Igerilaria

Iñigo Llopis Sanz: «Aurkariei begira egon gabe, mailarik onena eman behar da»

Urrezko domina bat eta brontzezko beste bat irabazita itzuli da Iñigo Llopis igerilaria Parisko Paralinpiar Jokoetatik.

Iñigo Llopis, bizkar estiloko 100 metrokoan irabazitako urrezko dominarekin. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Iñigo Llopis, bizkar estiloko 100 metrokoan irabazitako urrezko dominarekin. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko irailaren 24a
05:00
Entzun

Bizkar estiloko 100 metroko proban, S8 modalitatean, ez du parekorik. Iñigo Llopis Sanz (Donostia, 1998) igerilariak zilarra lortu zuen Tokioko Paralinpiar Jokoetan. Iaz, proba berean, Munduko Txapelketa irabazi zuen. Eta, aurten, Parisko jokoetan, onena dela berretsi du. Munduko txapelduna izateak «presioa baino gehiago konfiantza» ematen dio.

Bizkar estilokoan lortutako urreaz gain, brontzea kolkoratu zuen errelebokako lau estiloetako 100 metroko proban. Igerilekuan murgilduta, alboko kaleetan dituenei erreparatu gabe, bere markak hobetzea izaten du helburu.

Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoak izan ziren zuretzat estreinakoak. Horien ostean, Tokiokoetan, zilarrezko domina bat eskuratu zenuen. Eta, aurten, urrezko eta brontzezko domina banarekin itzuli zara Paristik. Jokoetako emaitzak zure garapenaren isla dira?

Hamazazpi urterekin joan nintzen Riora. Aurrez, urte osoan eduki nuen Jokoetara sailkatzeko ilusioa, baina, berez, ez nuen lortu. Azkenean, ordea, errusiarrak kanporatu zituzten dopin afera batengatik, eta hala iritsi nintzen. Asko disfrutatu nuen.

Gero, Tokiokoetara beste exijentzia maila batekin joan nintzen. Aurreko sasoian nire lehen domina lortua nuen Munduko Txapelketan eta Europako Txapelketa ere irabazia nuen. Beraz, helburua domina bat zen. Eta azken ziklo olinpikoan nire maila dezente hobetu dut. Markak ere hobetu ditut eta, aurreko urtean, Munduko txapeldun izan nintzen. Aurtengo ilusiorik handiena Jokoetako urrea lortzea zen.

Jokoen aurretik hau esan zenion BERRIAri: «Dominak beti dira sari polita, baina helburu nagusia markak haustea da».

Hori da, helburu horren bila joanda lortzen dira dominak eta sariak. Aurkariei begira egon gabe, mailarik onena eman behar da. Bizkar estiloko 100 metrokoan nire markatik oso hurbil geratu nintzen, eta horri esker lortu nuen urrezko domina.

Ez da erraza izango zure denborarik onenetara hurbiltzea horren egun garrantzitsuetan, ezta?

Zaila da, baina oso gertu egon nintzen. Paralinpiar Jokoetan dena handiagoa da, tentsio gehiago dago. Oso kontzentratuta egon behar da proban.

Bizkar estiloko 100 metrokoan onena zarela berretsi duzu. Ez duzu nabaritu munduko txapeldun izatearen presioa?

Ez, presioa baino gehiago konfiantza da. Sailkapen proba ondo egiten saiatu nintzen, eta lortu nuen. Behin finalean, martxa bat gehiago sartu eta marka ona egin nuen.

Zer-nolako lasterketa izan zen?

Polita. Normalean nire aurkariak, beren elbarritasunengatik, ni baino indartsuago hasi ohi dira. Ni bigarren erdian nabarmendu izan naiz. Aurten, ni ere indartsu atera nintzen. Lehen erdian jada aurrena nindoan, eta bigarrena tartea zabaltzeko baliatu nuen.

Kote Kubota japoniarra bigarren sailkatu zen Munduko Txapelketa irabazi zenuenean eta Jokoetan ere bera izan duzu atzetik. Neurria hartua diozu?

Bai, bueno... Hark ere jauzi handia egin du azken urteetan. Gogoan dut Tokioko finalean aritu zela, baina orduan beste maila batean zegoen. Iaz askoz hobeto aritu zen, eta Munduko Txapelketan estu hartu ninduen, baita aurten ere.

«Kirol egokituak ez du horrenbesteko oihartzunik izan aurreko urteetan, hazten ari da, eta hori oso garrantzitsua da guretzat»

Beste domina, brontzezkoa, erreleboka lortu zenuen: lau estiloetako 100 metroko mistoan.

Oso proba polita izan zen hori ere. Ni hirugarren igerilaria nintzen, eta azken erreleborako taldea ahalik eta posturik onenean uztea zen nire helburua. Bigarren lekuan amaitu nuen, eta azken igerilariak ere proba ona egin zuen hirugarren iritsita.

Oso zaila zen podiumean sartzea, eta lortu genuen. Gainera, sailkatze probatik finalera bi igerilari aldatu genituen, eta podiumera seiok igo ahal izan ginen. Izugarria izan zen guztiok batera bertan egon ahal izatea.

Proba gehiagotan ere aritu zara.

Bai. 400 metrokoan zortzigarren amaitu nuen; estilo libreko 100 metrokoan ez nuen lortu finalean sartzea; eta, azken egunean, estilo libreko 100 metrokoan, erreleboka, zazpigarren amaitu genuen.

Kazetariek utzi al dizute tarterik lortutakoa ospatzeko?

Elkarrizketa asko eduki ditut, omenaldiak... Oso eskertuta nago. Kirol egokituak ez du horrenbesteko oihartzunik izan aurreko urteetan, hazten ari da, eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Nahiz eta lana izan, seinale ona da, eta beti eskertuta egongo naiz komunikabide guztiei. Plazera da gure istorioa kontatzea eta jendeak ezagutu ahal izatea.

Orain, atseden hartuko duzu?

Bai, oporretara joango naiz Japoniara. Eta itzuleran lagunekin festaren bat ere egin beharko dut.

Eta hurrengo helburuak zein dira? Datorren urtean izango duzue Munduko Txapelketa.

Bai, 2025eko irailean izango da, Singapurren. Helburua betikoa izango da: ahalik eta ondoena iristea, markak hobetzen saiatzea eta dominen borrokan egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.