Espero zena bete da asteburuko estropadetan, Zarautzen. Arraun Lagunak taldeak esku-eskura zeukan Euskotren Liga irabaztea, eta ez du huts egin. Historian bigarren aldiz irabazi dute liga donostiarrek, eta modurik onenean, gainera: bandera astinduta. 2021ean berdinduta amaitu zuten Oriorekin, baina garaipen gehiago izateagatik irabazi zuen liga Juan Mari Etxaberen taldeak. Bi urteren ostean, berriro jantzi dute txapela urdina, eta pozarren dago Lorea Etxabe taldekidea (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 2000). «Hasieratik» ondo aritu zirela dio Etxabek, eta taldearen «erregulartasuna» azpimarratu du.
Egin beharreko lanak eginda, irribarrea ahotik kendu ezinda dago Etxabe: «Liga ez da urtero irabazten, eta behar bezala ospatu beharra dago». Zarautzen ere, ligako zortzi taldeen artean indartsuenak izan direla erakutsi zuten, eta merezimendu osoz irabazi dute liga azkenerako. Zarauzko Bandera ere lehen aldiz irabazi du taldeak, eta sasoia amaitzeko modu ezin hobea izan da. Etxaberen hitzetan, taldekideek bazekiten liga gertu zegoela, baina «bandera irabazteko» prestatu ziren aste osoan. «Edozer gauza gerta daiteke kirolean. Baina taldekide guztiek arantza bat geneukan Zarauzko Banderarekin, eta, horregatik, hori zen buruan geneukan modu bakarra liga irabazteko».
Sasoi hasiera ez zen erraza izan. Neguan, beren arraunkera topatu nahian aritu ziren Arraun Lagunak klubekoak, baina kostata aritu ziren neguko jaitsieretan. Etxabek ez du uste negua txarra izan zenik: «prestaketa» kontua dela dio. «Taldea justu antzean aritu zen neguan, eta uretara ateratzeko ere arazoak izan genituen. Horrek eragin zuzena izan zuen hasierako emaitza horietan. Hala ere, Oriok, Donostiarrak eta guk jaitsiera bana irabazi genuen».
2021ean ere, Lugañene traineruaren parte zen Etxabe. Orduan, berdinduta irabazi zuten liga, eta, ordukoarekin alderatuta, «erregulartasuna» izan da, Etxaberen iritziz, desberdintasunik nabarmenena: «Beste urte batzuetan faltan izan dugun erregulartasuna izan dugu aurten. Taldeak konfiantza zeukan, eta erakutsi dugu goian egoteko moduko taldea garela bai itsaso zakarrean eta bai barean». Ospatzeko modua ere ez du ahaztu nahi izan. Izan ere, COVID-19aren garaia zen 2021a, eta orduko lorpenak ezin izan zituzten nahi bezala ospatu. Orain, zorionez, «beste modu batera» ospatzeko aukera izan dute. Donostian harrera egin baitzieten igande arratsaldean. Hala ere, ospakizun handirik egiteko astirik ere ez dute izan donostiarrek. Atzo arratsaldean entrenamendua izan zuten ligako irabazleek, eta Kontxan pentsatzen ari dira jada, buru-belarri. «Argi daukagu Kontxako estropada dela hurrengo helburua. Kontxa, gainera, berriro hastearen parekoa da. Lan asko gelditzen da oraindik egiteko, eta ezin gara lasaitu. Inoiz baino gogorrago joan behar dugu denboraldia biribiltzera. 2021. urtekoa errepikatzea da helburua», azpimarratu du arraunlariak.
Duela bi urtekoa berdintzea, ordea, ez da lan makala izango.Lehendabizi, presioa eta beldurrak tartean izaten direlako askotan. Eta, gainera, aurtengoa berdinduagoa izango dela aurreikusten delako. Etxabek esan du «ohorezko txandako lau taldeetako edozeinek» irabaz dezakeela Kontxan. Hala ere, presioarena baino gehiago gogo kontua dela dio. «Talde guztiek irabazi nahi dugu Kontxa. Bakoitzak bere arrazoiak ditu, baina denok dugu gogoa, noski. Guk liga irabazi dugu, baina, oraindik, sasoia biribildu nahi dugu. Oriori eta Donostiarrari, aldiz, ligak ihes egin die, eta Kontxa da irabazteko gelditzen zaien bakarra».
Zirrara asteburuero
Aurtengo liga berezia zen. Zortzi talde aritu dira lehen aldiz Euskotren ligan, eta litekeena zen huts bakoitza garesti ordaindu behar izatea. Horrek eragina izan du, eta liga «zirraragarria» izan dela nabarmendu du Etxabek. «Bai lehenengo txanda eta bai bigarrengoa oso parekatuak izan dira, eta arraunlarientzat urduritzeko arrazoi izan daitekeen arren, zaleentzat ikusgarria da», aitortu du. Hortaz, ontzat jo du lauko liga zortzi talderen arteko lehia bilakatu izana. Hala ere, beste arraunlari askok bezala, adierazi du badaudela hobetzekoak ere. «Aurrerapauso handia da, baina bazen garaia erabaki hau hartzeko. Maila eta jendea badaude goi mailan zortzi talde lehiakor izateko. Apustua egin denean, erakutsi dugu hala dela».
Arrauna
Aurrena irabazi, gero ospatu
Matematikoki ofiziala ez zen arren, Arraun Lagunak-ek eskura zeukan liga. Zarautzen ez zen miraririk izan, eta, azkenean, Zarauzko Bandera eta Euskotren liga Lugañenekoentzat izan dira. Igandean harrera egin zieten Donostian, baina ospakizunak ahaztu, eta Kontxan pentsatzen ari dira jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu