IDK Euskotreneko entrenatzailea

Azu Muguruza: «Aurreko sasoian baino talde trinkoagoa eta orekatuagoa daukagu»

Larunbatean derbia jokatuko dute Malosten Lointek Gernikak eta IDK Euskotrenek. Partida «zaila eta lehia handikoa» espero du Muguruzak, donostiarren entrenatzaileak. «Buruz buru lehiatzera eta partida hankaz gora jartzera» joango dira.

Azu Muguruza
ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2023ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

Goizeko entrenamendua amaitu berri du, eta horrek ematen duen energiarekin erantzun die galderei Azu Muguruza IDK-ko entrenatzaileak (Donostia, 1968). Donostiako klubak denboraldi guztietan eraberritu behar izaten du multzoa. Sasoi honetan ere hala izan da. Hilabete batzuk pasatuta, gustura dago taldearen bilakaerarekin, emaitzekin eta lanarekin, nahiz eta onartu duen badutela zer hobetua bigarren itzuliari begira: «Defentsan oraindik ere beste aurrerapauso bat emateko moduan gaude», nabarmendu du.

Ez zen partida ona izan, baina larunbatean Cadi la Seuri irabazi eta gero, eskura duzue denboraldiko lehen helburua: Espainiako Koparako sailkatzea. Gustura egongo zara taldea egiten ari den lanarekin, ezta?

Bai, oso pozik nago, taldea oso ondo eta intentsitate handiz ari baita lanean egunerokoan. Hori oso garrantzitsua da, nire ustez. Horri emaitzak onak biltzen ari direla gehituz gero, poztasuna are handiagoa da. Asebeteta nago alde horretatik. Arantzaren bat geratuz gero, Estudiantesen aurkako partida izango litzateke. Ez ginen ondo atera, eta ezin izan genuen ohi bezala jokatu. Horrek beti eragiten dizu frustrazioa. Uste dut partida hartan hobeto lehiatzeko moduan ginela. Avenidaren eta Zaragozaren aurka ere gertu izan genuen garaipena, baina une erabakigarrietan haiek gehiago asmatu zuten. Pena izan zen. 

Denboraldi guztietan bezala, goitik behera aldatu behar izan zenuten taldea. Espero zenuen bezala dago orain?

Baietz esango nuke. Taldea goitik behera aldatzen denean, beti duzu zalantza hori: ea nola barneratuko duten eguneroko lana, jokatzeko era berria...  Gure helburua lehen itzuliaren amaieran Koparako borroka horretan egotea zen, eta, esan bezala, helburua gertu dago. Zorionez, gainera, lesioekin ez dugu aurreko denboraldiko lehen itzulian bezainbeste arazo izan. Yurenak [Diez] min hartu zuen, baina Alba [Prieto] oso ondo egokitu da haren postuan. 

Buruz buru jokalariek dituzten trebezietatik harago, aurreko denboraldikoarekin alderatuz gero, gehiago oinarritzen zarete talde jokoan, ezta?

Guztiz. Uste dut multzo oso trinkoa, konpaktua dugula. Fisikoki ondo eusten die partidei, eta mentalki gogorra da. Beti daude gauzak nahi bezala ateratzen ez diren partidak, edo nahastu egiten direnak. Baina halakoetan ere ez dugu amore ematen, eta gai gara egoera deseroso horietan  jokatzeko. Gainera, defentsan ondo ari gara erantzuten, nahiz eta beti dagoen zer hobetua. Oso erraz egokitu den talde bat da, langilea, eta talde izaera oso barneratua duena.

Eta zer hobetu nahi duzu bigarren itzuliari begira?

Defentsan oraindik ere beste aurrerapauso bat emateko gai garela uste dut, eta, erasoan, esango nuke jokalari batzuek ez dutela erakutsi duten ahalmen guztia. Gazteak dira, eta lanean ari gara bigarren itzulian egin dezaten. Izan ere, behin Koparako sailkatuta, hurrengo helburua ligako kanporaketetarako sailkatzea izango da.

«Jokalariak erraz egokitu dira; langileak dira, eta oso barneratua daukate talde izaera»

Zeintzuk dira jokalari horiek?

Batetik, Alba. Aldaketa handia izan da harentzat. Hainbat urte Ensinon egin eta gero, hona etortzeko urratsa egin zuen. Baina iritsi, eta min hartu zuen. Gorabeherak izan zituen belaunarekin. Osatu zenean, Yurenak hartu zuen min, eta haren tokian jokatzen hasi behar izan zuen. Ondo ari da, eta partida batzuetan erakutsi du zertarako gai den. Baina nire helburuetako bat da denboraldia askoz hobeto amaitzea. Bestea Becky Massey da. Ahalmen handiko jokalaria da, baina aurkariaren saskiari begira oldarkorrago izatea falta zaio. Hori lor dezan lanean ari gara, eta uste osoa dugu lortuko duela.

Jokalariek erraz barneratu dituzte tekniko-taktikoki zuk proposatu dizkiezun ideiak?

Bai, oro har bai. Ondo joan da, nahiz eta denetik dagoen. Urteroko kontua da, onerako eta txarrerako, denboraldi guztietan aldatu behar izaten baitugu dezente jokalari multzoa. Hori kontuan hartuta, ni ere saiatzen naiz haiengana egokitzen, eta eroso ariko diren jokatzeko era bat ezartzen. Ziurrenik, espero baino gehiago egin behar izan dut lan defentsan, batez ere taktikoki. Erasoan, berriz, rolak landu behar izan ditut. Izan ere, aurreko denboraldian, Maria Españak adibidez, askoz zama handiagoa zuen erasoan. Denboraldi honetan, berriz, askoz partekatuago dago hori. Etorri diren beste jokalari batzuek ere horretara egokitu behar izan dute. Denak oso ondo ari dira lanean.  

Españari mesede egin dio zama kentzeak?

Maria oso jokalari eskuzabala, eta ez du arazorik taldeak dituen beharretara egokitzeko. Partidaren batean zama hartu behar badu, arazorik gabe hartuko du berriz ere. Gainera, Ensionen aurka bezala, aukerak ikusten baditu baloiak jokatzeko, arazorik gabe egin dezake. Askatasun osoa du horretarako. Baina egia da denboraldi hau desberdina dela, jokalari askok baitute horretarako gaitasuna. Sasoi hasieran abisatu nuen, eta hori oso ona da guretzat. Aurkariek jokalari askori jarri behar diete arreta. Alde horretatik, talde orekatu bat daukagu, eta multzoarentzat berarentzat ona da hori. Guztiak izan daitezke protagonista.

«Ez dut aukerarik izan Gernikako jokalariekin hitz egiteko. Egoera eta momentu zailak pasatzen ari dira, ez dira errazak kudeatzen»

Nola ikusten duzu Gernikaren aurkako larunbateko derbia?

Partida zaila eta lehia handikoa izango da, haiek ere partida onak egiten ari baitira, eta emaitza onak lortzen. Gainera, etxean jokatuko dute, eta hor talde indartsua dira. Baina buruz buru lehiatzera goaz Malostera, indar guztiarekin, partida hankaz gora jartzeko. Haiek ere talde orekatua dute, eta funtzionatzen ari dira. Ezusterik ezean, azken minutuetan erabakiko dela uste dut. 

Nola eragingo die Mario Lopezekin gertatutakoak?

Egia esan, ez dakit. Ez dut aukerarik izan jokalariekin hitz egiteko. Egoera eta momentu zailak pasatzen ari dira, eta ez dira errazak kudeatzen.

Zer sentitu zenuen horren berri izan zenuenean?

Argi dago albiste gogorrak direla. Gure kirolari, gizarteari min handia egiten diote. Ez dugu halakorik nahi, eta errespetu osoa izan behar dugu biktimarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.