Athleticeko jokalaria

Clara Pinedo: «Aurreko sasoiko talde sendoa gara berriro»

David Aznarren hasierako hamaikakoan finko ari diren jokalarietako bat da Pinedo. Erdilaria gustura dago taldeari egiten ari zaion ekarpenarekin.

Clara Pinedo, Athleticeko jokalaria. ATHLETIC
Clara Pinedo, Athleticeko jokalaria. ATHLETIC
ainara arratibel gascon
2025eko otsailaren 15a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Ilusioa. Horixe nabari da Clara Pinedo Athleticeko jokalariaren hitzetan (Bilbo, 2003), biharko Realaren aurkako derbiaren inguruan galdetuta. Haren ustez, «detaile txikiek» erabakiko dute norgehiagoka, eta, minutuek aurrera egin ahala Realak ostegunean jokatu izanaren zama antzeman dezakeen arren, ez du uste hori erabakigarria izango denik.

Igandean Betisen aurka 0-4 irabazi izanak konfiantza emango dizue biharko partidari begira, ezta?

Bai. Indar eta konfiantza handia eman digu garaipen horrek. Lehen Mailan oso zaila da lau gol sartzea, eta, aurkariaren arean eraginkorra izateaz gain, gauza asko egin behar dituzu ondo hori lortzeko. Uste dut neurketa oso serioa eta ona jokatu genuela, bai erasoan eta bai defentsan.

Derbiak lehiatuak direla esan ohi da. Sailkapenari erreparatuta, bihar Realaren aurka jokatuko duzuena are gehiago, ezta?

Bai, alde horretatik oso polita izango da jokatzeko. Bi taldeak bikain ari gara, eta oso berdinduta gaude ia denean. Oso neurketa bizia izango da, parekatua, eta detaile txikiek erabakiko dute.

Zeintzuk izan daitezke detaile horiek?

Arean akatsik ez egitea izango da gakoa. Gol aukerak aprobetxatu beharko ditugu, eta atzean oso sendo egon beharko dugu.

Anoetan 1-0 galdu eta gero, arantza kendu nahiko duzue, ezta?

Bai. Ireneri [Ogiza] ateratako txartel gorriak kalte handia egin zigun. Baina niri baikor izatea gustatzen zait, eta uste dut partida hartan gauza on asko egin genituela. Bigarren zatian, jokalari bat gutxiagorekin aritu arren, gai izan ginen Reala estu hartzeko. Lan asko egin genuen, eta hori da bidea.

Berriz ere San Mamesen jokatuko duzue. Denboraldi honetan hiru aldiz arituko zarete bertan. Gero eta ohituago zaudete bertan jokatzera. Hala izanda gehiago gozatzen duzue?

Bai, dudarik gabe. Beti da berezia eta eskertzekoa klubak apustu hori egitea. Egia da beti gaudela apur bat urduriago, gu Lezaman jokatzera ohituta gaudelako. Baina gero eta hobeto kudeatzen dugu hori. Niri lehen, San Mamesen jokatu bezperan, kosta egiten zitzaidan lo hartzea; orain, berriz, ez. Gozatu egiten dut. Ederra da giroa, eta etxekoak eta lagunak bertan izatea.

«Reala talde oso sendoa da, bikain egiten du eraso bizkarrera, eta aurkaria estu hartzen du presioan»

Nola ari zara ikusten Reala denboraldi honetan? Zer nabarmenduko zenuke haren jokotik?

Denboraldi oso ona egiten ari dira. Talde oso sendoa da, bikain egiten duena eraso bizkarrera, eta, batez ere, presioan aurkaria estu hartzen duena. Sanchez Verarekin koska bat handitu dute presio hori. Presio hori gainditzen asmatu beharko dugu, lasai eta arretaz jokatuz, akats inozorik ez egiteko. Halaber, lerroak oso batuta eduki behar ditugu. 

Eta zuek egiten ari zareten denboraldiaren inguruan zer hausnarketa egingo zenuke? Izan ere, denboraldi hasieran kostata aritu zineten.

Hala da. Lesioak izan genituen atzeko lerroan, eta, horren ondorioz, Davidek [Aznar, entrenatzailea] marrazkia aldatu behar izan zuen. Atzean bost jokalarirekin hasi ginen jokatzen. Denbora behar izan genuen horretara ohitzeko eta egokitzeko. Baina berriro ere aurreko denboraldiko talde sendoa gara, eta batez ere bigarren itzulian egin genuen jokoari eta lanari segida ematen ari gara. Goraka ari gara, eta horretan segitu nahi dugu. 

Hirugarren posturako borroka betean zaudete Realarekin eta Atletico Madrilekin. Postu horretan amaituz gero, Europarako sailkatuko zarete. Posible ikusten duzu?

Ilusio hori dugu, eta gure nahia hori lortzeko azkenera arte borrokatzea da. Horretarako gakoa erregularrak izatea izango da, une zailetan burua hotz izatea, eta orain arteko bidetik jarraitzea. Horrekin batera, etekin handiagoa atera behar diegu sortzen ditugun gol aukerei.

Ane Azkonak bi gol sartu zituen Betisen aurka. Sasoiko lehen biak izan ziren.

Golak sartzea ez da soilik aurrelarien kontua. Gure aurrelariek golak baino askoz gauza gehiago ematen dizkigute: lana, mugimendua jokoan, presioa... Ane izugarri pozik zegoen partidaren ostean. Merezi zuen, bai zelaian, bai zelaitik kanpo eredu baita.

Zuk lau daramatzazu, eta gola sartzeko bi pase ere egin dituzu. Gustura zaude egindako ekarpenarekin?

Gol kopuruari ez diot asko begiratzen. Gehiago erreparatzen diet aurkariaren areara iristen naizen aldiei, eta gola sartzeko ematen ditudan paseei. Izan ere, hori da eskatzen didatena. Eroso ari naiz alde horretatik.

«Elastiko honekin titulu bat irabaztea da nire ametsa. Etorkizunean posible izan daitekeela uste dut»

Laugarren denboraldia duzu lehen taldean, eta azken bietan 31 eta 35 partida jokatu dituzu. 21 urterekin, egonkortua ikusten duzu zeure burua lehen taldean?

Asko ari naiz jokatzen, eta fitxatu nindutenetik klubaren eta taldekideen konfiantza izan dut. Teknikoki eta taktikoki hazten jarraitu nahi dut, eta balioa eman nahi diot orain arte egin dudanari. Gero eta ausartago ari naiz zelaian.

Gazte asko zaudete multzoan, Athleticen jarraitzeko apustu argia egin duzuenak. Zer esanahi du horrek zuretzat?

Handia. Klubak emakumeen futbolaren aldeko apustu sendoa egin du aspalditik, eta jokalariok ere klubaren aldeko apustua egin dugu. Horrekin batera, gazte gehienak txikitatik izan gara Athleticen zaleak. Haurrak ginenetik bizi izan dugu hau: atxikimendu handia dugu. Nik gogoan dut Athleticeko elastikoarekin jantzita aitarekin San Mamesera joan nintzen lehen aldia, eta orain han jokatu ahal izatea ametsa da. Elastiko honekin titulu bat irabaztea da nire beste ametsa. Etorkizunean posible izan daitekeela uste dut.

Lezamatik irtetean zer egitea duzu gustuko?

Zuzenbidea ikasten ari naiz, eta Lezamatik bueltatzen naizenean ordu eta erdi inguru ikasketei eskaintzen diet. Horrekin batera, lagunekin egotea eta iluntzeak ikustera joatea gustatzen zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.