Futbola. Euskal entrenatzaileak atzerriko selekzioetan

Aulki jokoan, bat hutsik beti

Xabier Azkargortak ireki zuen urruneko bidea 1993an, Bolivian. 20 urte geroago, han da berriz. Beste bi euskal entrenatzaile ere urruti dira: Javier Clemente Libian, eta Andoni Goikoetxea Ekuatore Ginean.

Aitor Manterola Garate.
2013ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Entrenatzailea entrenatzaile da bere herrialdean edota munduko beste edozein bazterretan. Futbola unibertsala izanik, edonon dute lan egiteko aukera, eta horretarako prest egon beharra daukate. Azken urteetan, gainera, esan daiteke zabaldu egin dituztela ateak zenbait herrialdek kanpoko entrenatzaileentzat. Lehen, muga fisikoak ez diren horiek jartzen zituzten, baina orain ez. Garai batean, banaka batzuk ziren, esaterako, Afrikako selekzioak entrenatzen zituzten europarrak. Orain, gehiago dira. Asiako mugak ere ireki egin dira zenbait kasutan, eta Hego Amerikan ere bada adibide bat edo beste.

Hego Amerikako berri badaki zerbait Xabier Azkargortak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1953). Badira hogei urte maleta hartu eta Bolivian azaldu zela. 1993an deitu zioten Boliviako Federaziotik, hango selekzioaren ardura hartzeko. Albistearen berria esatean, futboleko zale batek baino gehiagok esan zuen «nora doa Azkargorta?». Kontu erabat berria zen euskal entrenatzaile bat atzerrira joatea, zertara eta selekzio ia ezezagun bat entrenatzera. Azkargorta berari ez zitzaion damutu, ez, erabakia hartzea; ezta Boliviako futbolaren agintariei ere. Berehalakoa izan baitzen arrakasta: 1994ko Munduko Koparako sailkatu zuen Bolivia Azkargortak, historian aurrenekoz.

Herrialdeko pertsona maitatuena bilakatu zen, eta Kiroletako ministro izateko eskaintza ere egin zion Gobernuak. Baina Munduko Koparen ondoren, Bolivian ez jarraitzea erabaki zuen: «Nire izena indar handiegia hartzen ari zen orduan, eta ez nuen nahi hala izatea. Horregatik joan nintzen», aitortu dio BERRIAri. Erabaki hura ez zuten denek ulertu, baina beste hau gerta zitekeela askoren buruan eta bihotzean zegoen: Boliviara itzultzea.

Iaz egin zuen buelta, berriz ere selekzioaz arduratzeko. Idatzita zegoen zerbait izango balitz bezala: «Hala ematen du, eta jende askok esaten du hori. Orduan, alde egin nuenean, askok ez zuten ulertu zergatik joan nintzen, eta esaten zuten itzuli egingo nintzela; halaxe gertatu da, azkenean». Itzuli zen, eta ordurako, hasia zen 2014ko Munduko Koparako sailkatze fasea. Azkargortak amaitu du fasea, eta Bolivia ez da sailkatu. Eztabaida sortu da, azkargortak lanean segitu behar duen edo ez, baina Federazioak jarraitzeko aukera eman dio datorren urteko iraila arte; orduan amaituko du agintaldia oraingo agintari multzoak. Azpeitiarra onartzekotan da: «Herrialde honi diodan maitasunagatik, geratu egingo naiz». Beste urtebetez, behintzat, han ariko da, eta hurrengo erronka 2015eko Amerikako Koparako prestatzea izango du; hori bai, jakin gabe bera izango den edo ez txapelketa horretan. Lanerako baldintza onenak ez dira, baina horretatik ere badu eskarmentua; esate baterako, Txileko entrenatzaile izan zen tarte laburrean [1995tik 1996ra] deseroso ibili zen, ez baitzuen jendearen babesik lortu. 1998ko Munduko Koparako sailkatze fasea hasi orduko, utzi egin zuen lan hura, eta munduan barrena segitu zuen. Japoniara joan zen, Yokohama Marinos taldea entrenatzera. Gero, Mexikoko Chivasen ere aritu zen.

Clementeren erronka

Ez da geldirik egotekoa Javier Clemente ere (Barakaldo, Bizkaia, 1950). Azkargortaren pare, Euskal Herritik kanpo eta urrun lan gehien egiten ari den entrenatzailea da. Libian dago orain, bi urteko kontratuarekin. Aurretik, Espainiako selekzioa zuzendu zuen hainbat urtez, eta gero Serbian eta Kamerunen ere izan zen. Oraintxe hasi da Libian entrenatzen, eta erronka handi bat dauka emaitzetan: «2015eko Afrika Koparako sailkatu nahi dugu, eta 2018ko Munduko Kopara ere bai, oso gutxitan aritzen baita Libia txapelketa horietan; gutxitan, edo ia inoiz ez». Libia ezagunagoa da berriki izan duen gatazkagatik futbolagatik baino. Hala ere, Clemente erronka zalea da: «Gustatu zait Federaziokoek eskatu didatena. Ez didate esan emaitzak lortzeko; eskatu didate hemengo futbola hobetzeko, eta hori sekulakoa da. Inoiz ez didate antzeko ezer esan lanen bat eskaini izan didatenean». Hobetzeko bide horretan dago hango ligari indarra ematea, gatazkak iraun duen bitartean geldirik egon baitzen: «Partidak ateak itxita jokatzen dituzte, ikuslerik gabe. Gobernuak ez du nahi oraindik jende asko leku batean pilatzea». Hor dabil, partidak ikusten, zuzenean eta bideoetan:«Lan faltarik ez daukagu. Orain, Tunisiara goaz hiru asterako, partida batzuk jokatzera eta entrenatzera». Txalet batean bizi da bere bi laguntzaileekin: Alex Fernandez eta Ramon Catala. «Ez daukagu ezertarako astirik. Bilera asko ari gara izaten, jokalariak eta partidak ikusten denbora asko ematen dugu, eta lanerako gaude hemen», azaldu du. Hori bai, astia eman dio kaleko jendearen gustuak zein diren jakiteko futbolean: «Espainiako liga ezagutzen dute, eta ez bakarrik Real Madril eta Bartzelona. Athletic ere ezaguna zaie, gogoan dutelako bi handiei nola irabazi genizkien ligak aurreko mendeko 80ko hamarkadan».

Egin ditu entrenamendu batzuk taldearekin, eta ondorio hau atera du: «Teknika aldetik-eta onak dira, baina mantso jokatzen dute, bizitasuna falta zaie. Taktikaren arloan ere badago zer landua». Ez da aspertuko Clemente Libian. Eta bere izaerarekin, libiarrak ere ez berarekin.

Goikoetxea jarraitzekotan da

Clementeren jokalari izan zen Athletic handi hartan Andoni Goikoetxea (Alonsotegi, Bizkaia, 1956), eta gero, haren laguntzailea Espainiako selekzioan. Harrezkero, hainbat taldetan aritu da, eta orain, Afrikan da, Ekuatore Ginean: «Martxoan sinatu nuen hitzarmena, eta orain bukatzen zait. Baina entzuten denagatik, jarraitzeko aukera emango didatela uste dut». Gustura dago herrialde hartan, nahiz eta onartzen duen selekzioaren maila ez dela oso handia: «Espainiako ligekin alderaketa eginez gero, hemengo jokalariak Bigarren B Mailan ariko lirateke, eta hortik atera kontuak». Hala ere, baditu Europan ari diren pare bat jokalari: Javier Balboa (Estoril Portugalgo taldean ari da) eta Emilio Nsue Realeko jokalari ohia (Mallorcan ari da).

Gineara heldu zenean, selekzioa Munduko Koparako sailkatzeko fasea ari zen jokatzen: «Ez gara sailkatu, jakina, baina partida onak egin ditugu. Lagunarteko batzuk ere jokatu ditugu, eta aldaketa nabaritzen da. Uste dut agintariak eta zaleak gustura gaudela gurekin». David Sanchis du prestatzaile fisiko lanetan, eta hotel batean bizi dira, Malabo hiriburuan: «Ondo gaude, eroso. Zaindu behar dena da malaria eta antzeko gaitzak ez harrapatzea». Eta nola ez, orain betetzen duten aulkia hutsik ez uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.