikusgarririk egiteko aukera handirik izan». Txapela jantzi arren, Espinar ez zen batere eroso aritu: «Eskerrak Arrizabalagak huts asko egin zituen, eta partida ez zen gogortu. Izan ere, ni justu nengoen eskuekin, batez ere eskuinarekin. Takoak jarri nituen, eta eskuinarekin ez nion nahi nuen abiadura eta norabidea eman pilotari. Ez nuen batere gozatu». Baina burua hotz izaten jakin zuen, eta eusten: «Hutsik ez egiten saiatu nintzen, eta, Arrizabalagak eraso egiten bazuen, defendatzen. Halako egoeratan burua ere hotz izan behar da, eta asmatu egin nuen». Horretan «asko» ikasi duela uste du: «Jokalari bizia eta erasokorra naiz, baina kantxan pazientzia eta lasaitasuna izaten joan naiz pixkanaka».

Finaletik harago, oso gustura dago egindako txapelketarekin. Puntako hiru pilotariri nagusitu zitzaien kanporaketetan: Maider Mendizabali, Leire Etxanizi —iazko txapelduna— eta Maite Ruiz de Larramendiri: «Behetik gora egin nuen txapelketan. Ia-ia entrenatu gabe, eta hilabete eta erdi pilota ia ukitu gabe ekin nion, eta oso pozik nago lortutakoarekin».

Garaipenarekin urte ahaztezina biribildu du, duela urtebete eskas munduko bi titulu eskuratu baitzituen Kolonbian, One Wall modalitatean: buruz buru eta binaka. Txapelketako jokalari onenaren saria ere jaso zuen: «Egia esan, hiru garaipenak oso garrantzitsuak izan dira niretzat. Kolonbian euskal selekzioarekin aritu ginen, eta hori beti da berezia. Munduko Txapelketa bat irabaztea gorena da pilotari batentzat, eta niretzat jokamolde berria zen. Ez nuen espero irabaztea. Master Cupeko txapela, berriz, helburuen artean nuen, iaz ezin izan nuelako parte hartu, Munduko Txapelketan nengoelako. Txapelketa hauek ikusgarritasuna ematen diote emakumeen pilotari».

Irabazteak «konfiantza handia» eman dio, eta hobetzea ahalbidetu: «Neure buruan gehiago sinesten dut, eta beti heltzen diet partidei baikortasunez. Psikologikoki indartsuagoa naiz, oreka handiagoa dut. Hori funtsezkoa da». Espinar, gainera, gozatzen ari da orain, baina badaki zer den sufritzea: «Bizkarreko lesio larri baten ondorioz, pilotan jokatzeari uztea gomendatu zidaten. Halako lesioak ez dira sendatzen, baina horrekin bizitzen eta pilotan jokatzen jarraitzea lortu dut. Ez dakit zenbat urte gehiago izango den, baina gozatzen segitu nahi dut. Asko zaildu naiz horri esker». Jokoan ere hobetu duela nabarmendu du: «Gantxoa hobetu dut, eta, orain, boleaz indartsuago jotzea da nire erronka. Horretarako, sorbalda indartu behar dut».

Bestalde, buru-belarri ari da emakumeen pilota sustatzeko lanetan. Hori lortzeko asmoz jarri du martxan beste hainbat pilotarirekin batera Plaza Emakumeak kluba. «Udalen aldetik erantzuna gero eta hobea da pixkanaka; interesa handituz doa». Izan ere, txapelketa pribatuekin eta federazioak antolatzen dituenekin batera, jaialdi gehiago behar direla berretsi du. «Guretzat funtsezkoa da jaialdiak egotea eta entrenatzeko frontoiak eskura izatea. Alde horretatik, oso eskertuta gaude Azpeitiko eta Azkoitiko udalen jarrerarekin».

Batetik, emakumeen jaialdiak antolatzen dituzte, eta, bestetik, bertso-pilota jaialdi mistoak. Hurrengo saioa San Tomas egunean dute, hilaren 21ean, Donostiako Trinitate plazan. Bertan, lehen lehian, Amaia Vicario eta Ainhoa Urien Nagore Aramendiren eta Alaitz Badiolaren kontra ariko dira. Ondoren, Espinar bera eta Egoitz Amantegi Mikel Olazabalen eta Maider Mendizabalen aurka ariko dira. Amaia Agirre eta Iratxe Ibarra izango dituzte botilero, hurrenez hurren.

Promoziokoan, Aldai garaile

Espinarren eta Arrizabalagaren arteko finalaren aurretik jokatu zen promozio mailakoa. Eta hor ere irabazle argi bat egon zen: Amaia Aldai (Dima, Bizkaia, 2000). Partidarik galdu gabe iritsi zen finalera, eta lehia erabakigarrian ere ez zuen huts egin. 22-8 irabazi zion Oihana Orbegozori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.