Alberto Munarriz. Waterpolo jokalaria

«Aurreko hiru finalak galtzeak hau irabazten lagundu digu»

Munarrizek Waterpoloko Munduko Txapelketa irabazi du, aurrenekoz. Gustura dago, eta, hein batean, baita lasai ere, azkenean txapeldun izatea lortu baitu selekzio arteko txapelketa batean.

TIBOR ILLYES / EFE.
inigo lasa fresneda
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Iruñekoa izan arren, Alberto Munarriz waterpolo jokalaria (1994) ez dabil sanferminetan egun hauetan. Espainiarekin Munduko Txapelketa irabazi ostean, opor egun batzuk igarotzen ari da etxekoekin. «Pozik eta harro» dago lortutakoarekin.

Dagoeneko sinistu al duzu munduko txapelduna zarela?

Pixkanaka-pixkanaka, baina bai. Irabazi osteko egunak nahiko arraroak izan ziren: lo gutxi, etxera bueltako bidaia... Oso pozik nago. Azkenean, lortu dugu final bat irabaztea. Orain garaipenaz gozatzea tokatzen zaigu, eta ea horrelako gehiago iristen diren.

Zer sentitu zenuen urrezko domina jartzeko orduan?

Poza eta lasaitasuna. Nahasketa bat izan zen. Aurretik hiru final jokatu genituen, eta hirurak galdu. Laugarren honetan, taldeak beste sentipen batzuk zituen. Bagenekien partida bakarra gelditzen zitzaigula, eta, nola edo hala, aurrera atera beharra genuela.Guretzat, oso garrantzitsua izan da garaipen hau eskuratzea. Tontakeria bat izan liteke, baina finalekin hesi psikologiko baten moduko zerbait genuen, ez genuelako lortzen bat bera ere irabaztea. Hemendik aurrera beste final batera iristea lortzen badugu, ziur beste modu batera hartuko dugula.

Penaltietan irabazi zenioten Italiari (15-16). Zer sentitu zenuen Edu Lorrio atezainak Giacommo Cannella italiarrari azken jaurtiketa gelditu zionean?

Sekulako poza. Penaltiak zoriaren mende daude: irabazi edo galdu. Nik uste dut hobeak izan ginela partidan, eta, hobeak izanda, penaltietan galtzea oso krudela zen. Emozio asko nahastu zitzaizkidan momentu horretan, baina merezi genuen.

Beste elkarrizketa batzuetan aipatu duzu ez zela izan zure partidarik onena.

Nik uste dut partida ona egin nuela; txarra, behintzat, ez. Gauza da azkeneko laurdenean pare bat akats egin nituela, eta partida ez nuela amaitu nahi bezain ondo. Erabaki txar batzuk hartu nituen, baina ez dago atzera bueltarik: handik ikasi, eta aurrera. Gainera, nik nire penaltia huts egin nuen, baina horri ez dizkiot buelta askorik eman. Irabazi egin genuen, eta bitxikeria modura geldituko da.

Partidan lau goleko errenta izatera ere iritsi zineten (3-7 eta4-8); eskura zenuten garaipena. Baina, laugarren laurdenean, gauzak asko aldrebestu ziren. Zer pasatu zitzaizuen egoera horretara iristeko?

Gauza asko gertatu ziren. Lehena, urduritasuna. Final batean urduri zaude, eta errenta handiarekin aurretik zaudenean, pentsatzen duzu: «Honek ezin digu alde egin». Oharkabean, eraso egiteari utzi, eta duzun abantaila hori defendatzen hasten zara. Hori akats bat da. Gero, nahi gabe, hutsartea eskatzeko botoia sakatu genuen, baloirik ez genuenean. Epaileek haien aldeko penaltia adierazi zuten, eta bi golera jarri ziren. Nik uste dut jokaldi horrek aldatu zuela pixka bat partida. Azken laurdenean ez ginen ondo aritu, baina beste hiru laurdenetan nabarmen hobeak izan ginela uste dut, eta merezita irabazi genuela.

Finala galtzeko arriskua ikusi zenuten?

Bai, beldurra sartzen zaizu. Tokion ere antzeko zerbait gertatu zitzaigun Serbiaren aurka. Norgehiagokan hobeak izan ginen, partida kontrolpean genuen, baina, azken laurdenean, nola jakin gabe, galdu egin genuen. Italiaren aurkako finalean ere antzeko egoera batean sartu ginen, baina, zorionez, irabaztea lortu genuen.

Birritan izan zara Europako txapeldunorde, eta behin mundukoa; laugarren Tokioko Olinpiar Jokoetan, eta zazpigarren Rion. Garaipenak are zapore gozoagoa al du hainbeste alditan loriaren atarian gelditu eta gero?

Garaipenera pixkanaka-pixkanaka iristeak talde modura haztea dakar. Ez da bat-bateko zerbait izan txapeldun izatea, prozesu luze bat baizik. Final bat ez da neurketa normal bat, dena duzu jokoan, partida bereziak dira, eta nola jokatu jakin behar duzu. Guk gure bidesaria ordaindu dugu, eta pentsatu nahi dut aurreko hiru finalak galtzeak hau irabazten lortu lagundu digula.

Atseden hartzeko ia astirik gabe, Europako Txapelketa izango duzue Spliten (Kroazia), abuztuaren 28tik irailaren 10era bitarte.

Bai, txapelketa handi bat da, eta gogoz gainezka gaude han lehiatzeko. Urtero-urtero txapelketa handi bat jokatzeko zortea dugu. Aurten, bi suertatu dira urte berean, eta, ikusita zer-nolako amaiera eman diogun Munduko Txapelketari, irrikaz gaude Kroazian aritzeko.

Halako bi txapelketa handi segidan irabaztea posible ikusten al duzu?

Bai, noski! Hemendik aurrera hautagai nagusien zerrendan sartuko gaituztela uste dut. Kalitate handiko multzoa dugu. Gure betebeharra da partida guztietan gure onena ematea, eta hori egiten badugu, irabazteko ditugun aukerak biderkatu egingo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.