Ahobizarrik gabe hitz egin zalea da Martin Lasarte (Montevideo, Uruguai, 1961), eta halaxe jardun du orain ere telefonoaren bestaldetik. Munduko Kopa hasi baino hiru aste lehenago egindako solasaldian. Uruguairi buruz luze hitz egin du, eta garbi azaldu du pentsatzen duena. Elkarrizketa egin eta ordu gutxira hartu zuen min selekzioko izarrak, Luis Suarezek.
Zer lan egin dezake Uruguaik Munduko Kopa honetan?
Historiari erreparatzen bazaio, Uruguairen jokatzeko eredua erantzunean oinarritu izan da; hau da, aurkariak egiten duenari erantzun izan dio. Ez gara izan sortzaileak, alde horretatik. Gero, bada kontrako ezaugarri bat: ezustea emateko aukera aurreko Munduko Kopan galdu zuen, laugarren egin eta gero. Horrek esan nahi du orain kontuan hartuko dutela beste taldeek, talde indartsu moduan ikusiko dutela. Bestalde, oso talde heldua da. Taldearen oinarria sendoa da: lau urtegehiago dituzte. Forlanek eta Luganok azkeneko Munduko Kopa izango dute; gero, jokalari garrantzitsuenak adinik egokienean daude: Suarez, Cavani, Caceres, Pereira, Muslera... Europan oso lan ona egiten ari dira.
Iragana joan da, baina Uruguain ez duzue ahazteko duela lau urteko txapelketa. Aspaldiko partez, Uruguai urrutira heldu zen.
Bai, hala da. Duela lau urteko Kopan, tira, onartu egin behar da bidea erraz samarra izan zuela heldu zen lekura heltzeko, baina ez zaio meriturik kendu behar taldeari. Luis Suarez ezagun egin zen mundu osoan, Forlanek ere erakutsi zuen zer den, eta Edison Cavani ere azaldu zen.
Esperientzia aipatu duzu Uruguairen ezaugarri indartsuenetako bat bezala. Besteren bat?
Oso talde trinko, sendoa eta indartsua da. Oso garbi dauzka zein diren bere helburuak.
Talde sendoa duela esan duzu, eta gero, aipatu dituzu punta-puntako aurrelariak: Forlan, Suarez eta Cavani. Bi ezaugarri horiek uztartzen dituen taldea ez al da faboritoetako bat?
Zaila da faborito izatea Munduko Kopan. Hemengo futbola oso ahula da, Liga sendorik ez dauka. Beste aldean dago hau: taldean oso giro ona dago, eta irrikaz zeuden hemen Uruguain elkartu eta elkarrekin egoteko, Munduko Kopa prestatzen. Jokalariak banaka hartuta, Forlan ez da duela lau urtekoa, baina Cavani etaSuarez hobeak dira. Garrantzitsua litzateke Maisuak [Oscar Washington Tabarez entrenatzaileak] oreka aurkitzea beteranoen eta adinik onenean dauden jokalarien artean. Belaunaldi honetan, ordea, jokalari bat falta da; ezaugarri hau duen jokalaririk ez du: Suarezi eta Cavanari azkeneko pasea emango diena. Ez dago halakorik Uruguain. Maisua saiatu izan da aurkitzen, probak egin ditu jokalariekin, baina ez dago. Horrek baldintzatu egingo du jokatzeko eredua.
Kontraerasoan oinarrituko da, hortaz?
Bai, hori da. Badirudi aukera horren alde egingo duela. Defentsan oso indartsuak izango dira, eta talde osoa bloke sendoa izango da lan horretan. Gero, Suarez eta Cavani izango dira erasoko argiak. Suarez batez ere gai da bera bakarrik aurkariak menderatzeko. Cavanik, berriz, leku eta espazio gehiago behar ditu. Horiek guztiak ondo uztartzen badira, zortzi onenen artean egon daiteke Uruguai. Baina zaila izango da, beste talde askok ere kalitate handia dutelako.
Zaleentzat porrota litzateke lau onenetan ez sartzea?
Uruguain utopikoak gara, onerako eta txarrerako. Multzoen fasean kanporatuak izaten bagara, oso txarrak izango dira jokalariak zaleentzat; aldiz, partida handiren bat irabazten badute, oso onak. Hemen mugarri bat dago selekzioaren inguruan, historikoa: 1950ean txapeldun izana Brasilgo Munduko Kopan. Kirol marka batek iragarki eder askoa egin du kontu horrekin, eta Zicok esan berri du beldurra diola Uruguairi. Gu, alde horretatik, oso utopikoak gara: amets egiten dugu txapeldun izan gaitezkeela. Selekzioak txapeldun izan daitekeela pentsatzen ekiten die txapelketa guztiei. Ona da amets egitea. Marcelo Bielsak esana da hau: «Helburu handiak lortzeko lan asko egin behar da. Utopiak lortzeko denbora behar da». Amestu egin behar da, lan egin eta lor daitekeela sinetsi. Gauzak ez dira egun batetik bestera lortzen, hori garbi dago, baina lan eginez, zergatik ez lortu? Eta Uruguai lan ona egiten ari da aspaldian.
Multzoa beldurgarria da.
Ikaragarria da. Costa Rica bera ere talde zaila da. Presiorik gabe aritzen dira, ez dutelako historiarik atzean munduko kopetan. Beste biak munstroak dira: Ingalaterra eta Italia. Normalean, Uruguaik arazoak izaten ditu Europako taldeen aurka. Aldiz, errazago irabazten die Argentinari eta Brasili, esate baterako. Oso kontuan hartzekoak izango dira europarrekin izaten ditugun arazoak.
Faboritoak irabazteko?
Brasil, beti izaten delako faboritoa eta etxean ari delako. Ez dute erraza izango, hala ere. Bitxia da Brasilena neurri batean. Izan ere, Luis Felipe Scolari entrenatzailea ez da Brasilgo jokatzeko eredu alaiaren moldekoa. Baina oso pertsona azkarra da, badaki zukua ateratzen jokalariei; eta txapeldun izana da, 2002an. Gero, Alemania beti da Alemania. Sekulako errespetua diot talde horri; oso indartsuak dira. Espainiak lan zaila dauka: txapela defendatu behar du, eta baita jokatzeko eredua ere. Badirudi, Bartzelonarekin gertatu dena gertatuta, eta Guardiolari Real Madrilen aurka gertatu zaiona ikusita, jokatzeko eredu horren eraginkortasuna dagoela jokoan. Horregatik, akaso, esaten da gainbehera datorrela eredu hori. Argentina ez dut goian ikusten; zelai erditik aurrera sekulako baliabideak dauzka, baina atzealdean ahula dela uste dut. Italia, bestela, hor izaten da beti...
Ezuste onak beti egoten dira, eta aurten zein izan daiteke?
Txile daukat buruan. Oso ondo jokatzen du, eta hazten ari dira. Bielsarekin hazi egin zen taldea, eta bide berean jarraitzen du Jorge Sampaolirekin. Gainera, historian zehar zama handi bat izan du: etxean irabazteko gai zen, baina kanpoan beti galdu egiten zuen. Orain, berdin jokatzen du etxean eta kanpoan. Eredu bat dauka, eta horrela jokatzen du beti. Gainera, oso belaunaldi ona da oraingoa.
Hego Amerikan jokatu diren Munduko Kopa guztietan hango selekzioren bat izan da txapeldun. Arrazoi bereziren bat dagoela uste al duzu?
Ez dut uste zerbait dagoenik. Europan ere ia beti hangoek irabazi dute. Estatistikak baino ez dira, eta hausteko daude. Ezin da ukatu datu indartsua dela Hego Amerikan beti hemengoek irabazi izana, baina ez dakit arrazoiren bat egon daitekeen edo ez. Klimari dagokionez, hemen neguaren atarian gaude. Brasilen, Rio Janeirotik gora udako eguraldia izango da, eta hortik behera, negukoa.
Nolako eredua ikusiko da jokoari dagokionez?
Jokoan dagoena da Espainiaren jokatzeko eredua, Bartzelonarena. Futbolean dena asmatuta dago, eta, orain, Cholo Simeonerena dago modan: talde izaera, ordena, intentsitatea... Brasil ez da izango betiko Brasil, eta ordenan oinarrituko da, zeken samarra izanez. Uste dut horrelako moldea nagusituko dela.
Uruguaiko Liga oso ahula dela esan duzu, eta selekzioko jokalari guztiek kanpoan jokatzen dute. Mingarria ez al da hori?
Diru kontua da. Telebistak agintzen du, hark ematen dio dirua futbolari. Txilen indartsuagoa da Liga arlo guztietan, Uruguain baino biztanle gehiago bizi direlako eta telebistak merkatu zabala duelako. Gu hiru milioi biztanle baino ez gara, eta horietatik 100.000 Nacionaleko eta Peñaroleko bazkide dira, erdiz erdi banatuta. Datu horrek eman dezake aditzera bi talde horiek indar ekonomikoa izan dezaketela zaleen diru sarrerarekin, baina gero ezin diete jokalari onenei taldeetan eutsi. Peñarolen ari da Jonathan Rodriguez izeneko jokalari gazte bat, eta, dagoeneko, ari dira esaten kanpoko talderen batera doala. Nacionalen bada beste jokalari bat, hamar partida baino ez ditu jokatu maila gorenean, eta Socratesen antza du fisikoan eta jokatzeko eran; bada, hori ere kanpora jokatzera doala esaten dabiltza.
Beste datu bat. Uruguaiko gazte mailako selekzioa munduko txapeldunorde izan zen azkeneko Munduko Kopan, iaz, eta zortzi-hamar bat jokalari kanpoan ari dira jokatzen. Garai batean, 1970eko hamarkadan, 1980koan, Hego Amerikako futbolean nagusi izan ginen, baina, harrezkero, ez.
Brasilera joango zara partidak ikustera?
Ea aukera egiten dudan. Laster hasiko gara taldearekin entrenatzen, eta ez da erraza izango Brasilera joatea.
Izango al zara noizbait Uruguaiko entrenatzaile?
Ez dakit ba nik! Bolada batean, ilusioa izan nuen, zabaldu ere zabaldu zelako aukeraren bat izan nezakeela. Baina orain beste era batera ikusten du gai hau. Federazioan sarri samar izaten dira agintari aldaketak, eta antolaketa ere asko aldatzen da, ez da sendoa. Gustatuko litzaidake egunen batean izatea, baina gai izango naizen edo ez beste kontu bat da.
Brasilgo Munduko Kopa. D multzoa. Martin Lasarte. Universidad Txileko entrenatzailea
«Aurkariek talde indartsu moduan ikusten dute Uruguai orain»
Ezaugarri onak eta txarrak ikusten dizkio bere herrialdeko taldeari Realeko entrenatzaile ohiak. Onei tiraka, gai ikusten du aurreneko zortzietan sartzeko. Iruditzen zaio kontraerasoan oinarrituko duela jokoa Uruguaik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu