Aurreiritziei aizkorakada

Haurdun egonda ere, entrenatzen eta lehiatzen aritu da Nerea Arruti, eta, besteak beste, Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa irabazi du: «Pozik nago egindakoarekin».

Nerea Arruti aizkolaria, Leitzan. RAUL BOGAJO / FOKU
Nerea Arruti aizkolaria, Leitzan. RAUL BOGAJO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko otsailaren 6a
05:00
Entzun

Erditu aurreko klasea bukatu ostean iritsi da hitzordura Nerea Arruti aizkolaria (Urnieta, Gipuzkoa, 1990), Leitzara (Nafarroa), Plazaolako bide berdera. Kutuna du txokoa. Aizkolariek entrenatzeko eremu bat dute han muntatua, eta makina bat saio egin ditu bertan Arrutik. Duela gutxi arte: pausa egin du orain. Haurdunaldiaren 31. astean dago, ia zortzi hilabeteko, eta aizkora gorde eta atseden hartzeko garaia dela erabaki du.

Orain arte, ordea, ez du oztopo izan sabelaldia; entrenatzen eta lehiatzen segitu du: «Ez nengoen oso ziur nola egongo nintzen, baina emaginarekin eta ginekologoarekin hitz egin, eta haiek lasai egoteko esaten zidaten, normal jarraitzeko. Ondo neraman dena, eta nik ere ondo sumatzen nuen nire gorputza. Buruz ere ez zidan kalte egiten; kontrakoa, asko laguntzen zidan. Zera esan nuen: ahal dudan bitartean jarraituko dut. Oraingoz, gorputzak jarraitu egin dit. Pozik nago egindako guztiarekin, haurdun egonda lortutako emaitzekin».

Ez da makala lortu duena: besteak beste, urrian Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa irabazi zuen, hirugarrenez. Aise gailendu zen, gainera: «Egia esan, oso-oso ondo sentitu nintzen; agian, ilusioarekin hartu nuelako. Banekien haurdun nengoela, baina ez zekien beste inork. Bukatu nuenean esan nien nire aldamenekoei eta. Kanpotik ja pixka bat nabaritzen zen, tripatxo pixka bat banuen, baina oso ondo sentitu nintzen. Gozatu egin nuen». Nerea Sorondoren marka berdindu zuen Arrutik, hirugarren txapela irabazita. Lorpen «garrantzitsua» da harentzat.

Gipuzkoako Txapelketa ere irabazi zuen azaroan, eta abenduan bigarren geratu zen Donostiako Urrezko Kopan. Hartarako ere faborito zen, baina Sorondoren atzetik amaitu zituen lanak: «Beste kirten bat jarri behar izan nion aizkorari; kostatzen zitzaidan enborrari beheko aldean ematea. Banekien ez nengoela nire momenturik onenean. Jendeak plazan esaten zuena entzuten nuen, eta horrek ere eragin zidan. Nerea Sorondok lan oso ona egin zuen, eta ni pozik geratu nintzen. Txukun ez nintzen ibili, baina bigarren geratu nintzen. Ez nuen pentsatzen hilabete horiekin haurdun egonda txapelketa bat egiteko moduan izango nintzenik».

Bateragarriak dira kirola eta haurdunaldia, baina aurreiritzi asko daudela uste du Arrutik: «Burbuila batean bizi gara; ideia batzuk ditugu, eta ez dira zertan horrela izan. Hortik atera, eta bakoitzak sentitzen duena jarraitu behar du. Ni, egia esan, ez nago kexatzeko. Biak oso ondo moldatu ditut, eta pozik nago». 

«Emaginarekin eta ginekologoarekin hitz egin, eta haiek lasai egoteko esaten zidaten, normal jarraitzeko. Ondo neraman dena, eta nik ere ondo sumatzen nuen nire gorputza»

NEREA ARRUTIAizkolaria

Haurdun egonda aizkoran segitzeko hautua egiteagatik, ordea, entzun behar izan ditu juzguak eta iruzkinak. Adibidez, halakoak: ea txoratuta dagoen, zer pentsatze ote duen... Baten batek ere esan dio «garai bateko emakumeak bezala» aritu dela. Galdera bota du Arrutik: «Haurdunaldia ondo badaramazu, zergatik ez duzu zure bizitza normalarekin jarraitu behar?». Azpimarratu duenez, «kontu handiagoz» aritu behar da, baina horrek ez du esan nahi ezin dela kirola egin. «Arazo bat izango banu, badakit zer egin behar dudan».

Aitortu du hasiera batean komentario batzuek min egin ziotela, baina ikasi du zer egin: belarri batetik sartu eta bestetik irten. «Badakit gauzak ondo egiten ari naizela. Ondo prestatu eta eraman dut haurdunaldia, eta ondo jarraitzen dut. Bakoitzak nahikoa du bere gauzekin, ez du zertan besteenetan sartu». Olaia Inziarte abeslariaren hitzak bere egin ditu: «zure aurreiritziak ez dira nire mobida».

Ahal duenean, buelta

Haurdun egon arren, entrenamendu saioak ez ditu bereziki moldatu behar izan Arrutik, nahiz eta zoru pelbikoa lantzeko bestelako ariketa batzuk ere egin dituen. Gainerakoan, aizkoran egiteko kirten luzexeagoa erabili du, eta kito: «Nire gorputzari egin diot jaramon. Muturrera eraman gabe, ez delako oso ona edo oso gomendagarria. Baina, bestela, normal ibili naiz».

Gabriel Saralegiren aginduetara aritzen da Arruti, Leitzan jarduten duten beste aizkolarien gisan. Astean bi aldiz joaten da hara, Berriatutik. Urnietarra izan arren, Bizkaiko herri horretan bizi baita orain. Batetik bestera kilometro pila daude, baina argi zuen toki berean entrenatzen segitu nahi zuela. «Asko lagundu didate, eta laguntzen jarraitzen didate; familia txiki bat bezalakoa gara. Oso gustura nabil hemen».

«Lehendabizi, ondo errekuperatu behar dut, eta gero berriro hasiko naiz. Urtero bezala, txapelketetara joan eta horiek irabaztea da helburua»

NEREA ARRUTIAizkolaria

Punta-puntako aizkolaria eta erreferentea izanagatik, afizioz jarduten da Arruti aizkoran: «Nire hobbya da. Ez dut dirurik irabazten honekin. Poztasuna irabazten dut, oso pozik bainabil hasi nintzenetik. Beste zerbait ematen dit». Erakustaldietan eta txapelketetan biltzen ditu sosak, baina gastuak ordaintzeko baliatzen ditu: egurrak, joan-etorriak... «Mutiletan ez dakit kontua nola egongo den. Eta beste neskak ere ez dakit nola ibiliko diren, babesleak dituzten edo ez, baina nire kasuan horrela da».

Zaletasuna du, beraz, segitzeko motibazio bakar; ahal bezain pronto hartuko du berriro aizkora, halere. Aurrerantzean dituen asmoez galdetuta, hala erantzun du: «Lehendabizi, ondo errekuperatu behar dut, eta gero berriro hasiko naiz. Urtero bezala, txapelketetara joan eta horiek irabaztea da helburua. Gero ikusiko da zer gertatzen den, baina ziur nago dena emango dudala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.