Damaris Egurrola. Athleticeko jokalaria

«Aurreko sasoikoa baino derbi parekatuagoa espero dut»

Realaren aurkako biharko derbirako taldea ondo ikusten du Damaris Egurrolak. Munduko Kopan pilatutako nekea tarteko, euskarriak ez zuen denboraldi hasiera erraza izan, eta kosta egin zitzaion erritmoa hartzea. Baina berriro ere ohiko maila berreskuratu du, eta funtsezko jokalaria bihurtu da zuri-gorrien zelai erdian.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Gaztea izan arren, ardurei ez die muzin egiten Damaris Egurrolak. Baloiarekin duen patxada berberarekin mintzatu da, eta hala aztertu ditu biharko derbiaren gakoak.

Nola dago taldea aurreko astean hiru partida jokatu eta gero?

Taldea gogotsu eta ilusioz dago. Aste gogorra izan zen aurrekoa, hiru partida izan genituelako. Kopatik kanpo geratu eta gero, Rayoren aurkako partida oso inportantea zen. Funtsezkoa zen guretzat hiru puntuak batzea. Amaiera arte estu joan zen norgehiagoka, gol baten aldea baino ez genuelako izan. Gol gehiago sartzeko modua izan genuen, baina ez genuen asmatu, eta behar baino gehiago sufritu genuen. Hori izaten ari da denboraldi osoan izaten ari garen arazorik handiena. Aukera dugunean ez ditugu partidak erabakiak uzten, eta gero sufritzea egokitzen zaigu. Rayoren aurka irabaztea lortu genuen, baina behin baino gehiagotan sartu izan digute azken minutuan gol bat, eta berdintzea edo galtzea ekarri. Hori aldatu eta hobetu egin behar dugu, igande honetatik hasita.

San Mamesen 48.000 zaleren aurrean jokatu eta gero, nola sentitu zineten berriro Lezaman jokatzera itzulita?

San Mamesen emozio asko bizi izan genituen, baina Lezaman ere ohi bain jende gehiago bildu zen. Niri, behintzat, normalean baino jende gehiagok eskatu zizkidan sarrerak. Nik uste dut San Mamesekoak indarra eman digula.

Aste honetan partida bakarra duzue, baina ez nolanahikoa: Realaren aurka, eta berriro ere Anoetan. Nola sentitzen zarete?

Urtarrilean lehia oso gogorrak izan genituen Atletico Madrilen eta Bartzelonaren aurka. Baina derbia beti da berezia.

Gizonezkoen derbian eztabaida egon zen, ea sasoiko partidarik garrantzitsuena ote den bi taldeentzat. Zuentzat hau da denboraldiko partidarik garrantzitsuena, Atletico Madril edo Bartzelonaren aurkakoen gainetik?

Bereziena, bai. Baina garrantziari begira, Ligako beste partida bat da: hiru puntu daude jokoan, eta beste edozein lehia bezala prestatzen ari gara.

Nolako tankera hartzen diozu partidari?

Lehiatua izango da, eta, derbi guztietan bezala, intentsitate handia egongo da. Iragan sasoian denboraldiko partidarik onenetakoa egin genuen Anoetan, eta antzeko partida bat egin nahi dugu. Gainera, Atletico Madrilen eta Bartzelonaren aurka ondo lehiatu izanak indarra ematen digu hori lortzeko.

Dena den, Reala ez da aurreko sasoikoa. Bolada onean da, gainera.

Bai, hala da. Ez da erraza izango. Kopako finalerdietara sailkatu izanak, gainera, konfiantza emango die. Baina derbietan ez dute eraginik boladek, sailkapenak... Lehen itzulian Lezaman jokatutakoan ikusi zen. Gu artean partidarik irabazi gabe ginen, eta garaipena lortu genuen. Orduan bezala, joko zuzena egiten saiatuko gara. Baina, aldi berean, baloiaren jabetza gehiago izaten. Horretarako, orduan baino pazientzia handiagoa eduki beharko dugu. Uste dut baloiaren jabetza erabakigarria izan daitekeela.

Zer nabarmenduko zenuke Realaren jokoaz?

Oso talde sendoa dute, elkarren artean ondo ezagutzen dira, eta zelai erditik aurrera oso bizkor jokatzen dute.

Zuek halako zelaietan jokatzera ohituago egoteak abantaila izan daiteke?

Ez dut uste. Aurreko sasoian izan zuen eragina, gu baino urduriago zeudela antzematen baitzitzaien. Nik asko hitz egiten dut Realeko jokalari batzuekin, eta haiek ere esan zidaten hala izan zela. Baina oraingoan badakite zer den hori. Gainera, orduan Espainiako Koparako sailkatzea zuten jokoan. Oraingoan, ez da horrela, eta ziur nago lasaiago arituko direla. Aurreko sasoikoa baino derbi parekatuagoa espero dut.

Derbiak beti izaten dira oso lehia itxiak. Lehen gola sartzen duenak asko izango al du irabazita?

Ez dut uste. Lehen itzulian ere ikusi zen hori. Haiek jarri ziren aurretik, baina gero guk irabazi genuen.

Aurreko astea hain gogorra izanda, fisikoak zertan baldintza dezake lehia?

Eragin handia izango duela uste dut. Alde horretatik, inoiz baino garrantzitsuagoa izango da aurreko astean egin genuen ahaleginetik indarrak berreskuratzeko egin dugun lanak, baita atsedenak eta elikadurak ere.

Haiek Espainiako Kopako finalerdia dute datorren asteburuan. Horretan pentsatzen egon daitezkeela uste al duzu?

Beharbada, bai, eta horrekin ere jokatu behar dugu. Agian, txandakatzeren bat egingo dute, aste barruan ere Ligako jardunaldia dagoelako. Hurrengo asteburuan guk atsedena izango dugu, eta dena eman behar dugu biharko zein aste barruko partidan.

Beraien jokalarietako bat Athleticerako fitxatu beharko bazenu, nor izango litzateke?

Nerea Eizagirre. Aspalditik ezagutzen dut, eta oso harreman ona daukagu. Kalitate handiko jokalaria da.

Realako jokalariekin eguneroko harremana duzu?

Guztiekin egunerokoa ez, baina bai ohikoa, eta nabarmentzekoa da. Gehienok aspalditik ezagutzen dugu elkar. Gainera, bai Euskadiko zein Espainiako selekzioetan maiz jokatu dugu elkarrekin. Oso gauza polita da. Nereari mezu bat baino gehiago bidali diot aste honetan, eta txantxetan esaten diot: noizbait irabazi beharko digutela, hiru sasoi daramatzatelako lortu gabe.

Taldetik harago, gogobeteta al zaude egiten ari zaren sasoiarekin?

Ez nuen denboraldi hasiera erraza izan. Udan, 20 urtez azpiko Munduko Kopa jokatu nuen Espainiarekin. Finalera iritsi ginenez, ia bi hilabete eman nituen etxetik kanpo, dena ematen. Hori nabaritu egin nuen sasoi hasieran, eta kostatu egin zitzaidan erritmoa hartzea. Gainera, lepoan ere min hartuta egon nintzen. Orain, berriz, pozik nago. Ongi ari naiz, eta asko jokatzen. Ikasten eta hazten segitzen dut futbolari gisa, eta hori funtsezkoa da niretzat.

Gero eta jokalari garrantzitsuagoa sentitzen al zara, bai zelaian baita kanpoan ere?

Zelaian gustuko dut protagonista izatea, nahiz eta euskarri postuan lan isila egiten den beti. Baloia izatea gustatzen zait, eta taldekideei laguntzea. Izan ere, nire postutik jokoa beste inondik baino hobeto ikusten da berdegunean. Kanpoan, berriz, ikasten ari naiz, eskarmentu handiko jokalariak baitaude taldean: Erika, Ainhoa, Vanesa...

Marta Unzueren alboan jokatzen ari zara denboraldi honetan. Irakasle ezin hobea da, ezta?

Zalantzarik gabe. Txikitan, Lezaramara joaten nintzen partidak ikustera, eta bera dagoeneko Bartzelonan ari zen jokatzen. Niretzat gauza handia da haren alboan jokatzea. Antzeko ezaugarriak ditugu, baina osagarriak gara. Maila handiko jokalaria da, eta haren alboan jokatzeak lasaitasun eta askatasun handia ematen dit. Gora noanean, badakit bera euskarrian geratuko dela, eta beldur gabe aritzen naiz, eta alderantziz. Uste dut horri esker taldeak oreka handiagoa duela, eta neroni ere ardura gehiago hartzen ari naizela lan horretan.

Eskarmentuaz gain, harengandik zer ezaugarri nabarmenduko zenituzke?

Oso jokalari gutxi daude futbola hain ondo eta azkar ikusten dutenak. Horrek zelaian oso ondo kokatzen laguntzen dio, eta jokaldi askori aurrea hartzen. Jokalari oso berezia da.

Zein gomendio eman dizu?

Pazientziaz jokatzeko, eta baloia dudanean ez beldurrik izateko.

Erraz egokitu zarete elkarrekin jokatzera?

Denbora behar duzu ohitzeko. Baina dena oso bizkor joan da. Asko hitz egiten dugu. Berak oso ondo ezagutzen ditu aurkariak, eta horren arabera erabakitzen dugu zein igoko den erasoa, nor geratuko den atzean, nola kokatu defentsako lanean...

Maite Orozek lotailu gurutzatua apurtu zuen sasoi hasieran. Aurrera begiratu eta hura ez ikustea nola ari zaizu eragiten?

Haren hutsunea asko ari naiz nabaritzen. Oso gogorra egiten ari zait, bai zelaian, baita kanpoan ere. Oso harreman estua dugu, eta denbora asko pasatzen dugu elkarrekin. Berdegunean, berriz, urte asko daramagu batera jokatzen, eta, elkarri ia begiratu gabe, nik badakit zein mugimendu egingo duen, eta berak nik non jarriko diodan baloia. Aurreko sasoian euskarri bakarrarekin jokatzen genuen, eta baloia jaso, eta berehala bilatzen nuen, banekielako ondo ulertuko ninduela, eta ez nuela baloia galduko. Taldea asko ari da nabaritzen haren hutsunea, Erikarekin batera funtsezkoa baita gure erasoko jokoa sortzeko. Gola sartzeko aukerak egiteko izan ditugun arazoek zerikusia izan dute apur bat haren faltarekin, azken pasea emateko zehaztasun handia baitu.

Nola dago bera?

Hasi da korrika egiten, eta, orain, gutxienez entrenamenduetan gurekin ateratzen da zelaira. Oso berri pozgarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.