Lehen Mailara iristea ez da samurra, eta are eta zailagoa da onenen artean egonkortzea. Atezaina izanez gero, are eta gehiago kostatzen da. Lehenik, postu bakarra dagoelako jokatzeko. Bigarrenik, atezaina ez delako aldaketen jokoan sartzen; lesiorik edo txartel gorririk tartean ez badago, neurketa hasi duenak amaitzen du lehia. Eta, hirugarrenez, entrenatzaileei kosta egiten zaie gazteen aldeko apustua egitea. Gehienetan ez dute arriskatzen. Hortaz, ordezko atezainak entrenamenduetan ondo aritzeaz gain, aukera iristen zaionean aprobetxatu beharra dauka.
Julen Agirrezabalak eman dizkioten aukera guztiak baliatu ditu. Marcelino Garcia Toral izan zen bere aldeko apustua egin zuen lehen teknikaria. Bada, Agirrezabalak lehen partidatik erakutsi du onenen artean badaukala lekua. Atepean azkarra eta bizia da, eta geldiketa apartak egiteko gai da. Baina, batez ere, zelaian erakutsi duen nortasunak eta patxadak harritu ditu zaleak. Jokatu dituen partidetan hamar urteko eskarmentua baleuka bezala aritu da. Sekulako lasaitasuna eta konfiantza eman dizkio taldeari. «Julen oso seguru agertu da jokatu dituen partida guztietan. Sentsazioak oso onak dira. Haren bilakaera oso interesgarria da. Asko ari da hazten. Gainera, klubean oso ondo ari dira kudeatzen bere ibilbidea», adierazi du Juanjo Valenciak (Donostia, 1971). Valenciak badaki zer den talde zuri-gorriaren atea zaintzea. Zazpi urtez defendatu zuen lehoien atea (1992-1999). Beraz, ondo daki zer den gorengo mailan aritzea. Baita zer-nolako zama daukan Athleticen atea defendatzeak; Iribar, Carmelo, Zubizarreta eta enparauen itzala handia da. Gainera, Julenek ez dauka jarraitutasunik. Jokatzeko aukera ematen dioten partidatik hurrengo neurketara denbora dezente igarotzen da, eta horrek zaildu egiten du kontua. «Taldean sartu eta irtetea ez da erraza. Entrenamendu onak egitea oso ondo dago, baina ez da nahikoa. Astero lehiatzeak beste zerbait ematen du. Hala ere, Juleni ez zaio nabaritzen aulkian pasatzen duen denbora. Jokatzen duen bakoitzean oso ondo aritzen da».
Agirrezabalak Unai Simon du ispilu eta, era berean, lehiakide. Egun Simon da zuri-gorrien atezain nagusia. Oraingoz Kopan eta Murgiakoaren lesioek edo zigorrek ematen dizkioten partidak jokatzearekin konformatu behar du hasiberriak. Hala ere, elkarri mesede egiten ari direla iritzi dio Valenciak. «Euren arteko lehiak aberastu egiten ditu. Simon ezin da erlaxatu, eta, era berean, Agirrezabalak asko ikas dezake eskarmentu handiko atezain batengandik. Ziur naiz bere hazkunde prozesuan asko ari zaiola laguntzen Lezaman Unairekin batera egiten ari den lana». Kontua da egoera horri luzaroan eustea ez dela erraza izango. Maila handiko atezain bi dira, eta, ondorioz, lehenago edo geroago erabaki bat hartu beharko dute Ibaiganen. Egun hori iritsi bitartean presa barik jokatzeko gomendatu dio atezain ohiak: «Julenen kasuan lasai jokatuko nuke. Uste dut asko hobetu dezakeela egun dagoen egoeran. Atezainen kirol ibilbidea luzea da, eta 22 urterekin ez da presarik izan behar».
Bartzelona San Mamesen
Unai Simon osatu ez denez, Julenek jarraituko du zuri-gorrien atea defendatzen Bartzelonaren kontra. Xavik zuzentzen duen taldea ligako lider sendoa da. Sei punturen aldea dauka Real Madrilekiko, partida bat gutxiago jokatuta, eta beste urrats bat egiten ahaleginduko da San Mamesen. Etxetik kanpo bi partida baino ez ditu galdu. Athletic, berriz, joko eta emaitza bolada txarrari amaiera ematen ahaleginduko da. Vallecasen arnasa apur bat hartu zuen, baina Europarako sailkatzea ihes egiten ari zaio. Sancet zigortuta dago, beraz, Valverdek ezin izango du taldeko golegilerik onena zelairatu. Yeray, berriz, hamaikakora itzul daiteke partida bateko zigorra bete ostean. Aste barruan kili-kolo ibili diren Yuri eta De Marcos prest daude. Bartzelonak ere jokalari garrantzitsu batzuk falta ditu: Araujok, Dembelek eta Pedrik ezin izango dute jokatu. Lewandowsy, aldiz, osatu da.
Aulkia txiki geratu zaio
Athleticek ondo zainduta dauka atea. Julen Agirrezabala bikain aritu da Valverdek zelairatu duen bakoitzean. Unai Simonek aurkari gogorra dauka atezain postuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu