Iñaki Bea. Eibarreko bigarren entrenatzailea

«Aulkian hutsik ez egiteak sortzen dit tentsioa orain»

Hirugarren eta azken partida beteko du zigortuta gaur Jose Luis Mendilibarrek, eta haren ordez ari da aulkian. Jokalari ohiak ez du uste entrenatzaileak erabakigarriak direnik partidetan.

Aitor Manterola Garate.
Arrasate
2017ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Egunerokoa bete-betean bizi zalea da Iñaki Bea (Amurrio, Araba, 1978). Horrela ari da lanean Eibarren aurreko sasoitik, Jose Luis Mendilibarren laguntzaileetako bat bezala. Abila da umorea jartzen taldearen barruan, eta edozein egoera baliatzen du ingurukoei barrea ateratzeko.

Aulkian izango zara gaur ere, entrenatzaile nagusi gisa. Ardura handiagoa sentitzen ari zara?

Ez. Azkenean, asteko lana da garrantzitsuena, eta badakigu entrenatzaileak zer nahi duen. Beste era batera bizitzen ari naiz, tentsio gehiagorekin; hori da aldaketa bakarra. Erlatibizatu egin behar da partidetakoa, ez dut uste puntuak hor galtzen edo irabazten direnik; asteko lana da garrantzitsuena.

Eguneroko lanean azaldu behar du, orduan, entrenatzailearen lanak partidetan baino gehiago?

Baiezkoan nago. Partidaren itxura alda dezake entrenatzaileak neurri batean, baina egoera jakin batzuetan bakarrik, jokoa bizi-bizi jartzen denean, zelaikoen ardura baita, hor ezin da ezer aldatu.

Jokoa jokalariena da, beraz.

Erabat. Partidetan bai behintzat. Jokoaren bizitasunak eta erritmoak hala eskatzen du.

Mendilibar zigortua dagoen honetan, gai zara erabakiak zuk zeuk hartzeko baldintzatu gabe zer pentsa lezakeen berak?

Bera okerrago dago harmailan;nire pentsamendu nagusia da aulkiko lanean hutsik ez egitea orain. Gainera, komunikazioa dago bera eta aulkian gaudenon artean.

Berak esandakoa ahal den neurrian baztertu eta zurea ezartzeko tentazioa izan duzu?

Begira, Manixek [Manix Mandiola] behin hau esan zidan: «Normalean, aldaketak egitean, denok bat etortzen gara zein jokalari kendu behar den erabakitzean. Zaila izaten da zein sartu asmatzea». Tentaziorik ez dut izan. Gerta daiteke Mendilibarrek gauza bat esatea eta nik bestea, eta halakoetan, berea nagusitzen da, bera delako entrenatzailea. Bera dago nire gainetik, eta bakoitzak jakin egin behar du zein lan duen.

Zure lana jokalarien akatsak zuzentzera mugatzen ari da orain?

Bai. Mendilibarrek ezin du hori egin harmailatik. Osasunaren aurka, ikusi genuen ez ginela ari iristen bigarren jokaldietara, eta zuzentzen aritu ginen. Beste guztia, aldaketak erabakitzea eta hori dena, denon artean egiten ari gara, baina betiere bere iritzia gailentzen da. Aulkian dagoenean ere ematen dugu iritzia galdetzen diogunean; beste batzuetan, berak hartzen du erabakia galdetu gabe; ondo dago, bera da entrenatzailea.

Gustua hartzen ari zara entrenatzaile nagusi izateari?

Ez diot aparteko garrantzirik ematen. Badakit hiru partidetako kontua bakarrik dela. Bizitzak erakutsi dit ez pentsatzen geroan, hau edo beste izan nahi dut buruan izateari ez diot zentzurik ikusten. Austrian eta Alemanian jokatu eta gero, ikasi dut unean unekoa bizi behar dela, eta gozatu ere bai. Mendilibarrekin lan egitea ederra da, askatasuna ematen digulako eguneroko lanean, eta eskatu ere asko eskatzen digulako. Talde bat gara teknikari guztiok.

Zuri tokatzen zaizu jokalariekin gertuko harremana izatea?

Mendilibar bera da gertukoa, eta beharrik ere ez. Taldeko lana da, eta batzuk nirekin hobeto moldatzen dira, eta beste batzuk atezainen entrenatzailearekin.

Nolatan elkartu zinen Mendilibarrekin?

Levantera joan zenean, ez zuen bigarren entrenatzailerik, klubak ez ziolako jarri, eta Toniren bidez [Toni Ruiz, prestatzaile fisikoa] nire izena atera zen, onartu egin zuten alde guztiek, eta harrezkero nabil Mendilibarrekin.

Inoiz pentsatu izan zenuen entrenatzaile izatea?

Mendilibar entrenatzaile izan nuen Valladoliden, eta gustatzen zait bere jokatzeko modua. Baina hortik entrenatzaile izatea...

Alemanian eta Austrian zer galdu zitzaizun?

[Barrez] Ezer ez. Innsbruckera joan nintzen, eta ederra lekua! Gogoa neukan kanpora joateko, eta garbi nuen Austria bezalako herrialderen bat izan behar zuela, jokalaria ondo zaintzen dutelako. Erasmus moduko bat egin nahi nuen, baina dirua irabaziz. Alemana ikasten buru-belarri aritu nintzen, banekielako futbolean jarraitzeko ateak irekiko zizkidala, eta hala gertatu zen gero. Austriatik Alemaniara joan nintzen, baina dena gaizki atera zitzaidan. Futbola utzi, eta jokalarien agentzia batekin hasi nintzen, Alemania eta Austriako jokalariak hona ekartzeko asmoz, eta hemengoak hara eramateko.

Nahiago duzu oraingo lana?

Bai. Dudarik gabe.

Taldeak arriskua dauka ez gora eta ez behera geratzeko?

Iaz hori gertatu zitzaigun. Taldeak ez dio utziko bere buruari joaten, heldua delako. Lehen hamarren artean sailkatzea da helburua.

Eta Europa?

Ez da xedea, ondorioa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.