«Aurkari bera berriz?»

Iragan astean lau t'erdikorako atariko bat elkarren aurka jokatu ondoren, Ezkurdiak eta Mendizabal III.ak gaur berriz neurtuko dituzte indarrak.

Joseba Ezkurdia eta Aitor Mendizabal, iragan asteazkenean Eibarren eginiko pilota aukeraketan. RAUL BOGAJO / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2013ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Lau t'erdiko txapelketako zozketaren gutizia izan zen. Aitor Mendizabal eta Joseba Ezkurdia gaurberriz ere elkarren aurka ariko dira Eibarren, Astelena pilotalekuan (17:00, ETB1). Hala suerta zitekeen, eta suertatu da; Murphyren legea. Iragan ostiralean elkarren aurka jokatu zuten Bergaran, Asperen atarikoan, eta Mendizabalek 22-10 irabazi zuen. Sebastian Gonzalezen lesioak, baina, txapelketaren atea ireki dio Ezkurdiari. Enpresak aurreratua zuen Gonzalez garaiz sendatuko ez balitz, atarikoaren galtzaileak ordezkatuko zuela.

Mendizabalek eta Ezkurdiak umorez kudeatu dute kasualitatea, eta garrantzia kendu diote. «Baten batek pentsatuko du ez dela bidezkoa, baina aurreko partida enpresako atariko bat zen, eta hau txapelketakoa», azaldu du Ezkurdiak. «Herrian bateren batek esan dit, 'zer, berriz lehengoaren aurka?'. Bada, hala suertatu da, eta kito», gehitu du Mendizabalek. Atarikoaren irabazleak partidako bideoa ikusi du; Ezkurdiak, aldiz, ez. «Irabazitakoak bakarrik ikusten ditut nik!». 2011n ere lau t'erdian elkarren aurka jokatu zuten, Elgetako torneoko finalean, eta orduan Ezkurdiak irabazi zuen (22-15). «Ordukoa bai, bideo hura behin baino gehiagotan ikusi dut. Erraz irabazi nuela dio Mendizabalek, baina ez dut hala gogoratzen».

Mendizabal ez zen faborito iragan ostiralean, baina, hala ere, irabazi egin zuen. Ezkurdia 4-8 aurreratu zen, baina defentsari esker piloteoa gogortu ondoren, 10-0eko partziala lortu zuen. Ezkurdiak ikasi zuen lezioa: «Hainbeste oparirekin ezinezkoa da». Biak aurrelariak izan arren, gaurko partida bi estiloren arteko talka izango da. Ezkurdiak luzean jokatuko du eta Mendizabalek motzean. Fisikoan ere aldea dute, Ezkurdia (1,91 metro) Mendizabal baino 22 zentimetro garaiagoa da. Pilota aukeraketan harrigarria izan zen bi sorten artean zegoen aldea: batenak, oso zakarrak; eta, bestearenak, biziak. Irabazleak Julen Retegiren aurka jokatuko du hurrengo kanporaketan.

Astelenako jaialdian txapelketako beste partida bat ere jokatuko da, Mikel Idoate eta Jon Jaunarenaren artekoa. Jaunarena 2. Mailako txapelduna izan zen iaz. Irabazleak Abel Barriola izango du hurrengo aurkari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.