Joseba Agirre. Athleticeko entrenatzailea

«Aurreko sasoikoa errepikatzea balentria handia litzateke»

Laugarren denboraldia du karguan Agirrek. Aurreko denboraldian izandako aldaketen ostean, oraingoak taldea «finkatzeko, sendotzeko eta egonkortzeko» sasoia izen behar duela nabarmendu du. Baikor da.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Athleticek bihar ekingo dio Ligari, Lezaman. Ez du nolanahiko aurkaria izango: Bartzelona txapeldunordea (12:00, BeIN). Joseba Agirre entrenatzailea (Ortuella, Bizkaia,1964) pozik da taldeak denboraldi-aurrean egindako lanarekin: «Oso barneratuak ditu mugimenduak eta une bakoitzean zer egin». Bartzelonari irabazteko bi gako aipatu ditu: «Gol aukera bakanak baliatu behar ditugu, eta zorte apur bat izan».

Laugarren denboraldia duzu aulkian. Lehenengoarekin ez du zerikusirik izango, ezta?

Lan egiteko eta entrenatzeko modua ez dira asko aldatu; bai, ordea, emakumeen futbolaren egoera. Adibidez, nire lehen sasoian hogei jokalari atzerritar zeuden ligan; sasoi honetan, berriz, ehun inguru. Horrek beste taldeei baino gehiago eragiten digu, dugun filosofiarengatik. Baina uste dut denboraldi oro ondo eta duintasunez lehiatzen garela, eta oraingoan hala egingo dugula. Eskarmentuak, gainera, lasaitasuna ematen dizu, baita jokalari ia guztiek jarraitzeak ere. Lan egiteko modua barneratua dute.

Denboraldi-aurreko emaitzak kontuan hartuta, baikor izateko moduan zara.

Bai. Ez emaitzengatik bakarrik, baita oso ondo lan egin dugulako ere. Prest gaude edozein aurkariri gauzak zail jartzeko. Aurreko asteburuko Realaren kontrakoderbian oso pozik amaitu nuen gauza batzuekin; adibidez, ikusi nuen taldeak oso garbi duela nola jokatu eta zer egin behar duen une bakoitzean. Oso barneratuak ditu mugimenduak. Beste gauza batzuekin ez nago horren pozik. Adibidez, nahiz eta bost gol sartu, aukera garbi batzuetan huts egin genuen, eta, emaitza alde izan arren, baloiarekin ez genuen nahi beste disfrutatu.

Esaten zenuen aurreko denboraldia trantsiziokoa zela. Nolako espero duzu oraingoa?

Uste dut taldea trinkotzeko, finkatzeko eta egonkortzeko sasoia izan behar duela. Gazteek ardurak hartzen jarraitu behar dute, eta urrats gehiago egiten, bai zelaian, bai zelaitik kanpo. Partida bakoitzari azkena balitz bezala heldu behar diogu, eta, amaitzean, dena eman dugun sentipena eduki behar dugu. Izan ere, aurkariak baino gehiago lehiatzen, ibiltzen edo borrokatzen ez bagara, zailtasunak izango ditugu. Aurkariek egiten ez dituzten gauzak egin behar ditugu, gure filosofia desberdina delako. Baina hori motibazio bat da.

Zer eskatuko diezu gazteei?

Argi izan behar dute egotearekin ez dela nahikoa, eta lidergoa hartuz joan behar dutela pixkanaka. Gainera, maila ona dute. Baina ezin dira konformatu. Hobetzeko tarte handia ere badute.

Vanessa, Erika eta Ainhoa Tirapu, besteak beste, oso maila onean aritu ziren aurreko sasoian. Jokalari eskarmentudun horiek sasoi betean segitzea izango al da goian egoteko gako garrantzitsuenetako bat?

Zalantzarik gabe. Jokalari horiek funtsezkoak dira, ereduak. Aurreko sasoian ia partida guztiak jokatu zituzten, eta ez zuten min hartu. Denboraldi-aurrean sasoi betean ikusi ditut. Txapela kentzeko moduko profesionalak dira, izugarria da nola zaintzen duten beren burua. Ikusten ez den zainketa hori da euren adinean maila horretan egoteko sekretua.

Fitxaketa bakarra egin duzue: Marta Unzue. Hark ere eskarmentu handia du. Zer emango dizue?

Lasaitasuna eta umiltasuna ematen ari zaigu. Postu batean baino gehiagotan jokatzeko gai da, eta lehien erritmoa menderatzen du. Uste dut asko lagunduko digula.

Aurkari gogorra egokitu zaizue Liga hasteko: Bartzelona txapeldunordea. Baina aurreko sasoian gai izan zineten haien zelaian irabazteko. Zer behar duzue bihar menden hartzeko?

Dena ondo egin behar dugu, eta haiek ez dute egunik onena izan behar. Baina, gakoren bat aipatzekotan, erabakigarria izango da gol aukera apurrak baliatzea. Zorte pixka bat izatea ere funtsezkoa izango da.

Denboraldi honetan ez da beharrezkoa izango lehen zortzien arten sailkatzea Espainiako Kopa jokatzeko. Talde guztiek izango duzue horretarako aukera, eta sasoian zehar jokatuko da. Horrek ez al dio emozioa kentzen ligari?

Koparena kenduta, argi dago liga honi sari bat falta zaiola goian dauden taldeentzat. Hori aztertu egin beharko litzateke. Adibidez, gizonezkoetan bezala, Europa ligaren antzeko txapelketa bat sortzea. Badakit zaila dela eta denbora behar dela horretarako.

Nola ikusten dituzu aurkariak?

Bartzelonatik eta Atletico Madriletik harago, badira oso fitxaketa onak egin dituzten bi talde: Levante eta Granadilla. Valentzia erehor egongo da. Gainera, beti izaten da ezustekoren bat.

Berriro hirugarren postuan amaitzea da helburua?

Aurreko denboraldian lortu genuen sailkapena oso ona izan zen; errepikatzea, berriz, balentria litzateke, parekotasuna gero eta handiagoa baita.

Profesionalizazioaren bidean beste urrats bat egin duzue: goizez entrenatzen hastea. Zer eragin du horrek?

Aurreko urtean eman zitzaien horretarako aukera jokalariei; betiere, lana eta ikasketak utzi gabe. Goizez lasaiago entrenatzen da, eta oso giro profesionala dago. Klubak aukera eman die beren jarduera nagusia futbola izateko, eta oso pozik daude. Urte hauetan egin duten lanaren saria da.

Damaris, Maite Oroz, Lucia eta Andrea 20 urtez azpiko munduko txapeldunorde izan berri dira. Etorkizunean taldea utziko duten beldur zarete?

Guk saiatu behar dugu haiei ikusarazten munduko lekurik onenean daudela. Hori da gure esku dagoena. Hortik aurrera, eskaintzaren bat jasotzen badute, erabakia haiena izango da.

Sasoi amaieran bukatuko zaizu kontratua. Hitz egin duzu klubarekin zure etorkizunaz?

Lau urterako kontratua sinatu nuen, Urrutiaren agintaldia amaitu arte. Gustura jarraituko nuke. Lezaman jende zoragarria dago, eta baliabideak ezin hobeak dira. Baina ez dago nire esku jarraitu edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.