Eneko Boveda. Athleticeko jokalaria

«Aurkari zuzena da Eibar»

Eibarren lau sasoi bikain egin ondoren, itzuli zen Athleticera. Talde ohia «orekatua eta talentu handikoa» dela dio. Athleticen inguruan ezkortasuna nabari du: «Gauza on gutxi esaten dira».

LUIS TEJIDO / EFE.
haritz gallastegi
2016ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Eneko Bovedak (Abadiño, Bizkaia, 1988) patxadaz egiten du berba Athleticen inguruko gai guztien inguruan. Ondo hausnartutakoak dira erantzun guztiak, eta ez dio ezeri izkin egiten. Gaur, Ernesto Valverdek hala erabakiz gero, bere kirol ibilbidean mugarri izan zen taldearen aurka jokatzeko aukera izan du. Gogotsu dago, jokatzeko irrikan.

Sailkapenean gora begira zaudeten bi talde lehiatuko zarete gaur San Mamesen. Partida erakargarria da.

Nahiz eta Eibar beste helburu batzuk izan, oso ongi jokatzen ari da sasoi hasiera honetan. Guretzat,aurkari zuzena da.

Harrituta zaude Eibar jokatzen ari den mailarekin ala espero zenuen horren lehiakor ariko zela?

Ez da kasualitatea. Udan ikusi genuen denboraldi honetako Eibarrek koska bat egingo zuela gora. Europako postuetatik horren gertu egongo zenik ez nuen espero, baina argi neukan ondo ariko zela. Eibarrek talde osoa, orekatua eta kalitate handikoa dauka.

Jokoaren zein arlotan nabarmentzen da Josu Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldea?

Gauza askotan da ona. Joan den denboraldiko dohainei eutsi die, eta beste arlo batzuetan indartu egin da. Fran Ricori esker, baloiarekin argitasun gehiago duen taldea da. Bestalde, erdiko atzelarien maila hobea da. Lerro guztietan futbolari onak ditu Eibarrek.

Zer-nolako derbia espero duzu?

Elkarrekin antz handia dugun bi talde gara. Eibarrek zein guk dugu gustuko aurrean presio egitea. Erasoan, berriz, zuzenak gara. Erritmo handiko partida izango da, eta banakako lehia asko ikusiko ditugu.

Derbiak partida bereziak izaten dira, baina denboraldi honetan asko jokatuko dituzue, hogei guztira. Horrenbeste lehiarekin berezitasun hori galdu eta ohiko bihurtzeko arriskua dago?

Ez dut uste. Derbi bakoitzak izaera ezberdina dauka. Derbi guztiak dira ezberdinak. Zenbat eta derbi gehiago jokatu, orduan eta hobeto. Norgehiagoka ederrak dira jokatzeko.

Zuretzat, Eibarren kontrakoa da bereziena?

Baliteke. Nire kirol ibilbidean klub oso garrantzitsua izan da. Oso gertutik jarraitzen dudan taldea da. Berezia da.

Zer zor dio Bovedak Eibarri?

Ez diogu elkarri ezer zor. Eibarren aldi gozoak bizi izan nituen. Taldeko historiako unerik gozoenetako bat bizitzeko aukera izan nuen, Lehen Mailara igo ginenekoa. Oroitzapen oso onak ditut. Eta pentsatu gura dut eurak ere gustura egongo direla nik han eman nuenarekin.

Zurekin batera historia egin zuten askok ez zuten amaiera ona izan: Txema Añibarrok, Xabi Iruretagoienak, Mikel Arruabarrenak eta Gaizka Garitanok besteak beste, atzeko atetik utzi zuten kluba. Pena da.

Bai. Kasu bakoitza ezberdina da. Ziklo bukaerak gaitzak dira. Asko eman duten lagun horiekin kontu berezia eduki behar dela iritzi diot, baina ez da kontu erraza. Hala ere, urte batzuk pasatzen direnean, guztiok gauza onak baloratuko ditugula. Aipatu dituzun horiek guztiak betirako geratuko dira Eibarren historian.

Zeintzuk dira Eibarren eta Athleticen arteko alde nagusiak?

Klub gisa ez daukate zerikusirik. Eibar asko ari da hazten. Azpiegiturak sendotzen ari da. Baina Athletic ligako talde indartsuenetakoa da: arlo ekonomikoan, azpiegituretan, egin duenagatik... handia da. Alde hori ezaguna da.

Eibarren gauzak argi dituzte: helburu bakarra mailari eustea da, eta gero gerokoak. Zuk uste duzu zerbait gehiago lortzeko moduan egon daitezkeela?

Bai. Zalantza barik. Hala ere, ulertzen dut euren mezua. Nik badakit zer den Eibarrentzat urtebete gehiago gorengo mailan jarraitzea. Orain lorpen erraza dela dirudi, baina ez da, oso zaila da. Eibarren atzetik indar handiko taldeak daude. Kontua da oso ondo ari direla gauzak egiten Eibarren, eta sasoiak aurrera egin ahala, aldatu egin daitezkeela helburuak. Niretzat, berriz diot, aurkari zuzena da.

Eta Athleticek non jarri du langa?

Azken urteotako bide beretik jarraitu gura dugu. Azken denboraldiotan Europarako sailkatu gara. Ligan, lehen sei onenen artean sailkatuz gero, denboraldia ontzat eman behar da. Bestalde, guk begiz jota ditugu kanporaketa bidez erabakitzen diren lehiaketak, Europa liga eta Espainiako Kopa, hain zuzen ere. Batean zein besteak Urrun ailegatzearekin egiten dugu amets.

Emaitzak onak dira, baina jokoarekin gustura zaudete?

Jokoaren gaineko eztabaida kalean dagoela konturatu naiz. Urtetik urtera gehiago eskatzen digutela ikusten ari naiz. Exijentzia handia daukagu. Denetik egin dugu. Ez dut uste emaitzak jokoa baino hobeak izan direnik. Garaipena lortu dugun partidetan merezita irabazi dugu. San Mamesera etorri diren taldeek ez dute guk baino gehiago erakutsi.

Valverde haserre agertu zen Sassuolo mendean hartu berritan.

Orain esan dizudana beste era batean aipatu zuen. Helburu garrantzitsu bat lortu genuen, eta gure irudipena da ez zela asko baloratu. Bestalde, Genken kontra galdu ostean, sekulako ezkortasuna nabaritu genuen taldearen inguruan. Ligan, Vila-real ondo menderatu ostean aurkariaren gabeziak azpimarratu ziren. Taldearen inguruan gauza on gutxi esaten dela uste dut. Neurri handi batean, azken urteotan egin dugun lan onaren ondorioa dela uste dugu.

Eta zu, gustura zaude orain arte eman duzunarekin?

Denboraldia oso ondo hasi nuen. Erdiko atzelari gisa jokatzen hasi nintzen, eta nahiko txukun, gainera. Entrenatzailearen konfiantza lortu nuen. Baina min hartu nuen, eta gura baino denbora gehiago egon naizela jokatu ezinik. Egun, lesio aurretik nuen erritmoa eta joko maila berreskuratu gura ditut.

Nola amaituko da gaurko derbia?

Athleticen garaipenarekin, eta, gainera, golik ez diote sartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.