Koikili Lertxundi. Mirandeseko jokalaria

«Aurreneko gola sartzen duenak aukera asko izango ditu partida irabazteko»

Bigarren sasoia du taldean, eta pozik dago. Aurreneko sei partidetan hasieratik aritu zen; hurrengo bietan aulkian egon zen. Irrikaz dago jokatzeko, eta zer hobe gaurko Alavesen aurkako derbia baino.

MIRANDES.
Aitor Manterola Garate.
2013ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Etxeko lanetan harrapatu du BERRIAren deiak Koikili Lertxundi (Otxandio, Bizkaia, 1980). «Umea lokartzen ari naiz». Familiarekin bizi da, Otxandion, «Miranda Ebrotik ordu erdi pasatxora dago eta». Ez da euskal herritar bakarra Mirandesen, beste hamar taldekide ere ari baitira. «Euskaraz ere hitz egiten dugu aldagelan», esan du. Oso gertuko giroan dabil Athleticeko jokalaria izandakoa, pozik.

Nolako Alaves espero duzue gaur?

Partida orekatua izango dela uste dut, Alavesek defentsan lan ona egiten duelako; etxetik kanpo ariko denez, gainera, arlo hori sendoagoa izaten saiatuko da. Gola aurrena sartzen duenak aukera handia dauka partida irabazteko, bi taldeak onak garelako defentsako lanean.

Pazientzia handia beharko duzue orduan bi taldeek?

Bai, hori da. Gainera, derbi baten antzekoa da, lehia handia dagoelako bi kluben artean. Burua hotz izatea garrantzitsua izango da, nahiz eta harmailetako berotasunaren eragina ez izatea zaila izango den. Bizia izango da, sarrera indartsuak-eta egongo dira, haserre txikiak... Polita izango da.

Halako partidak jokatzea nahiago du jokalariak?

Bai, gustatzen zaizkigu, eta geure zaleen aurrean bada, gehiago.

Zuek etxean indartsu zabiltzate, eta Alaves, aldiz, eskas dabil etxetik kanpo. Eragina izango du horrek gaur?

Estrategian eragina izango du, talde bakoitzak partida lantzeko orduan, alegia. Baina gero, auskalo nondik nora joaten den partida. Gola aurrena jasotzen duenari aldapa gora egingo zaio neurketa. Bigarren Mailan hori gertatzen da, eta guri halaxe ari zaigu gertatzen: aurretik jarri izan garenean, ondo joan zaizkigu gauzak, baina galtzen hasi garenean, ez gara gai izan emaitza iraultzeko.

Sei gol alde sartu dituzue zortzi partidetan, eta hamalau puntu lortu. Ezin eraginkortasun handiagoa izan.

Aldeko golei etekin handia ari gara ateratzen. Esan nahi du atzean ondo gaudela, eta atezainak ondo ari direla.

Carlos Pouso izan du entrenatzaile lanetan Mirandesek azken denboraldietan, eta orain Gonzalo Arkonada ari da. Zertan aldatu da taldea, aldatu bada?

Taldeak esperientzia handiagoa duten jokalariak dauzka orain, eta taldearen ezaugarriak aldatu egin dira horregatik. Ereduaren aldetik ausartak dira Pouso eta Arkonada: jokoaren ekimena eramatea gustatzen zaie. Ez dago alde handirik horretan. Beste gauza batzuetan bada alderik, entrenatzaile bakoitzak bere lan egiteko era duelako. Orain, esaterako, estrategia eta taktika asko lantzen dugu, eta Pousorekin jokoa bera lantzen genuen gehien.

Jokalaria gusturako egoten da eredu ausarta erabiltzen duten entrenatzaileekin?

Gustatzen zaigu baloia geuk edukitzea, eta ez baloiaren atzetik ibiltzea. Ederra da aurkaria menderatzea eta alde batetik bestera ibiltzera behartzea.

Mirandesen aldagelan euskaraz ere hitz egiten da?

Bai, euskaldun asko garelako. Nagusi da gaztelera, jakina, baina batzuetan, erdaldunei erakusten dizkiegu euskarazko hitzak eta esaldiak.

Euskal kluben antza al du Mirandesek antolaketa eta lan egiteko eran?

Bai. Batez ere, Bigarren B Mailako eta Hirugarren Mailako euskal taldeekin du antza. Seriotasun handia dago hemen ere. Bigarren sasoia du talde profesional bezala, eta gauza batzuk profesionalizatzen ari dira.

Bigarren denboraldia duzu taldean. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Ona, ona. Gustura ibili nintzen aurreko denboraldian, eta oraingoan ere hala nabil. Gainera, hasierako zortzi partida hauetan, sei bider atera izan naiz hasierako hamaikakoan. Egia da azken bi partidetan aulkian egon naizela, baina pozik nago. Jokatu izan dudanean, taldeari lagundu izan diodan ustearekin geratu izan naiz, eta partida horietan puntuak pilatu genituen, gainera. Horrek handitu egiten du poza, taldeari irabazten lagundu izan diozulako.

Gaiez aldatuz: zure eta zure enpresa den Itzarri Aholkularitzaren bidez, Bizkaiko entrenatzaile eskolan euskarazko kurtsoa ateratzeko ekimena egin duzue. Osatu al da?

Joan zen urtean eskaini zen, baina ez zen osatu taldea. Materiala sortu genuen, liburuak, euskaraz ez zegoelako ezer. Lehen ikasturterako liburuak ziren. Aurten, lehen bi ikasturteetarako materiala dugu, eta lehenengorako osatu egin da taldea, aurrenekoz; egin egingo da kurtsoa. Kirol irakaskuntzan euskara txertatzen joateko urrats garrantzitsua da. Hortik hasi behar dugu bidea egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.