Berrobin (Gipuzkoa) gustuko babeslekua aurkitu du Patxi Ruizek (Lizarra, Nafarroa, 1980), «euri pixka bat gutxiago egingo balu... perfektu». Bikotekidearekin eta Anje semearekin bizi da, bertan pasatu ditu azken urteko gazi-gozoak, eta bertan hartu zuen pilota uzteko erabakia ere, bizkarrezurreko bi herniaren ondorioz. Halere, irribarretsu dago, erabakia hausnartzeko denbora asko izan baitzuen, eta jator mintzo da; oraingoz, gaztelaniaz.
Zer moduz zaude?
Ondo, denbora izan nuen erabakia barneratzeko. Denbora pasatu eta sendatzen ez nintzela ikusita, erretiroa gertuago ageri zen.
Baina pena berdin emango zizun.
Izugarria, gainera. Une txarrak izan dira. Ebakuntzaren ondorengo egunetan mina izan nuen, gero apur bat hobeto nengoen, eta berehala itzuli zen mina, mina... Eta zazpi-zortzi hilabete pasatuta, barneratzen duzu, eta ikusten duzu ez duela hobera egiten.
Zein egunetan ikusi zenuen pilotari bizitza bukatu zela?
Duela bi hilabete inguru. Hemen, Berrobin, kiroldegiko pilotaleku txikian. Batetik batera ibili nintzen, hamar minutu, eta ezin nuen gehiago. Orduan ikusi nuen bukatua zela; jota nengoen, medikuari deitu nion... eta akabo.
Etxekoek zer diote?
Haiek ikusi naute sufritzen, bikotekideak inork baino gehiago, gurasoek... Bizimodu arrunterako ondo gelditzea nahi zuten haiek, eta hori behintzat lortu dut.
2012ko urtarrilean jokatu zenuen azken partida. Azkenekoa izango zela pentsatzen al zenuen?
Ezta inondik ere! Bizkarreko ebakuntza egin nuenean, sei edo zazpi hilabetetan itzuliko nintzela zirudien. Bi hernietako ebakuntza egin zidaten, hiru orduko ebakuntza. Nik minak kentzeko eta pilotan jokatzeko egin nuen ebakuntza; bi urteko kontratua nuen, eta nire onena eman nahi nuen... Inoiz ez nuen uste azkenekoa izango zenik. Gero beste ebakuntza bat eskaini zidaten, duela bi hilabete edo, eta mediku guztiek ez egiteko aholkatu zidaten, okerrago izan zitekeela; kasu egin nien.
Aspaldi hasi zinen bizkarreko minekin, bost urte bai behintzat.
Nire ahulunea izan da, azken hiruzpalau urteetan askotan jokatu dut infiltratuta: minarekin, sufritzen...
Zenbat denbora egin duzu minarekin jokatzen?
Hiruzpalau urte ez dudala gozatu. Partida bat edo beste erdi infiltratuta bakarrik jokatu dut, eta gozatu nuen. Gogoan dut2010eko Sanmateoetako bat, 22-21 irabazi nuen, Oinatzekin, Titin-Barriolari. Finala ere ona izan zen.
Pilotariaren gorputzak garesti ordaintzen al du?
Bai, edozein kirolari profesionalenak bezala. Hainbeste estutzen da, tratu hori... Pilotariek gero eta min gehiago dituzte aldakan, erritmo bizian jokatzeak kalte handia egiten die bizkarrari eta aldakari. Lehen, jokoa estatikoagoa zen, eta egia da orain fisikoki prestatuagoak gaudela, baina hala ere jendeak sufritu egiten du.
Ikuskizunaren prezioa al da?
Hala da. Jendeak erritmoa nahi du, Irujo eta Olaizolak inposatu duten erritmo bizi hori: airez, gantxoak... Nik buruz buru jokatu nuen Eugi eta Belokiren aurka, eta gero, Olaizola II.a, Xala, Irujo eta enparauen aurka, eta askoz deserosoagoa da oraingoa.
Atzera begiratu eta zure ibilbidearen inguruko zein balantze egiten duzu?
Denetarik egon da, ona eta txarra. Sufritu egin dut, gozatu... Pena ematen dit nik nituen dohainekin txapelen bat gehiago ez irabazi izanak. Finalen atarian gelditu naiz askotan, 22-21, 22-20... Arantzatxoa dut, nerbioengatik eta beste egoera batzuengatik ez dudalako ahal bezain ongi jokatu txapelketetan. Ni gogor entrenatu naiz, baina bakoitza den bezalakoa da, eta ni partida garrantzitsuetan oso urduri jartzen nintzen; eta hori ez da aldatzen. Saiatu nintzen psikologoekin eta... baina ezin. Asko kostatzen zitzaidan kirioak uxatzea, eta horrek ematen dit amorrua.
Beti esan izan da Ruizek gehiago egin zezakeela.
Nik ere esaten nuen. Banekien dohainak banituela, zaindu naizela... Baina ezin naiz horretan pentsatzen erotu. Torneoak-eta baditut, baina txapel handi-handiak, bakarra.
Txapel horregatik gogoratuko zaituzte, 2003ko buruz burukoarengatik. Hark ere eman zuen zeresana.
Pilotari guztiek nahi duten txapela da, eta hor dago, historiarako. Baina amorrua ere ematen zidan, final batera iritsiko eta... Nik, finala bainoago, finalerako bidea nabarmenduko nuke: Barriolari, Belokiri, Eugiri... irabazi nien. Nik ere gaizki pasatu nuen orduan, hilabete igaro zelako finala jokatzerako. Nik badakit Olaizola II.a ez zegoela bere onenean, baina sasoi betean balego ere kostako zitzaion niri irabaztea, eta hori da gogoratu behar dena.
Kritika asko jaso dituzu ibilbidean: txapel hura, partidatik irteten zinela, aitzakiak jartzen zenituela... Inor gutxik adina entzun duzu zuk.
Bizkarrekoak toki guztietatik [barrez], baina tira, bakoitzak bere iritzia du. Ni lasai nago, nire onena eman dut beti, eta ez badut gehiago egin, nerbioengatik ez dut egin. Partida handien aurretik, entrenamenduetan, inork ez zidan irabazten, lasai nengoen; eta gero, partida iristen zen, eta urduri. Ez dakit zergatik hainbeste kritika; askotan, merezi gabekoak ziren. Egia esan, botere handiko kazetari batzuk ez dira inpartzialak izan nirekin... Bizpahiru daude nirekin eta pilotari askorekin ondo portatu izan ez direnak.
Zergatik kirio horiek?
Pilotari guztiek dituzte kirioak, baina batzuek hobeto kudeatzen dituzte. Nik, partida handien bezperan, ez nuen lorik egiten, ia ez nuen gosaltzen, hankak dardarka... Halakoetan, ezer ez dabil: adimena iluntzen da, hankak ez doaz... Eta zaila da aldatzea; bakoitza den bezalakoa da. Ni betidanik izan naiz urduria, baina txikitatik landu izan banu... Pilotari hori falta zaio, gaztetxoekin lan psikologikoa egiten hastea. Nik beti besteak baino gutxiago nintzela uste izan dut, aurkaria hobea zela, eta hori ez da ona, zeure buruarengan sinetsi behar duzu. Niri beldurra ematen zidan jokatzeak.
Udako torneo handietan, berriz, oso ondo jokatu izan duzu.
Torneo gisa bainoago, jaietako partida gisa ikusten nuen: Sanmateoak, sanferminak, Gasteiz, Donostia... Feriak ikaragarri gustatzen zitzaizkidan.
Duela bost urte, esan zenuen oso gutxi gozatu duzula jokatzen.
Buruz buru, bereziki. Manomanistak asko ematen dizu, baina asko kendu ere bai. Sekulako ikusmina sortzen da, prestaketa... Eta ez baduzu ondo jokatzen, etxera. Buruz burukoak amorrua eman dit; ez nuen gustura jokatzen, begitan hartu eta guzti egin nuen, «sekulako dohainak dituzula», «ez dakit noraino iritsi behar duzula»... Ilusioa hartzen duzu, eta gero, galduz gero, bizkarrekoa.
Jendeak zugandik espero zuenak estutzen zintuen?
Bai, bai... Eramaten jakin behar da. Debutean, Beloki eta besteekin alderatzen ninduten, «hau handia izango da», ikusmina... Baina gero gauzak ez dira irteten. Soldatan doa presioa, badakit, baina buruz buruko partida handi bat jokatu aurreko astean ez nintzen kalera irteten; jendeak, beti onera, egia da: «Patxi, hobea zara, irabazi egin behar duzu... Ea zer egiten duzun» eta halakoak esaten zizkidan, eta presioa zen. Nik nahiago nuen txakurrekin bueltaxka emaneta etxera, eta horrek ere larritasuna sortzen dizu. Deskonektatzen jakin behar da, eta niri kosta egiten zitzaidan.
Zure debutak sona handia izan zuen.
Berriz ere hortik banintz, debut xumeagoa egingo nuen. Izar bat nintzen ia-ia, eta oraindik hasteko nengoen; aurkezpen handi bat, Iruñean... Orain ez nuke halakorik egingo, eta Bigarren Mailako buruz burukoa jokatuko nuen.
Lehen soldatarekin zer egin zenuen oroitzen al zara?
Ez, baina auto bila nenbilen. Autorako zerbait segur asko. Peugeot 306 berri bat zen; 220.000 kilometro egin nizkion. Ondo amortizatu nuen.
Pilotarien lan baldintzek okerrera egin al dute?
Kontrol gutxi dagoela uste dut. Bai pilotarien aldetik, bai enpresaren aldetik. Bakoitza bere aldetik doa, eta gehiago teknifikatu beharko litzateke: psikologoak, dieta, entrenamendua... Diziplina falta zaio pilotari, hala pilotariei nola enpresei.
Eta orain zer?
Bizitzarekin jarraitu. Guk urte onak izan ditugu, baina ez dugu irabazi erabateko erretiroa hartzeko moduko dirurik. Zerbait bilatu behar da, eta denbora daramat kiropraktika eta kirol masajea ikasten, bizkarrekoa bereziki. Laster amaituko dut, eta agian hortik joan daiteke etorkizuna. Ikusiko dugu.
Hamahiru urte estelarrak jokatzen ez dira aski lan egiteari uzteko?
Ez, ez... Ez niretzat, ezta hor daudenentzat ere. Gure soldata ezin da futbolarienarekin alderatu. Ondo bizi gara, baina horrek ez digu kendu lan egin beharra. Lan egiteko arazorik ez dut, eta lan egin behar dut: familia dut, seme bat... Ni pertsona bizia naiz, eta ezingo nuke geldirik egon.
Trashumantzia egin zenuen behin...
Abelburuak eta ardiak gustatzen zaizkit, baina horrek ez du ezer ematen; kendu gehiago.
Euskara ikasten jar zaitezke.
Amorrua ematen dit ez jakiteak, baina orain ikasiko dut; ea urte batzuetan ikasten dudan.Semeari egiten diot euskaraz.
Patxi Ruiz. Pilotari ohia
«Aurkaria ni baino hobea zela pentsatu izan dut beti»
Hernia biren ondorioz urtebete jokatu gabe igaro ondoren, erretiroa hartu du. Profesionaletan 15 urte egin ditu, eta beregandik espero zen adina lortu ez duela badakien arren, lasai utzi du pilota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu