Aurkari historikoari, itxura berria

Gizonezkoen Euskal Selekzioa zelaira itzuliko da hiru urte eta erdi pasaren ondoren. Uruguai izango du aurkari, San Mamesen. Jagoba Arrasatek estreinaldia egingo du euskal herritarren aulkian.

Asier Villalibre Athleticeko jokalaria, Costa Ricaren aurkako partidan. RAUL BOGAJO / FOKU
Asier Villalibre Athleticeko jokalaria, Costa Ricaren aurkako partidan. RAUL BOGAJO / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2024ko martxoaren 23a
05:00
Entzun

Euskal Selekzioak zelairako urratsa egingo du gaur, azken aldiz jokatu eta ia lau urtera. 2020ko azaroan lehiatu zuen orain hurrena, baina Ipuruako neurketa haren trazarik ez du izango San Mameseko norgehiagokak. Izan ere, asko dira bi lehien arteko ezberdintasunak. Lehenik, koronabirusaren pandemia betean jokatu zuten Eibarko (Gipuzkoa) neurketa hura, zalerik gabe, eta, oraingoan, 30.000 lagun baino gehiago bilduko dira Bilbon. Bigarrenik, Costa Rica selekzio ahula izan zuen aurkari, eta tradizio handiko eta etorkizun oparoko Uruguai izango du oraingoan. Hirugarrenik, Jagoba Arrasate estreinako aldiz eseriko da etxekoen aulkian, ez Javier Clemente. Laugarrenik, euskal herritarren jokalari multzoa asko itxuraldatu da ordukoarekin alderatuta.

Euskadiko Futbol Federazioak FIFA futbolaren erakunde gorenak selekzioentzat gordetako data baliatu du munta handiko aurkari bat lotzeko. Ez alferrik, Munduko Kopa birritan irabazi du Uruguaik —1930ean bere herrialdean eta 1950ean Brasilen—, eta FIFAk haren baliokidetzat onartu dizkio 1924an Parisen eta 1928an Amberesen lortutako garaikur olinpikoak ere, urte haietan nazioarteko taldeek lehiatzeko modu bakarra zelako. Hala, Euskal Herrikoen aurkariek lau izar izango dituzte elastikoaren paparrean, gaur iluntzean. Marcelo Bielsa hautatzaileak maila handiko jokalariak deitu ditu; besteak beste, Ronald Araujo, Federico Valverde, Facundo Pellistri, Lucas Olaza, Manuel Ugarte eta Giorgian de Arrascaeta ariko dira San Mamesen.

Federazioak aspaldi agertu zuen gainontzeko selekzioen garai berean jokatzeko nahia, konbinatua nazioartean kokatzeko. Haatik, bi ahoko ezpata izan da hori, beste selekzioekin ere aritu ohi diren jokalariei eragin dienez. Esaterako, Realeko bost jokalari Espainiako selekzioarekin daude, baita Athleticeko lau ere.

Hala, kargua estreinakoz hartu du Jagoba Arrasatek, eta ezohiko zerrenda osatu du Uruguairen aurka jokatzeko. Martin Agirregabiria, Ander Gebara, Asier Villalibre eta Roberto Torres soilik izango dira aurreko aldikoak. Halaber, ohiko zenbait jokalariren lesioek, sasoiaren garai erabakigarriak eta beren klubekin dituzten gertuko norgehiagokek baldintzatu dute deialdia. Esaterako, zama fisikoa pairatu dute Igor Zubeldiak edota Iñaki Williamsek —Ghanak ere ez du deialdian sartu—, min hartuta daude Jon Guridi eta Aihen Muñoz, edota, asteburuan, Eibarrekin ariko da Jon Bautista. Azkoitiarra ez, beste guztiak aritu ziren 2020ko partidan. 

Uneari lotutako zerrenda

Egoera horretan, Berriatuko teknikariak han-hemenka jokatzen duten jokalariak biltzeko hautua eginda osatu du hogei laguneko zerrenda. Hala azaldu zuen hautatzaileak, deialdiaren berri emateko prentsaurrekoan: «Azken deialdietan, ziur aski, Athleticeko eta Realeko jokalariekin pilatu dute zerrenda, eta nahi genuen hori pixka bat zabaldu. Osasuna eta Alaves ere [Espainiako] Lehen Mailan daude, eta badituzte jokalari euskaldunak. Egia da Bigarren Mailan jardunaldia dutela eta ezin ditugula handik ekarri. Hemendik kanpora ere asko globalizatu da futbola, eta geroz eta jokalari gehiago ditugu. Ivan Martin edo Alvaro Djalo etortzea pozgarria da guretzat; nahiz eta guk deitu, haiek eman dute pausoa. Ilusioa agertu dute, eta guretzat oso erakargarria da».

Athleticek sei ordezkari izango ditu guztira: Julen Agirrazabala, Imanol Garcia de Albeniz, Dani Garcia, Mikel Vesga eta Adu Ares. Hiruna, berriz, Realak (Jon Ander Olasagasti, Aritz Elustondo, Jon Pacheco), Alavesek (Alex Sola, Ander Gebara, Andoni Gorosabel) eta Osasunak (Aitor Fernandez, Jon Moncayola, Unai Garcia). Euskal Herritik kanpoko taldeetan ari dira gainontzeko bostak: Roberto Torres (Goha Sinjar, Iran), Oier Zarraga (Udinese, Italia), Alvaro Djalo (Sporting Braga, Portugal), Ivan Martin (Girona, Herrialde Katalanak) eta Martin Agirregabiria (Famaliçao, Portugal). 

Haien guztien gidari, Arrasate Osasunako entrenatzailea. Hautatzaile berriak Jon Ansotegi laguna izango du alboan —Realeko teknikaria da—. Berriatukoak (Bizkaia) dira biak, eta Arrasatek haur garaiko oroitzapenak ezagutarazi zituen prentsa agerraldian: «Ilusioz beteta etortzen ginen Berriatutik, umeak ginenean. Nork esan behar zuen orain hemen egongo nintzenik eta euskal selekzioaren hautatzaile izango nintzenik. Ilusio bat da; amets bat ez, hori ofiziala izanez gero baita, baina bada ilusio bat, eta hori nahi dugu helarazi».

Ofizialtasunaren aldarria

Hautatzaileak ez ezik, zenbait eragilek ere ofizialtasunaren aldarria egin dute partidaren atarian. Gu Ere Bai eta Gure Esku plataformak elkar hartuta aritu dira azken asteetan, eta eskatu dute partidara ikurrinak hartuta joateko. Halaber, ofizialtasunaren aldeko mahaia eratzeko deia egin dute, eta deitoratu dute 2018an UEFAren eta FIFAren egoitzetan egindako eskaerak «ezerezean» geratu izana.

Halaber, kantu jira bat egingo dute norgehiagokaren atarian, 18:00etan hasita. Indautxutik abiatu ostean, San Mamesera joango dira, eta, han, Jose Mari Iparragirreri olerkari eta bertsolariari omenaldi xumea egingo diote, bi herrialdeen arteko lotune izan baitzen.

EUSKAL HERRIA-URUGUAI

Euskal selekzioa: Aitor; Elustondo, Garcia, Pacheco, Albeniz; Vesga, Moncayola, Olasagasti; Torres, Djalo, eta Villalibre.
Uruguai: Mele; Varela, Araujo, Mendez,Viña; Ugarte, Bentancur, Valverde; Facundo Torres, Brian Rodriguez, eta Luciano Rodriguez.
Ordua: 20:00 (ETB 1)
Lekua: San Mames (53.269 ikusle)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.