Pistako eta bulegoko lanak uztartzen ari da Madde Urieta Araskiko entrenatzailea (Amurrio, Araba, 1991). «Egitura aldetik, ziurrenik, ez da onena. Baina ezin naiz kexatu. Kirol arloko erabaki guztiak nire esku daude, eta inguruan lan talde bat dut laguntzen».
Eta oporrak noiz?
Espainiako selekzioarekin Venezian egon ostean, itzuli berri naiz Gasteizera. Gure lanbidean ezinezkoa da erabateko oporrak izatea. Baina datozen egunetan atseden hartzea espero dut. Taldea ia erabat itxia dugu, eta harrobiko taldeek ere amaitu dituzte jada entrenamenduak.
Iaz, Europako Txapelketa eta Olinpiar Jokoak tarteko, ez zenuenez oporrik izan, beharra izango duzu, ezta?
Bai. Iaz, Tokioko Jokoetatik itzuli eta hiru egunera, denboraldiaurrea hasi nuen taldearekin. Batez ere mentalki antzeman dut iaz oporrik eduki ez izana. Gainera, bidaiatzea oso gustuko dut. Pandemia aurretik 20-21 egun hartzen nituen, beste herrialde eta kultura batzuk ezagutzera joateko. Hori zen nire ihesbidea. Aurten ohitura hori berreskuratu nahi dut. Oraindik, hala ere, ez dakit nora joango naizen, prezioak garesti baitaude.
Kontratua berritzean, neke horrengatik esan zenuen sekula baino gehiago kostatu zitzaizula erabakia hartzea?
Egia esan, oso pertsona oldarkorra eta ausarta naiz. Baina kontratua berritzeko erabakia patxadaz eta zentzuz hartu behar da. Zintzoa izan nintzen neure buruarekin eta klubarekin. Haiek nik segitzea nahi zuten. Baina denbora eskatu nien. Ez nuen neure burua prest ikusten erabakia hartzeko.Gainera, nahi nuen haiek garbi izatea nik segitzea nahi zutela. Hitz egiten jarraitu genuen, eta nik ere argi ikusi nuen. Energia, ilusio eta gogo berarekin jarraituko dut.
Zazpigarren denboraldia izango da. Jokalari askok diote urte batzuk pasatuta beharrezkoak izaten dituztela erronka berriak, eta taldez aldatzen dira. Entrenatzaile batek ez?
Argi dago higadura eta presioa beti dagoela, entrenatzaile batek erabaki asko hartu behar dituelako. Ez da ohikoa entrenatzaile batek hainbeste denboraldi egitea klub batean. Baina, Araskiren kasuan, onerako eta txarrerako, denboraldi oro jokalari multzoa aldatu egiten da, eta hori pizgarria da, bai niretzat, baita jokalarientzat ere. Dena berria da. Gainera, txapelketa hazten ari da, lehiakortasuna gero eta handiagoa da, eta hori ere bada motibazio handi bat. Bestela, ezinezkoa litzateke nik hainbeste denbora egitea.
Kirol zuzendari ere izango zara. Nola daramazu?
Ziurrenik, egiturari erreparatuz, ez da egokiena. Baina gurea bezalako klub batek ezin ditu entrenatzailearen eta kirol zuzendariaren figurak bereiziak izan. Halere, niretzat abantaila eta pribilegio bat da kirol alorrari lotutako erabakiak nik neuk hartu ahal izatea.
Baduzu aukera biei denbora eskaintzeko?
Bai, lantalde oso zabal eta on bat dudalako inguruan. Presidentetik hasi eta bigarren entrenatzaileraino, lan horretan laguntzen didate. Gainera, bulegoetako edo kirol zuzendaritzako lanak batez ere udan izaten da, eta orduan ez dugu txapelketarik. Bestalde, kirol zuzendari lanak ere entrenatzaile lanerako balio dit. Jokalari eta talde asko ikusi behar izaten ditut, eta asko ikasten dut.
Datorren sasoirako osatzen ari zareten taldearekin, gustura?
Taldea asko aldatuko da egitura aldetik, etorri diren jokalarien profilarengatik. Baina oso pozik eta gustura nago etorriko den aire freskoarekin. Jokalari gazteen eta esperientzia dutenen arteko nahasketa bat egingo dugu, eta oso aberasgarria izango dela iruditzen zait. Eskarmentu handia dutenek ondo ezagutzen dute liga, eta gazteak gose handiarekin etorriko dira. Asko emango digu horrek.
Oraingoz, Natalie van den Adel, Agostina Burani eta Txell Alarcon fitxatuko dituzuela iragarri duzue. Zer nabarmenduko zenuke haiengandik?
Burani oso jokalari oldarkorra eta langilea da. Txell oso gaztea da, baina talentu eta etorkizun handia du. Jaurtitzaile oso ona da.Bestalde, Natalie taldera itzultzeak ilusio handia egiten dit, beti elkar ulertu baitugu ondo. Gogoz zegoen bueltatzeko.
Zer lortu nahi izan duzu fitxaketekin?
Teknikoki eta taktikoki onak izatetik harago, transmititzen duten jokalariak izatea nahi izan dugu, eta une oro beren onena ematen ari direla erakustea. Nortasuna izatea ere nahi izan dugu, eta proiektuarekin inplikatuta egotea. Funtsezkoa da zaleen eta jokalarien arteko sinergia hori egotea, eta hori ere nahi izan dugu. Talde batua eta adoretsua izatea ere erabakigarria iruditu zaigu, bestelako faktore batzuei aurre egiteko.
Aurreko denboraldian ez zela hala izan uste duzu?
Beharbada, aurreko sasoian,gure jokoa gehiago oinarritu zen bakarkako jokaldietan. Orain, taldea oinarri duen jokoa berreskuratu nahi dugu. Hortik aurrera, egunerokoan arreta jarriz, ahalik eta sasoirik onena egin nahi dugu.
Aurrekontua %20 gutxitu zaizue. Nola eragingo dizue?
Nahi izan dugu jaitsiera horrek ez eragitea harrobian. Zama osoa lehen taldeak hartu du. Oso urte zaila izan da fitxaketak egiteko. Nire ustez, orain arteko zailena. Buruhauste asko izan ditut, gaizki pasatu du. Zorionez, ia guztia lotuta dago, eta pozik nago. Espero dugu denboraldia hasi bitarte babesle publiko eta pribatu gehiago azaltzea. Ate guztiak jo ditugu.Baina ez da erraza. Dirua eta ilusioa dago, baina zuhurtzia handia dago arlo ekonomikoan. Normala da, egoera zaila baita.
Zaleak jabetzen dira horretaz?
Nik uste dut baietz. Ez da erraza guk baino askoz aurrekontu handiagoak dituzten taldeekin lehiatzea. Gainera, mailarik gorenean gaudenetik langa oso altu jarri dugu. Zaleei ere gure aldeko, emakumezko saskibaloiaren aldeko, apustua egitea eskatu nahi diegu. Oraingoz, bazkide txartela berritzeko kanpaina oso ondo doa. Oraindik denbora asko falta da sasoia hasteko, urriaren 5ean hasiko baita. Aurreko sasoian 700 bazkide izan genituen, eta dagoeneko 200 inguruk berritu dute. Urrats bat ere egin nahiko genuke bazkide kopuruan, eta 1.000ra iritsi.
Apirilean amaitu zenuten liga, eta urrira arte berriro ere ez da txapelketa hasiko. Ez al da denbora gehiegi?
Alde batetik, luze egiten da, jokalariak nahi duena jokatzea baita. Baina gero eta gehiago dira uda aprobetxatuz atzerrira joaten diren jokalariak, beste liga edo txapelketa batzuk jokatzera. Hori egiten ez dutenek udan ere zaintzen eta fisikoki prestatzen segitzen dute. Beraz, sasoian iristen. Asmoa denboraldiaurrea abuztuaren 25-29 artean hastea da. Aurtengoa oso garrantzitsua izango da, hurrengo sasoiko egutegia betea izango baita, garaiz amaitu behar baitugu liga, Eurokopa dela eta.
Madde Urieta. Kutxabank Araskiko entrenatzailea
«Aurrekontu jaitsiera tarteko, oso zaila izan da fitxaketak egitea»
Kontratua beste urtebetez luzatuta, Urietak zazpigarren denboraldia egingo du Arabako taldean. «Higadura eta presioa» beti dagoela onartu arren, «energiaz eta ilusioz» ari da prestatzen hurrengo denboraldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu