Marcelo Bielsa Athleticera itzuliko da Iñaki Aretxabaletak ostiraleko hauteskundeak irabazten baditu. Hautagaiak baieztatu egin zuen atzo entrenatzaile argentinarra eseriko dela zuri-gorrien aulkian datozen bi denboraldietan; Bilbon egin zuen agerraldia, Azkuna zentroan. «Ez da hautu mediatikoa, profesionala baizik», esan zuen hautagaiak. Kirol azterketa «sakon» baten ondorio da. Aurreneko hautagaia da entrenatzailearen izena baieztatzen.
Martxoan hitz egin zuen lehen aldiz Bielsarekin, eta erantzun zion emateko denbora Athletic nola dagoen aztertzeko, eta hitz egingo zutela. Baiezkoa eman dio azkenean. Baina Marcelinok ez segitzeko hartu zuen erabakiaren ondoren batu zitzaion: «Aretxabaletari esan nion entrenatzaile moduan Marcelinorekin segitzeko. Oso lan ona ari zen egiten, eta amaitu gabeko lana da. Taldeak oso ondo jokatzen zuen».
Ordu eta hamar minutuko bideo agerraldia egin zuen Bielsak, eta ia ez zion aipamenik egin Athleticen bizi izan zuen lehen aro eta bakarrari oraingoz. Aretxabelatak berretsi egin zuen aurrera begira ari dela entrenatzailea: «Etorkizunera begira ari den Marcelo bat ikusi dugu», gehitu zuen. Bielsak berak azaldu zuen hainbat gauza aldatu dituela metodologian; besteak beste, entrenamendu laburren aldekoa da orain, ordubete pasatxokoen aldekoa.
Luzeak eta zabalak izan ziren argentinarraren azalpenak, aldagai guztiak azalduz. Lehenik eta behin, esan zuen «konpromiso handia» dela Athleticen moduko talde bat zuzentzea. Etxeko lanak ondo eta zehatz eginda dauzkala erakutsi zuen. Athleticen denboraldi honetako partida guztiak ikusi dituzte hark eta haren laguntzaileek; baita Lehen Mailako partida guztiak ere. Esan du 22 jokalari nahiko lituzkeela taldean, postuko bi, baina hiru gazterekin osatuko lukeela 25eko multzoa. Athletic B-n kontratua duten jokalariek berez lehen taldean egon beharko luketela ere esan zuen. Utzita egon diren bostei batuta, jokalari gehiegi izango lituzke, eta erabakiak hartu beharko lirateke. Ez zuen baztertu, gainera, fitxaketak egitea. Egungo taldeaz, hauxe: «Bilakaera ona izan dezake».
«Sasoi onena oparitu zigun»
Aretxabaletaren nahia baieztatuko balitz, bigarren aroa beteko luke Bielsak Athleticek. Lehendabizikoan bi sasoi osatu zituen: 2011tik 2013ra. Europa ligako eta Espainiako Kopako finalak jokatu zituen taldeak lehen denboraldian, eta sekulako jokoa egin zuen hainbat partidatan. Hautagaiak honela definitu du urte hura: «Mende honetako denboraldi onena oparitu zigun». Bigarrenean, beste kontu batzuk izan ziren.
Aurrenekoa, Bielsa
Argentinarra izango da Athleticeko entrenatzailea Iñaki Aretxabaletak irabazten baditu hauteskundeak. «Konpromiso handia» dela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu