Etxean prestatutakoa plazan erakutsita», nagusitasun handiz irabazi zuen atzo Aitzol Atutxak Euskadiko maila nagusiko txapela. «Hasieratik lortu dut aldea, eta horrek lagundu egiten du beti». Bi hilabete atzera, antzera gertatu zen Donostian, Urrezko Kopan. «Eta, uste baino errazago ez dakit, baina eroso ibili naiz gaur ere». 42.36 minutu. Denboran dezente gora joan zen dimoztarra, eta Joxemari Olasagasti bera ere gorputza bere onera ekartzearekin batera hasi zen ondotik xaxatzen. «Baina samur-samurrak ere ez ziren enborrak, eta aurkariekiko aldea neurtuz ibili naiz une oro. Apusturen bat tartean izan balitz, 40 minututik jaisteko moduan izango nintzela uste dut». Enborrak hizketagai hartuta, gogortasunaren azalpen zehatza eman zuen txapeldunak. «Lehen Mailako final batean oinbikoak samurrak izanez gero, ezpal bakarrean ebakitzen dira. Eta gaur ez da izan halakorik».
Atutxarentzat, beste inorentzat lekurik ez zegoen faboritoen artean. «Eta tentsio pixka bat sortzen du horrek beti». Baina faborito kontuak ingurukoentzat izaten direla gehiago azaldu zuen txapeldunak. «Lan ona eginez gero ez zelako porrot itzela izango txapela ez janztea». 27 urte besterik ez dauka oraindik. «Eta ez dut uste 30 urte betetzerako aizkolari askok irabaziko zituztenik bi txapel jarraian». Iaz eman zuen lehen kolpe dotorea, Beasainen (Gipuzkoa), eta atzo bigarrena, Basaurin (Bizkaia). Abuztuan Donostian Urrezko Kopan nagusituta, urte dotorea biribiltzen ari da dimoztarra. Jon Irazu, Olasagasti, Iñaki Azurmendi, Mikel Larrañaga eta Joseba Otaegi sailkatu ziren atzetik.
Ohi duen moduan, kolpez oso fresko ekin zion lanari Atutxak. «Bizitasun handirik gabe, lasai, lanak ondo eginez. Ondo asmatu dut ebakeran, eta egurretan ez dut izan arazorik». Lan erdietatik aurrera agertu zitzaizkion pare bat adar enborretan. «Baina alde polita neukan ordurako, eta horrelakoetan samurtu egiten da nekea». Aldea hiru minututik gora joanda zegoen oinbikoetako lana amaitzerako. «Eta aizkora txar bat hartuta, hainbestean amaitu ditut lanak, txapela eta aizkora bera ziurtatzeko». Aizkolariek preziatuak izaten dituzte aizkoretako batzuk, eta haiek gordean edukitzeko aukera izan zuen Atutxak.
Egurrek baino gehiago, eskuko baba batek eman zizkion lanak. «Joan den astean atera zitzaidan bat, eta hori nahikoa izaten da kirtenari ohi ez bezala heldu, eta beste inguru bat mintzeko». Eta horixe gertatu zitzaion atzo, finalean. «Berde-berde jarri zait, eta, alde horretatik, ez dut askorik gozatu amaieran, baina, tira...».
Txapeldunak ez du urruti izaten apustu giroa, eta dimoztarra prest dago entzun behar zaionari entzuteko. «Lehen ere joan nintzen entzutera, Olasagastik berak egin zidalako apustu». Semea izateko zain zegoen iaz bizkaitarra. «Eta egutegiarekin ez ginen ados jarri, berehala nahi zuelako Joxemarik, eta geroxeago nik». Baina negu partera arte txapeldunak ez du izango txapelketa garrantzitsuegirik —San Tomas egunez jokatuko dute Bizkaiko Txapelketa—. «Nik ez dut egingo apusturik, noski, baina gauza politen bat antolatzeko nahiko denbora badago». Maila nagusiko txapela jantzita, «azken asteotako tentsioa baretzea eta etxekoekin eta lagunekin gozatzea», helburu horixe dauka orain Atutxak. «Gozatzea tokatzen da».
Txapela, «Nazabalentzat»
«Nazabalentzat da txapel hau». Gerriko minez, nafarrak uko egin behar izan dio finalean aritzeari. «Eta ez dago bolada onean; sufritzen ari da». Atutxak «lagun handia» du Nazabal. «Txapelketa batzuk prestatu ditut berekin, umetatik hura izan da nire idoloa, eta barru-barrutik irten zait keinu polit hori». Dopinaren aurkako kontrola igaro, dutxa eder bat hartu, autoan sartu, eta Dimara arteko bideari ekin aurreko hausnarketak izan ziren horiek. 200 bat lagun jan-edanerako zain zeuzkan gero Axpe Goikoa erretegian.
Aitzol Atutxa
Aurkariak aurkitu ezinik
Aitzol Atutxa dimoztarrak jantzi du Euskadiko maila nagusiko txapela, bigarren urtez jarraian. Hasieratik aurrea hartuta, lau minuturen aldea atera dio Jon Irazuri, eta bostetik gorakoa Joxemari Olasagastiri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu