Amorebietako entrenatzailea

Haritz Mujika: «Aurreko denboraldiko ilusioari eusten ari gara»

Denboraldiaren lehen erdian «era guztietako» boladak izan ditu taldeak, Mujikak dioenez. Joko sistema aldatu berri du, eta uste du taldeak «ondo barneratu» duela. «Konponbide gehiago ditugu orain». Burgosen aurka jokatuko dute gaur, Lezaman (21:00).

HARITZ MUJIKA.
Haritz Mujika, denboraldiko neurketa batean. AMOREBIETA
Iñaki Berastegi.
2023ko abenduaren 3a
05:05
Entzun

Lehen itzulia amaitzeko lau jardunaldiren faltan, Amorebieta jaitsiera postuetan dago. Halere, Haritz Mujika entrenatzailea (Pasai Antxo, Gipuzkoa, 1981) «baikor» mintzo da. «Azkeneko hiru partidetan egoera irauli dugu, eta taldea dinamika onean dago». Neguko fitxaketen aldian taldea indartzeko prest azaldu da. «Taldea hobetzen duen oro ongi etorria izango da». Teneriferen aurka irabazi ostean, asteburuan 2-0 galdu zuten Elxen zelaian.

Hamazazpi jardunalditan hamalau puntu bildu dituzue. Nola zaude?

Sentipen nahasketa bat da, era guztietako boladak izan baititugu sasoiaren lehen erdi honetan. Ondo hasi ginen, baina ondoren partida dezente egon ginen irabazi gabe. Orain, azkeneko hiru partidetan, egoera irauli dugu, eta taldekook dinamika onean gaudela uste dut. Lehiakor gabiltza, eta alde horretatik pozik nago.

2021-2022ko denboraldiarekin alderatuta, puntu bat gehiago duzue orain. Egoera antzekoa da?

Ez dut uste, denboraldia eta jokalari multzoa desberdina baita. Hasiera hobea egin dugu sasoi honetan, eta sailkapenaren itxura antzekoa izan badaiteke ere, uste dut egoera ezberdina dela.

Espero zenuen egoera honetan egotea?

Egia esan, ez. Normala den moduan, azken unera arte itxaron behar izan genuen fitxaketa batzuk egiteko, baina iruditzen zait talde ona osatu genuela eta denboraldia ondo prestatu genuela. Hasiera zaila izango zela uste genuen arren, ondo ekin genion txapelketari, baina bederatzi partidako bolada horrek egoera aldatu du. Orain gauden tokian gaude, eta horrekin jokatu behar dugu. Lanean jarraitu behar dugu, denboraldia oso luzea da eta. Azken hiru partidetan aldaketa bat nabaritu diot taldeari, eta bide horretatik jarraitu behar dugu puntuak lortzeko.

«Azken hiru partidetan egoera irauli dugu, eta dinamika onean gaudela uste dut. Lehiakorrak gara, eta alde horretatik pozik nago»

Duela bi denboraldi, bigarren itzulian lehenengoan baino puntu gehiago lortu zenituzten. Alde horretatik, baikor zaude?

Baikor nago, noski. Taldean gauza batzuk aldatu ditugu, eta uste dut hobeto ari garela orain. Gijongo Sportingen aurka etxetik kanpo puntu bat lortzea garrantzitsua izan zen, eta zer esanik ez Teneriferi etxean irabaztea. Elxen aurka, berriz, oso partida ona egin arren, azken metroetan eraginkorragoak izatea falta izan zitzaigun. Hor egon zen aldea. Puntu premia dugu, eta, beraz, inportanteena puntuak dira. Hala ere, puntuekin batera jokoa badator, askoz ere hobeto. Pena izan zen Elxen zelaian ez irabaztea, baina egin genuen lan onari segida eman behar diogu orain. Hau da bidea.

Bederatzi partida egin zenituzten irabazi gabe. Taldeari asko eragin zion bolada horrek?

Bai. Badakigu Bigarren Maila oso kategoria zaila dela, eta talde askok izaten dituzte halako boladak denboraldian. Ez gara bakarrak izan; adibidez, Tenerifek sei jardunaldi egin zituen hiru puntuak bildu gabe. Momentu horietan batasuna behar da, eta ahalik eta lan gehien egin behar duzu. Eskema aldatu dugu, eta zelaian konponbide gehiago ditugu orain.

Bost atzelariko sistemarekin ari zarete azken neurketetan. Zergatik egin duzu aldaketa hori?

Batetik, azken neurketetan aurkariaren area inguruan aukera gutxi sortzen ari ginelako, eta, bestetik, jabetu ginelako gure bi erdiko atzelariak sarritan bi aurrelariren aurka ari zirela. Bi gauza horiek hobetu ditugu aldaketarekin. Taldeak ondo barneratu du jokatzeko sistema berria. Aldaketak egiten direnean gertatu ohi den moduan, multzoa pixka bat suspertu egiten da. Aldaketa onerako izan da, eta pozik nago.

Lehen itzulirako puntu kopuru jakin bat lortzeko asmoa zehaztu duzue?

Ez, eta ez dut uste halakorik egin behar dugunik. Zenbat puntu pilatuko ditugun eta zenbat ez kontatzen hastea ez da ona. Aurkari guztiei garrantzi bera eman behar diegu.

Neguko fitxaketen aldia ate joka da. Taldea indartzeko beharra ikusten duzu?

Merkatua aztertzen ari gara, bai; beti begiratu behar zaio. Taldea hobetzen duen edonor ongi etorria izango da. Euskarri bat eta aurrelari bat izan daitezke agian. Era berean, baliteke orain arte minutu asko izan ez dituen jokalariren batek taldea utzi nahi izatea; halakoak ere gertatzen dira.

«Ea Lezamara gero eta jende gehiago joaten den, zaleen babesa eta animoak behar ditugu eta. Markagailuan atzetik gaudenean, asko nabaritzen da zaleen hauspoa»

Datorren astean Levanteren aurka Espainiako Kopako kanporaketa jokatuko duzue. Partida horrek traba egiten dizue?

Ez. Pena izan da neurketa etxetik kanpo egokitu eta Urritxen ezin jokatzea, baina Levanteren aurka partida serio bat egin eta kanporaketa gainditzea da asmoa. Aldaketak egingo ditugu, taldeak ere behar baitu gutxiago jokatzen dutenek euren aukera izatea. Partida polita espero dut.

Aurrez, Burgosen bisita jasoko duzue gaur Lezaman. Zer nabarmenduko zenuke aurkariari buruz?

Oso talde sendoa dela. Etxetik kanpo puntu gutxiago biltzen ari da, baina aurkari gogorra da. Jokatzeko moduari dagokionez, baloia berehala aurkariaren arearen inguruan jarri nahi du; ez zaio gustatzen bere zelaian jabetza luzeak izatea. Hegaletatik ondo ailegatzen da, eta erdiraketa ugari egin ohi ditu. Lehia txiki askoko partida izango da, eta, beraz, funtsezkoa izango da bigarren baloiak geureganatzea.

Etxeko zaleek nola ikusten dute taldea?

Zaleek errespetu handiz tratatzen gaituzte. Aurreko denboraldiko ilusioari eusten ari garela uste dut, eta horrela jarraitu behar dugu. Ea Lezamara gero eta jende gehiago joaten den, zaleen babesa eta animoak behar ditugu eta. Markagailuan atzetik gaudenean edo defendatzea dagokigunean asko nabaritzen da zaleen hauspoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.