Ez dut folletoirik nahi, erabaki eta laster jakinaraziko dut Realean jarraituko dudan edo ez». Animo eta motibo faltarik ez du izango behintzat, Xabi Prieto Realeko kapitainak. Hamalaugarren denboraldia osatzen ari da, eta 33 urterekin, inoizko sasoirik onentsuenean dago. Iragan jardunaldian Betisi bi gol sartu ondotik, lore ugari jaso du azken egunotan, baina denboraldia abiatu geroztik ari da distiratsu. Ezinbesteko bilakatu da Eusebio Sacristanen eskeman, eta, entrenatzaileak ez ezik, zaleek ere eskatu diote jarrai dezan. Ekainean amaituko zaio kontratua, baina lehenago jakinaraziko du erabakia. «Oraindik ez dakit zer egingo dudan. Egoera aztertu eta Jokin Aperribai presidentearekin biltzean erabaki eta jakinaraziko dugu».
Orain arte «lasai eta naturaltasun osoz» hartu du egoera, baina,sasoiaren azken txanpa gerturatuz joan ahala, etorkizunean zer egin behar duen erabaki beharrak gero eta buruhauste gehiago sortzen dio. Badaki inguruak zer pentsatzen duen. «Eusebiok aitortu dit hurrengo denboraldian ere nahi duela nirekin kontatu». Zaleek ere kantu bidez eskatu zioten jarraipena joan den astean, Anoetan, 10. minutuan Xabi, gera zaitez! oihukatuta. Ordea, berak dauka azken hitza. «Logikak esaten dit oraindik ere sasoiko nagoela, baina gauzak ondo hausnartu zalea naiz. Erabaki asko hartu behar izan dut nire kirol ibilbidean, eta inoiz ez naiz damutu. Horregatik, hotzean pentsatu eta ikusiko dugu zer egin».
Logikari kasu eginda, pentsatzekoa da Xabi Prietori soka luzea geratzen zaiola. Realak 32 neurketa jokatu ditu denboraldi honetan, eta batean izan ezik, beste guztietan parte hartu du. Txartel pilaketak zirela medio, ezin izan zuen jokatu Espainiako Kopako final-hamaseirenetako joanekoa, Oviedoren aurka. Gainontzeko guztietan jokatu du: 25 partidatan aritu da hasieratik. «Lesioek errespetatu naute, eta oso eroso eta fresko sentitzen ari naiz zelaian. Dinamika onean sartuta gaudenez, gozatzen ari naiz». Besteak beste, golak sartzen ere ari baita. Guztira, sei daramatza. 2005-2006ko eta 2012-2013ko denboraldietan bederatzi gol sartu zituen, baina, orain ez bezala, penaltiak jaurtitzeko ardura harena zen. Marka hori berdin dezake denboraldi honetan.
Baina golez harago, Prietoren jarrera eta profesionaltasuna dira nabarmentzekoak. Zelaian, mesede egin dio Eusebiok proposatu dion kokapen berriak. Abiadura galdu duenez, fisikoki ez du lehengo freskotasunik, eta hegala utzi eta barrurago jokatzen du. Teknikoki aparta eta burutsua denez, erabakigarri ari da. Zelaitik kanpo, berriz, ez dago ezbaian jartzerik klubarekin daukan konpromisoa. Eusebiok berak esan zuen pasa den astean inoiz ezagutu duen profesionalik onenetakoa dela. Mikel Oiartzabal taldekideak ere aitortu berri du guztiek eredu daukatela kapitaina.
Prietoren ibilbideari begiratu bat bota besterik ez dago horretaz guztiaz jabetzeko. Inoiz ez du hutsik egin lan saio bakar batean ere, kapitainaren besokoa zentzuz eramateko ardura bikain bete du, eta, batez ere, garbi eduki du Realean distira egin nahi zuela. Realak hainbat eskaintza jaso zituen jokalariarengatik Bigarren Mailan zegoenean eta egoera ekonomiko larria zuenean. «Ajaxeko entrenatzailearekin ere hitz egin nuen, baina zer egingo nuen Donostiatik kanpo? Ezer ere ez. Diru pila bat irabazten dugu futbolariok, pribilegiatu hutsak gara, eta ez daukagu beharrik diru gehiago poltsikoratzeko. Ajaxi eta beste hainbat talderi uko egiteko erabakia hartzea ez zitzaidan batere kostatu. Realean beti sentitu izan naiz maitatua».
Gaur-gaurkoz, Realaren historian partida ofizial gehien jokatu duen seigarren jokalaria da Xabi Prieto: 486. Ligari dagokionez, 441 ditu jokatuak, eta soilik hiru jokalari ditu goitik zerrendan: Jesus Mari Zamora (455), Juanan Larrañaga (460) eta Alberto Gorriz (461). Beste sasoi batez txuri-urdinez jantzita jarraituko balu, marka guztiak hautsiko lituzke. Mikel Aranbururen kasua ere gogoan izango dute zale askok. Philippe Montanierrentzat jokalari garrantzitsua izan arren eta zakuan 427 partida pilatuta eduki arren, 2011-2012ko sasoia amaitzean erretiroa hartu zuen azpeitiarrak, 33 urte zituela nahiago izan baitzuen futbola sasoi onean utzi Anoetaren txistu hotsak entzuteko arriskuak hartu baino.
Derbiari begira
Horregatik, Xabi Prietok zer erabakitzen duen ikusi egin beharko da, baina dudarik ez dago inoizko sasoirik onentsuenean dagoela eta taldeak baduela haren premia. Etorkizunera begiratu baino, jokalariak nahiago du egunean eguneko lanean zentratu, eta igandeko derbia prestatzen jarraitu nahi du buru-belarri. «Aste berezian murgilduta gaude, igandean Athleticen kontra jokatuko dugulako. Ilusio handia dugu, eta haiek etxetik kanpo nolako arazoak dituzten ikusita, Reala izango da faboritoa». Hori bai, nahiago du zuhur jokatu. «San Mamesen eskarmentua jaso genuen, Athleticen jokoari aurre egin ezinda geratu ginelako, eta Anoetan gure onena eman beharko dugu irabazteko». Igandekoa izango ote da Athleticen aurka Xabi Prietok jokatuko duen azken derbia? «Ez dakit. Irabaztea soilik daukat buruan, hurrengo sasoian Europan lehia gaitezen».
«Aurki hartuko dut erabakia»
Realaren onbidean mugarri bilakatu da Xabi Prietoren jarduna. 33 urterekin, sasoi bikainean dago kapitaina. Oraindik ez du erabaki denboraldia amaitutakoan jarraituko duen edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu