Merezi bezalako amaiera izango du Espaniako Vueltak. Gutxitan bezalako ikuskizuna nagusitu da azken hiru asteotan, eta atzoko etapa izan zen adierazgarririk onena, Benidorm eta Aitana artekoa. Hasi eta buka, distira izan zuen lasterketak. Nork bere helburuak lortu nahian, ahaleginak eta bi egin zituen errepidean, baina indarrak dagokion tokian jarri zuen bakoitza. Hala, Nairo Quintana (Movistar) igoko da gaur podiumaren gorenera, Madrilen, Chris Froome (Sky) aurkari zuzenaren erasoei bikain erantzun baitzien. Haiekin batera, Esteban Chaves (Orica) izango da hirugarrena, ausardia eta indar erakustaldia emanda, podiumean tokia kendu baitzion Alberto Contadorri (Tinkoff). Etapa, berriz, Pierre Latourrek (Ag2r) irabazi zuen, eguneko ihesaldia helmugaraino eramanda.
Vueltako azken etapa erabakigarria izaki, eraso eta zalaparta festa espero izatekoa zen, eta lehenengo kilometroetatik gailendu zen ikuskizuna. Sky ez zen egon gainerakoei begira. Ihesaldian txirrindulariak sartzeko lan egin zuen, ondoren Froomeren mesedetan aritu zitezen. Movistar erne egon zen une oro: Skyren mugimendu bakoitza gertutik zaindu zuen. Taldekideek ezin, ordea, eta Froomek berak eman zuen egurra. Eguneko lehen mendatean behera, Ratesen zehazki, erasoa jo zuen, baina ez zuen fruiturik jaso.
Ordurako osaturik zen ihesaldia. Tartean ziren, besteak beste, Luis Leon Sanchez (Astana), Mathias Frank (IAM), Latourre bera, Fabio Felline (Trek), Robert Gesink (Lotto) eta Darwin Atapuma (BMC). Faboritoek ere taldekide bana sartu zuten: Movistarrek, Jose Joaquin Rojas; Skyk, David Lopez; Tinkoffek, Juri Trofimov; eta Oricak, Damien Howson. Omar Fraile ere (Dimension Data) ibili zen tartean, nahiz eta gero atzera geratu, bizikletarekin izandako arazoak zirela medio. Hori bai, helburua bete zuen, mendiko saria lortuko baitu.
Lasterketaren lehen zati ero eta biziaren ostean, erritmoa apaltzea erabaki zuen tropelak, iheslarien mesederako. Hamahiru laguneko taldeak hamar minutu baino gehiagoren aldea izan zuen atzekoekiko, eta jakina zen garaipena aurrean zela. Dena den, atsedenak ez zuen asko iraun tropelean. Orica jarri zen tiraka, eta, aleka-aleka, taldea txikituz joan zen. Hori gutxi ez, eta Chavesek aurrera jo zuen, bakarrik. Howson taldekidea ihesean zuen, eta, hura lagun hartuta, Contadorri 1.11 minuturen aldea jatea zuen xede.
Azken 45 kilometroak ihesean egin zituen Chavesek, eta mugimendu hark sortu zuen egonezina tropelean. Luzaroan taldekiderik ondoan ez, eta aginte makila hartuta ibili zen Contador, baina ez zion behar bezala erantzun Chavesen indar erakustaldiari. Gainera, ez zuen aukerarik izan Aitana azken mendatean gora Froomeri eta Quintanari jarraitzeko. Hain zuzen, bi faborito nagusiek norgehiagoka latza izan zuten. Britainiarrak jo, kolonbiarrak erantzun. Hala ibili ziren une oro. Biek ala biek maisu handien izaera errepideratu zuten, eta elkarrekin helmugaratu ziren. Azken txanpan, hori bai, Quintanak aurrea hartu zion aurkariari, eta Froomek txaloz erantzun zion. Haien ondotik helmugaratu zen Contador. Hamahiru segundogatik galdu zuen hirugarren postua.
Latourre, atzetik aurrera
Faborito nagusiak helmugan sartzerako, erabakirik zegoen etapa. Luis Leon Sanchez ibili zen luzaroan buruan, eta bazirudien behingoz lortuko zuela bi besoak altxatzea, baina ez. Atzetik aurrera eginda, kontrarioak azaldu zitzaizkion. Azken txanpan Atapuma, Latourre, Felline eta Frank geratu ziren lehian, eta frantziar gaztea izan zen indartsuena. Atapumari aurrea hartuta, garaipen bikaina eskuratu zuen.
Hala, zeruak eta lurrak bat egiten ez badute, Quintana Vueltaren jabe egingo da gaur, Madrilen. Bigarren itzuli handia lortuko du kolonbiarrak, 2014an Giroa irabazi baitzuen. Madrilen izango du ailegaera tropelak. Gizonezkoen aurretik, emakumezkoen lasterketa egongo da. World Tourreko hamazazpigarren proba izango dute jokoan.
Aurkariaren txalo eta guzti
Froomeren eraso guztiei aise erantzunda, Quintanak irabaziko du gaur Espaniako Vuelta. Chavesek hirugarren postua kendu dio Contadorri. Latourrek irabazi du etapa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu