«Aurrekoa hobetzera nator»

Jose Angel Ziganda 'Kuko'-k Athletic entrenatzeak sortzen dion «zirrara» transmititu gura die jarraitzaileei taldearen jokoarekin. Oraindik ez du hartu kirol arloko erabakirik

Kuko Ziganda eta Josu Urrutia, elkarri bostekoa ematen, atzo, San Mamesen, Athleticen entrenatzailearen aurkezpena hasi aurretik. MONIKA DEL VALLE / ARP.
haritz gallastegi
Bilbo
2017ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Jakina zen lehenago edo geroago Athleticen lehen taldearen eta Kuko Zigandaren bideek bat egin behar zutela. Duela sei urte hasi ziren gerturatzen. Zigandak Josu Urrutiaren hautagaitzaren alde egin zuen. Presidenteak bigarren taldearen ardura eman zion, baina nagusiak beti izan du argi lehen taldea entrenatzeko aproposa zela. Eguna ailegatu da. «Itxaronaldia ez da luzea izan. Ni pribilegiatua naiz. Oso baloratua sentitu naiz. Entrenatzailea naiz, eta entrenatzailea Lehen Mailan, Bigarren Mailan edo Bigarren B mailan izan zaitezke. Nik ez dut presarik izan, eta ez dut premiarik sentitu», esan zuen Zigandak atzo, bere aurkezpenean. «Hurrengo geltokia baino ez da. Espero dezagun luzea izatea», gaineratu zuen taldeko aurrelari ohiak.

Urrutiak, berriz, Ibaiganek duela sei urte hasitako proiektuari «segida» eman diola azaldu zuen. «Athleticen indarra taldea da, eta taldean hartzen ditugu erabakiak. Ziganda azken urteotako erabakien partaide izan da. Orain, beste betebehar bat izango du. Orain arte jokalarien trebakuntzan aritu da, eta orain emaitzak lortzea izango da bere lehentasuna». Athleticen ohikoa izaten da jokalariei gorengo mailan jokatzeko aukera ematea, baina teknikarien aldeko apustua egitean agintariei gehiago kostatzen zaie pausoa ematea. Felix Sarriugarte izan zen bigarren taldetik nagusira igo zuten azken entrenatzailea. 11 urte pasa dira ordutik. Sasoi zailak ziren Athleticen, eta Sarriugartek ez zuen zorte handirik izan. Presidenteak iritzi dio Zigandak ez duela kale egingo. «Ahalmena dauka, konpromisoa, energia, indarra, eta motibatuta dago. Horregatik da gure entrenatzailea».

Ziganda «zoriontsua» izan da Lezaman. Entrenatzaile lana gustuko du, eta bere ideiak aurrera eramateko askatasuna eman diote zuri-gorrien haztegian. Baina gauzak aldatu egingo dira uztailetik aurrera. Eguneroko lana emaitzekin uztartu ezean, jai izango du. Athletic zuzenduko duen 48. teknikaria izateak berez daukalako zama handia. «Presioa bizitzaren arlo guztietan daukagu. Ardura badaukat, noski. Taldeak goian jarri du langa. Ona delako eta anbizioa daukalako dago dagoen tokian. Eta, era berean, lan asko egin dutelako». Hala ere, ez da konformatzen taldeak azken sasoietan egin duena berdintzearekin: «Hobetzea da helburua».

Zigandak ez du denboraldi-aurrea hasi bitarteko denbora taldearen bideoak ikusten pasatu beharko. Jokalari guztiak ezagutzen ditu. Lehen taldean aritu diren hamar eta utzita dauden guztiak bere aginduetara aritu dira. «Ingurua ezagutzea abantaila da: San Mames, zaleak, kluba eta jokalariak. Badakit zer eskatu ahal dudan eta haiek ere badakite nik zer eman dezakedan. Elkarri lagundu behar diogu». Horren ondo ezagutzen duen taldearekin jarraitzaileen artean ilusioa sortzen ahaleginduko da. Zaleak taldeaz harro sentiaraztea da helburua. «Talde ausartak ditut gustuko, emaitzek laguntzen ez dutenean batu eta aurrera egiten dutenak. Athletic entrenatzeak sortzen didan zirrara sortzea gura dut zaleen artean. Talde oldarkorra eta emaitzarekin jokatzen ez duena nahi dut».

Helburuak bete ahal izateko, erabakiak hartzen hasi beharko da berandu baino lehen. Lehenik eta behin, lan taldea osatuko du. Bigarrenez, zein jokalari berreskuratu eta zeini ateak zabaldu erabakiko du. Eta, ondoren, sasoia prestatzen hasiko da. Uztailean Europa ligako atarikoa tarteko bada, hobe. Eta, bide horretan, iritzi guztiak hartuko ditu aintzat, baita Jose Mari Amorrortu kirol zuzendariarenak ere. Ez omen daukate harreman estua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.