ATHLETIC 2. LEVANTE 1

Aulkian zegoen gakoa

Levante irabazten hasi arren, Mikel Ricok eta Aritz Adurizek irauli dute partida bigarren zatian

Mikel Rico eta Aritz Aduriz, atzo Athleticen bigarren gola ospatzen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
2013ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Golak: 0-1: Barralek (33. min.); 1-1: Ricok (71. min.); 2-1: Adurizek (83. min.). Epailea: Fdez Borbalan. Txartel gorria: Athleticeko Adurizi (92. min.). Txartel horia: Athleticeko Laporte, Beñat eta De Marcosi; eta Levanteko P. Lopez, Ivantchitz, H. Rodas, Diop eta Nongi. Bestelakoak: 36.000 ikusle inguru San Mamesen.

Partida maldan gora dagoenean, soluzioak bilatzen ditu entrenatzaile batek. Arazoari irtenbidea emango dion neurriak hartzea izaten da bere erronka. Neurriak hartu eta asmatzea. Horixe gertatu zitzaion atzo Ernesto Valverderi. Athletic 0-1eko markagailuarekin joan zen aldageletara, baina bilbotarrek beste itxura bat eman zuten bigarren zatian. Valverdek Mikel Rico eta Aduriz sartu zituen zelaian, eta taldeak lehen zatian eduki ez zuen freskotasuna berreskuratu zuen. Atzoko garaipenari esker, Athletic bosgarren da sailkapenean, hamahiru jardunaldi jokatu eta gero.

Lehenengo 45 minutuek gorabehera handiak izan zituzten. Athletic indartsu atera zen zelaira; gola nahi zuen lehen minutuetan. Nahiz eta joko aldetik ez zen izan dizdira handirik, Athleticeko jokalariak askotan gerturatu ziren Keylor Navasen areara. Batez ere, ezker hegaletik. Ibai Gomezen erdiraketek arriskuan jarri zuten Levanteren atzeko lerroa. Horrela etorri zen lehen aukera, 3. minutuan, Ibairen jaurtiketa batekin.

Joaquin Caparrosen taldea, ordea, eroso zegoen zelaian. Defentsaren eta Diop eta Simaoren artean apenas zegoen tarterik, eta Athleticek ez zuen zirrikiturik aurkitzen. Baloia alde batera eta bestera mugitzen zuten Beñatek eta Iturraspek, baina sakontasuna falta zuen taldeak. Guillermoren lehen jokaldiak esnatu zituen zaleak. Iturraspek bere lasterketa ikusi eta lehenengoan sartu zion sakonean baloia. Lezamako harribitxiak hamahiru minutu bakarrik behar izan zituen lehen txaloak entzuteko.

Athleticen baliabide nagusia Ibai zen. Izan ere, beste aldean, Juanfranek neurria hartu zion Susaetari; azken horren eta Iraolaren arteko konexioa falta izan zuen taldeak lehen zatian. Levanteren gola Athletic unerik onenean zegoenean etorri zen. Xumetrak primeran hartu zion aurre eskuin hegaletik De Marcosi, eta Barralek bi jaurtiketa behar izan zituen Iraizozi gola sartzeko. 33. minutua zen, eta hortik aurrera Athletic txiki egin zen. Valverdek, ordea, partidaren noranzkoa aldatuko zuen erabakia hartu zuen atsedenaldian.

Aldaketekin, hobeto

Haize freskoa ekarri zuten Mikel Ricok eta Adurizek. Athleticek sakontasuna irabazi zuen erdilariaren zelairatzearekin, eta erraztasun handiagoarekin iritsi zen Keylorren ate ingurura. Ricok berak egin zuen lehen jaurtiketa 48. minutuan area kanpotik.

Nabari zen Athleticen itxura aldaketa, eta hurrengo abisua Adurizek eman zuen buruz, 60.ean. Golaren aurrekaria izan zen. Hamar minutu geroago, Mikel Ricok banakoa sartu baitzuen, baloia zetorkion bezala astinduta. Lehen zatian ez bezala, Athleticek zuloa aurkitu zuen eskuin hegalean. Levante ezinean aritu zen bigarren zati ia osoan zehar, eta azken ordu laurdenean Athleticek estu hartu zuen. Estualdiaren seinale, Ibaik sarturiko gola izan zen. Hori bai, marrazainak legez kanpo utzi zuen jokaldia, bilbotarra jokoz kanpo baitzegoen. Azkenean, Adurizen burukada bikainari esker, puntuak etxean geratu ziren.

San Mamesek porrotik ezagutu gabe jarraitzen du denboraldi honetan, eta atzoko garaipena primeran datorkie jokalarie hurrengo asteko atsedenaldia dela eta. Hurrengo jardunaldian, Athleticek Malagaren aurka jokatuko du etxetik kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.