Aurreneko berotu handia

Igande honetan emango zaio hasiera ofiziala aurtengo traineru denboraldiari, eta zer-nolako abiapuntua: Bizkaiko eta Gipuzkoako txapelketak jokatuko dituzte Lekeition (11:30) eta Hondarribian (11:00). Lehen aldiz lehiatuko dira ligen jokoari ekin aurretik.

Arraun Lagunak —goian— eta Orio —behean—, azken txanpan, igandean, Lekeition. IÑAKI SUAREZ.
Aitor Manterola Garate.
2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun

Su txikian eginez joaten da arraunlaria traineru denboraldiko prestakuntza. Tokitan dauka azaroa, aurreneko entrenamenduaren egun hura. Harrezkero zenbat saio, zenbat poz eta zenbat ezin, zenbat konplizitate taldekideekin, zenbat egun on eta zenbat txar. Hori guztia eta gauza gehiago izaten du lapikoak, eta iritsi zaio sutatik ateratzeko ordua. Beste su batean sartuko da orain arraunlaria: traineruen arteko lehiaketa ofizialetan. Bukatu dira dastaketak eta zaporeak. Jateko ordua da. Alboan jartzen zaiona eta beste kolore batzuekin jantzita doana jan behar du. Elkar jan.

 

Heldu da hasiera ofiziala ere. Negutik begiratuta sekula santan iritsiko ez zela ematen zuena. Nolako hasiera, gainera. Txapelketak estreinako, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa. Igande honetan bertan, bat Lekeition (11:30) eta bestea Hondarribian (11:00).

Aurreneko aldiz egingo dute bat biek ligen estreinaldia baino lehen. Iaz Gipuzkoakoa egin zen garai honetan, eta aurten Bizkaikoa ere bai. Ligak gero etorriko dira: KAEko lehen maila eta ETE igande honetan zortzi, eta astebete geroago KAEko bigarren maila; Euskolabel eta Euskotren ligak uztaileko lehen asteburuan.

Ligei begira dago aspalditxo luzean arraun mundua. Azkeneko urteetan, prestakuntzak horretara bideratzen dituzte taldeek, eta aurtengoa ez da salbuespena, nahiz eta txapelketak izan lehenago. Horrek zer esan nahi duen garbi dago: arraunlarien sasoi ona erabat doitua ez dagoenean datorkie txapelketa irabazteko borroka. Ondorioa, begien bistakoa izango da begira dagoenarentzat: aurreneko berotu handia hartuko dute. Arraunlari batek esaten duen bezala, kafetera zistuka hasiko zaie igande honetan.

Ondo datorkielakoan dago, hala ere, Iñaki Goikoetxea Xagua, Isuntzako patroia (Lekeitio, Bizkaia, 1979): «Test moduan egiteko aukera oso ona da, eta gorputza berotzeko ere egokia izango da. Horixe nahi dugu, ondo etorriko zaigulako estropadetan zer izango dugun ikusteko».

Antzera mintzo da Beñat Egiazu Hondarribiko arraunlaria (Hondarribia, Gipuzkoa, 1994) ere: «Pixkanaka hobetzen joateko aukera ona da. Duela bi aste, Mutrikun, luze egin zitzaigun estropada; aurreko igandean, Lekeition, berotu handia hartu genuen, azken txanpan Oriorekin lehian. Ea oraingo honetan». Sasoi egokia eta horrelakoak aparte lagata ere, ontzat jotzen dute biek txapelketak orain jokatzea, eta biak datoz bat zioan: «Ligako bi astebururen erdian jokatu izan da orain arte, aste tartean, eta estropada asko jokatu behar izaten genituen egun gutxian. Nekea nabaritu egiten genuen». Egiazuk beste arrazoi bat ere aurkitu dio: «Ekaina makal samarra izaten zen estropada aldetik, eta txapelketekin grazia hartu du hilabete honek ere».

Iritzi bertsukoa da Xubane Uribarrena, Arraun Lagunak-eko arraunlaria (Trintxerpe, Gipuzkoa, 1999): «Gustatzen zait txapelketa ligen aurretik izatea. Aukera ematen du gero ligan buru-belarri aritzeko, aste barruko estropada eta nekea kenduz». Hainbesteko segurantziarik gabe dagoenik ere bada, ordea. Jone Oliban Deustuko arraunlaria (Lemoiz, Bizkaia, 1992) «arraro» sentitzen da aldaketarekin: «Ez da ohikoa orain jokatzea txapelketa, hasieran. Uda erdian erritmoa hartuta izaten gara, lehian sartuta, eta txapelketara ondo iristen ginen. Oraingo honetan, saiatu gara ahalik eta ondoena prestatzen». Traba hau ikusten dio: «Gure liga asteburu honetan zortzi hasiko da, eta ezin dugu prestakuntza baldintzatu txapelketagatik. Igandean direnak eta ez direnak jotzeagatik ezin dugu datorren asteko saioetan intentsitatea jaitsi».

Elkarren berri izateko, ona

Joko dituzte, baina. Lekeition eta Hondarribian. Txapelketak txapelketa direlako. Laurek badakite zer den herrialdeko bandera astintzea, eta gustura asko egingo lukete beste behin. «Bereziak dira txapelketak, eta etxean izanda, gainera...», esan du Egiazuk. Zaleen aurrean Euskadikoa irabazitakoa da 2019an, eta gustura asko biziko lituzke berriz orduan bizi izandakoak. Goikoetxeak behin bakarrik irabazi du Bizkaiko txapelketa, 2000. urtean, eta modu berezian: «Elantxoben jokatu zen, eta hautagai ginen. Baina seigarren egin genuen. Eremua ez zegoen ondo neurtuta, eta baliorik gabe geratu zen. Bilbo Hiria bilakatu zuten txapelketa, eta bigarren sartuta izan ginen txapeldun. Santanderrek irabazi zuen, baina hori ezin izan ba Bizkaiko txapeldun...».

Uribarrenak iaz irabazi zuen lehen aldiz Gipuzkoako txapelketa, eta Olibanek ere aurreko urtean astindu zuen Bizkaiko bandera. Emaitza bera lortzeko ez lukete aparte ibili behar. Deustuk aurkari gutxi izango dituelako: bi baino ez, Ondarroa eta Portugalete. «Ondarroarekin elkarri begira ari gara negutik. Trainerilletan oso ondo ibili da, eta aurkari gogorra izango da». Uribarrenari azkeneko estropada etorri zaio gogora, Orio izendatzean aurkarietako bat bezala: «Lekeition 31 ehunen atera genizkien, eta hor izango dira lehian. Baina besteak ere hor daude».

Gipuzkoakoan, gizonezkoen lehiak beste borroka bat ere izango du: Hondarribia eta Orio hamabina garaipenekin daude berdinduta palmaresean. Bietako batek irabazten badu, hautsi egingo da berdinketa hori. Egiazuk Oriora ez ezik Donostiara ere begiratu du aurkari bila: «Donostiarra ere ederki ari da, eta ez ahaztu Getaria, oso ondo dabilelako».

Goikoetxeak aurkariei bainoago, bere taldeari begiratu dio, eta urteroko helburuari: «Lau aurrenetan sartzea gustatuko litzaiguke, aukera emango ligukeelako Euskadiko Txapelketa jokatzeko. Eta hori ere herrian izango denez [uztailaren 25ean]...». Isuntza onenak azaldu beharko du horretarako: «Aurreko igandean, etxean, lan oso ona egin genuen, eta, gainera, inork nahi ez zuen kaletik, laugarrenetik. Aldiz, duela bi aste, Mutrikun, estuago ibili ginen».

Laurak bat datoz beste gai honetan: aurkariak nola dauden lehia ofizialean ikusteko aukera izango dute talde guztiek. Uribarrenak ligako lau taldeak batera aritzeari egin dio aipamena: «Lehiarako gosez gaude, eta ikusteko non gauden besteen aldean». Horretarako, taldeek duten onena atera beharko dute hamalaukoan. Txapelketa izanda, aukera gehiago horrela izateko, eta ondorioz, bakoitza benetako lehian nola dabilen argazki zehatza ateratzeko aukera egokia da.

Txandak, zehaztuta

Atzo bukatu zen bi herrialdeetan txapelketan izena emateko epea. Bizkaian, arratsaldeko lehen orduan, eta Gipuzkoan, gauean. Ondorioz, erabakita daude txandak, eta honela banatuko dituzte traineruak Bizkaian: aurreneko estropada beteranoena izango da, eta ondoren lehiatuko dira emakumezkoak, txanda bakarrean —Deustu, Ondarroa eta Portugalete—; gizonezkoen lehendabiziko txandan, Busturialdea, Deustu eta Portugalete joango dira, eta bigarrengoan, Arkote, Isuntza eta Kaiku; hirugarrengoan eta azkenekoan, Ondarroa, Santurtzi, Urdaibai eta Zierbena aterako dira.

Gipuzkoan ere beteranoek ekingo diote lanari. Ondoren lehiatuko dira emakumezkoak, honela banatuta: Hernani eta Zarautz joango dira aurreneko txandan; Hibaika, Hondarribia eta Zumaia bigarrengoan; eta azkenekoan, Arraun Lagunak, Donostiarra, Orio eta Tolosaldea. Gizonezkoen txandekin amaituko da txapelketa: lehendabizikoan, Hibaika, Ilunbe, Lapurdi eta Mutriku joango dira; bigarrengoan, San Juan, San Pedro, Zarautz eta Zumaia; eta azkenekoan, Donostiarra, Getaria, Hondarribia eta Orio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.